NAIZ

Egiaren batzorde bat proposatu du Foro Sozialak, Estatuaren indarkeria kasu guztiak argitzeko

Foro Sozial Iraunkorrak Estatuko biktimen artean oraindik argitu gabe dauden kasuak agenda politikoan sartzea eskatu du eta, horretarako, egia batzorde batean sakontzea, argitu edo ikertu gabeko urraketak argitzea eta erreparaziorako politika publikoak indartzea proposatu du.

2019an Foro Sozialak eta Estatuaren biktimek egindako topaketa.
2019an Foro Sozialak eta Estatuaren biktimek egindako topaketa. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Argitu gabeko Estatuaren indarkeria kasuetan jarri du ikusmira Foro Sozialak eta hauek bideratu eta agenda politikoan sartzeko proposamen zehatz bat igorri du.

‘Bizikidetza demokratikoaren Itun Sozial eta Instituzionalerako Oinarriak’ izeneko dokumentuan aurreratu moduan, «egia batzorde bat» sortzeko beharra azpimarratu dute «txosten ofizialak, sekretu ofizialen lege berria eta abar bezalako mekanismoetan sakontzea, biktima guztiek egia jakiteko aukera izan dezaten eta beren mina sendatzen aurrera egin dezaten».

Era berean, «inoiz argitu gabeko, ikertu gabeko edo ondorio penalik gabeko urraketak» ere argitu behar direla azpimarratu du Foro Sozialak. «Horretarako, espetxeratzearen alternatibak bilatu beharko lirateke, ezarritako nazioarteko parametroen barruan».

Bestetik, «erreparaziorako politika publikoetan erakundeak eredugarriak izatea lortu» behar dela iritzi du, «oraindik existitzen diren diskriminazio sentimenduetan ez sakontzeko eta biktima guztiak berdintasunez tratatzeko».

Datu ofizialen arabera, hildakoei dagokienez, 364 dira Estatuaren biktimak, beren adierazpide desberdinek eragindakoak (GAL, BVE, Triple A edo polizia desberdinak). Horietatik %38 argitu gabeko kasuak dira. «Biktima guztiek dute egia, justizia eta erreparaziorako eskubidea. Ildo horretatik, helburua mota guztietako biktimekiko bereizkeria, hitzezkoa edo ekintzazkoa, gainditzea da, eskubideak urratzen dituzten eragileen arabera bereizkeriarik edo kategorizaziorik egin gabe», nabarmendu du Foro Sozialak.

Hala ere, helburu hau «oraindik urrun» ikusten du. «Eredugarriak izan beharko luketenen aldetik, erakundeek eta alderdi politikoek, batez ere, berdintasunezko trataera erakustetik oso urrun gaude oraindik».

EAEko 12/2016 Legeak sentimendu hori «indartu» eta Estatuaren biktimek politika instituzionaletan duten konfiantzan «haustura sakona» eragin dutela nabarmendu dute, baita justiziarekiko «mesfidantza areagotu» egin dutela azpimarratu dute.