Jon Ormazabal
Elkarrizketa
Unai Alberdi
Baiko-ko aurrelaria

«Polita da bi anaia hor egotea; elkarren aurka tokatzen denean ez hainbeste»

San Sebastian ospatu gabe geratu dira Azpeitian, baina, bertako pilotazaleak gustura egoteko moduan dira, Unai Alberdiren debutarekin herriko hiru pilotari arituko dira profesional gisa eskuz eta garai bateko txantxari buelta emateko moduan dira, «azkoitiar torerorik» ez baitugu ezagutzen.

Unai Alberdi
Unai Alberdi (Unai DEMI/KROLZALE)

Bizilegea omen da eta iraganak eta etorkizunak bat egingo dute gaur gauean Azpeitiko Izarraitz pilotalekuko jaialdia irekiko duen partidan. Alde batetik, Unai Alberdi gazteak (Azpeitia, 2002) bere ibilbide profesionaleko lehen partida jokatuko du, noren eta bere azken kartutxoak erretzen ari den Oinatz Bengoetxearen aurka. Gauzak horrela, 19 urte baino ez dituen aurrelariak betidanik miretsi duen pilotari baten aurka jokatzeko aukera izango du, duela hiru urte pasatxo bere anaia Jonek egin zuen bezalaxe, biek ere herriko pilotalekuan.

Debutatzeko eguna bertan da; ilusioz gainezka egongo zarela pentsatzen dut.

Egun polita izango dela pentsatzen dut. Ea dena ondo joaten den eta gustura irteten garen frontoitik.

Lehenengo partida handia jarri dizute, gainera; Oinatz Bengoetxearen aurka, justu-justu harrapatuko duzu...

Bai, oso polita. Debutatzeko esan zidatenean aurreneko gauza hori esan nuen, ea posible zen Oinatzen kontra debutatzea. Enpresa alde horretatik ongi portatu da eta oso gustura nago.

Beti izan da zure gustuko pilotarietako bat?

Bai, hala izan da, erreferente bat, bai kantxa barruan eta baita kanpoan ere, handietako  bat izan da. Anaiak ere bere aurka debutatu zuen. Nik ez nuen aukera hori galdu nahi eta ea ondo joaten den.

Jon eta zu, gainera, koadroko anaia bakarrak izango zarete.

Hala da. Merinotarrak eta Gorka eta Victor izan ziren azkenak eta, egia esan, polita da etxerako. Elkarren kontra jokatzen dugunean, ez hainbeste. Etxean igual pike pixka bat egongo da, baina bietako batek irabaziko du eta garaipena etxean geratuko da.

«Debutatzeko esan zidatenean aurreneko gauza hori esan nuen, ea posible zen Oinatzen kontra debutatzea eta enpresa portatu da alde horretatik»

Anaiak aholku bereziren bat eman dizu?

Ez, beste mundukorik ez,  egun hori gozatzeko, ederra izaten dela eta hortik aurrera etorri behar dena etorriko dela. Hori bai, bere bidez profesional mailako funtzionamendua nolakoa den gertutik ezagutzeko modua izan dut.

Azpeitiarentzat ere ez da makala hiru profesional izatea; norbaitek egin du lana atzetik...

Bai, noski. Hemen bai klubekoak bai etxekoak, egia esan, lan handia eginak daude, frontoiak ere mordoxka bat ditugu herrian, afizio handia dago eta, gero, Herriartekoaren kontu horrekin ere azpitik badator jendea eta ea irauten duen.

Ezagutzen ez zaituenarentzat, nolako pilotaria da Unai Alberdi?

Esango nuke bi esku antzekoak ditudala; nahiko ausarta eta borrokalaria, ez dut etsitzen eta kantxan dena ematen duena. Agian, eskuinez indar eta kolpe pixka bat hartzea falta zait, baina horretan ari gara lanean azkenaldian.

Azken urteetan afizionatuetan zure bidetxoa eginda helduko zara profesionaletara; txapel batzuk-eta irabazita, behintzat, bai.

Egia esan, azken bi urteak nahiko onak egin ditut, txapel batzuk irabazi ditut, eta alde horretatik pozik, baina hilabete daramat jokatu gabe eta ez dakit nola erantzungo dudan berriz ere. Entrenatzen-eta berdin-berdin jarraitu dugu.

«Momentuz partida batzuk jokatu eta maila apur bat hartu nahi dut»

Helbururik jarri diozu zeure buruari edo nahiago egunean egunekoan zentratu?

Momentuz partida batzuk jokatu eta maila apur bat hartu nahi dut. Aurkari denak oso gogorrak izango dira eta ea horiekin lehiatzeko moduan garen.

Debutean Oinatzen aurka arituko zara, baina normalean parean izango dituzun horietako asko ezagunak izango dituzu afizionatuetatik. Koadroa nahiko gaztea da.

Bai, batzuekin kointziditu dut. Igual nik gaztetan jokatu eta nire ondoren jokatzen zuten askok. Gero, anaiaren bitartez ere asko jarraitzen nituen eta ezagunak ditut eta eurekin entrenatzen ere pare bat urte badaramatzat.

Entrenamendu horietan ikusitakoaren arabera, salto handia dago afizionatuetatik profesionaletara?

Bai, batez ere jokatzen den erritmoa eta aurkarien maila nabarmenduko nituzke, askoz exijenteagoak dira afizionatuetan baino. Partidetako materiala ere desberdina da, baina pilota mota hauekin asko entrenatu naiz eta horrek ez nau gehiegi arduratzen.