Naiz

Ehundik gora dira Yemenen aire-erasoan hildako presoak

Gurutze Gorriak ehundik gora hildako zenbatu ditu  Yemengo iparraldean hutien gartzela baten aurkako aire-erasoan. Saudi Arabiak  erasoa ukatu du baina egoitza «objetibo legitimoa» zela ziurtatu du. Emirerriek ere hutien aurkako mendekua iragarri zuten.

Bonbardaketek presondegia guztiz suntsitu zuten.
Bonbardaketek presondegia guztiz suntsitu zuten. (AFP)

Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeak jakitera eman duenez, ehundik gora dira Saudi Arabiak zuzentzen duen koalizio militar suniak Yemen iparraldeko Saada probintzian bart egin zuen aire-erasoan.

Saada probintzia hutien gotorlekua da. Zaidi gutxiengo xiitaren artean sortu zen hutien mugimendua 2014an matxinatu eta Sanaa Yemengo hiriburua hartu zuen, boterea eskuratuz.

Yemengo gobernuak hegoaldera ihes egin behar izan zuen eta Saudi Arabiari babesa eta laguntza eskatu zion.

Ordutik hona, egun munduan gertatzen ari den ezbehar humanitariorik larriena eragin duen gerra pairatzen ari dira yemendarrak.

Mugarik Gabeko Medikuen erakundeak gartzelaren aurkako «eraso ikaragarria» salatu du eta 70 hildako eta 134 zauritu zenbatu ditu hospital bakar batean.

Hutiek iragarri dutenez, preso asko omen daude oraindik egoitzaren hondakinen artean. Gosetearen aurkako Ekintza, Oxfam eta Save the Children GKEek hildakoen artean asko etorkin beltzak direla ziurtatu dute.

Gurutze Gorriak dei egin du «zibilen bizia babesteko eta oinarrizko zerbitzuak, ospitalak, eskolak eta gartzelak ez erasotzeko» exijitu du.

Eskaera bera egin zuen bart Antonio Guterres Nazi Batuen Erakundeko (NBE) ordezkari nagusiak. «Zibilen eta azpiegitura zibilaren aurkako erasoak debekatu egiten ditu Nazioarteko Eskubide humanitarioak», gogora ekarri zuen.

Saudiarrak ala emirerriarak? Bost axola hildakoei

Saudi Arabiako Defentsa ministroak, Turki al Malkik, ukatu egin du bere hegazkinek eraso hori egin izana. Hala ere, Saadako atxiloketa zentroa NBEaren bonbardatu ezinezko zerrendan ez dagoela ziurtatu du. Are gehiago, Gurutze Gorriak ere inoiz ez diela ohartarazi zentro hori ez erasotzeko gaineratu du militar saudiak.

Ryaden ukazioaren inguruan, Arabiar Emirerri Batuek ez dute tutik esan aire-eraso odoltsuaren inguruan baina hutiak jo-mugan ditu azken egunetan. Izan ere, aste hasieran Abu Dhabi Emirerrien aireportuari eta industrialde bati eraso egin zioten huthiek dronak erabilita. Hiru hildako eragin zituen.

Yemengo hegoaldeko milizia soberanistak erabilita, Emirerriek berezko agenda aurrera eraman dute Yemenen azken bi urteetan, Saudi Arabiaren haserrerako,

Hala ere, azken aldian bakea sinatu dute Abu Dhabik eta Ryadek Yemenen elkarrekin gerra egiteko.

Hutiek Emirerriei kontraerasotzeari ekin diote. Urtarrilaren hiruan Emirerrien ikurra zeraman itsasontzi bat eskuratu zuten Itsas Gorrian.

Berrindartu den koalizio suniak aire-eraso kanpaina bortitzari ekin dio aste honetan. Sanaa hiriburuak urteetako bonbardaketarik odoltsuena pairatu du (14 hildako) eta huthien kontrolpean dagoen Hodeidako portuaren kontyrako erasoak Yemengo herrialde osoa internetik gabe utzi du.