Nerea Goti

Argitalpen batek plazara itzuli ditu kondaira zaharrak irudi berriz jantzirik

Floren Usia Barbara orozkoarrak irudiak jarri dizkie herriko memoria kolektiboan menderik mende gorde diren sei kondaira zaharrei. Ahozko transmisioaren hari luzeari katebegi berri bat erantsi dio paperean, bere trazuarekin, legatu hori zabaldu eta agian eskolan katebegi berriak sortzeko.

Floren Usia Barbara, «Orozko haraneko kondaira mitiko ilustratuak» lanaren egilea. (Aritz LOIOLA | FOKU)
Floren Usia Barbara, «Orozko haraneko kondaira mitiko ilustratuak» lanaren egilea. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Gabonekin, herriko kondaira zaharren memoria kontserbatzeaz batera kultur ondarearen ale horiek herriko bizitzaren lehen planora itzuli dituen argitalpena kaleratu berri dute Orozkon. “Orozko haraneko kondaira mitiko ilustratuak” du izenburua eta Floren Usia Barbarak sinatzen du lana. Komikien antzerako estilo grafikoko publikazioan, sei kontakizun labur eta errotariek antzina kontatzeko erabiltzen zuten sistema dezimala berreskuratu ditu egileak.

Argitaratutako ale gehienak doan banatu dituzte herrian. Eta aitzakia perfektua bilakatu da oraindik hainbat orozkoarren memorian izan arren gutxitan sortzen den gaia plazako hizketagai bihurtu eta ondarea zabaltzen jarraitzeko.

Tabernako apustu batekin hasi zen “Kanposantuan gauez” izeneko istorio hark ekarritako ikarazko unea; jentil bahitzaileak protagonista dituen kontakizuna eta Goirigitxiko baserriko gertaera eta olabarriatarren armarrian utzitako arrastoa; Bengoetxe aldeko fraidea “Kaoerrekan su eta gar” istorio horretan, edo lamina batekin maitemindu zen Urigoitiko mutilaren istorio ezagunak oroimenetik kalera itzuli dira neurri handi batean.

Istorio horietako asko oso ezagunak dira orozkoarren artean. Xehetasunik gabe, agian, baina oroitzapen urrun gisa bada ere, kontakizun horien zertzeladak hainbat etxetan kontserbatu dira. Horien memoriak bizirik dirauela baieztatu ahal izan du Floren Usiak.

«Supelaurreko kideekin museoaren aurrean aleak banatzen egon ginenean hurbiltzen zen jendea eta batek baino gehiagok komentatu zuen etxean entzunda zituela», gogorarazi du.

Argitalpena gradu ikasketen barruan landutako proiektuarekin jaio zen, baina ez da zeregin horretara mugatu. Larruzko zinta batekin lotutako hogei orrialde horien edukiaren itzala luzatu egin da dagoeneko. Kulturaren transmisioari eginiko ekarpen xumeak ibilbide luzeago bat izan nahiko luke, orain; eta dagoeneko, esan daiteke lortu ere lortu duela, lanak eskolako material gisa izan dezakeen erabileraren inguruan interesa agertu baitute hezkuntza munduko zenbait eragilek.

Keinu xume baten gisa jaiotako publikazioak, beraz, transmisioaren katebegi berri bat osatu du, eta horrek ondorengo berri bat ekar dezake atzetik, ezagutza denboran iraunaraziz.

Floren Usia laudioarra da jaiotzez baina Orozkon eman ditu azken 27 urteak. Hara eraman zuen lanak eta bertan finkatu zuen bizitza proiektua. Zubiaurren bizi da, Gorbeiaren magalean lur eremu zabalean hainbat auzo sakabanatuta dituen udalerriko herrigunean. Ingurura begira, paisaiak berak marko eder bat eskaintzen du kondairen munduarentzat.

Lana osatzeko prozesuaz galdetuta, Usiak «album» baten modura deskribatzen du jatorrian izan duen egitura. Ilustrazio gradu baten barruan, proiektua burutzeko gaia aukeratu behar zuen, eta mitologiaren inguruan interes berritu bat sumatuta, ez zuen zalantzarik izan. Ez zen abiapuntu bakarra izan. Kontatu duenez, duela urte batzuk gaira hurbiltzeko aukera izan zuen, Anuntxi Arana antropologoaren ikerlanaren bitartez bereziki.

Aranaren ikerlana, ardatz

Filologo eta mitologian adituak Orozkoko kondaira mitikoen gaineko doktorego tesia egin zuen 90eko hamarkadan, eta azterlanaren inguruko liburua argitaratu zuen, herritarrengandik jasotako kondairak bildu eta aztertuta. Ikerlan horretako sei kondaira ilustratu ditu oraingoan Usiak, bizkaieraz, antropologoak orozkoarren artean haien hitzekin jasotako testigantzetan oinarritutako lana berreskuratuz.

Aranaren ikerlana testuen ardatz hartuta, adituarekiko esker-emate hitzek zabaltzen dute liburua. «Batetik Orozkoko haraneko bizilagunen testigantzak jaso dituelako, aberastasun handiko ondare kulturala islatzen dutenak; eta bestetik, guregana etorri delako Orozkoko gure ilustrazio eta mitologiaz interesatuta», utzi du idatzita.

Argitalpena herriko Supelaur elkarteko beste kideekin batera sortutako «auzolan» modukoaren emaitza izan zela azpimarratu du irudigileak.

Maketazio lanetan Dani Cabrera Vazquezen laguntza izan duela gogoratu du, eta koadernazioa bera taldean egin zutela kontatu du. «Denon artean, orrialdeetan zuloak egin, larruzko zinta jarri» eta ondoren, banaketa prozesuan ere, ondoan izan ditu taldekoak.

Liburuak hartutako itxuraz, lanari «antzinako zapore» bat eman nahi ziola azaldu du, hortik larrua eta liburu zaharren itxura duten orrialdeen erabilera. Argi zeukan, bestalde, lana doakoa izan behar zela. «Ahozko transmisioa ez da ordaindua izan, kontalariak bere asmo onez betetzen du transmisioaren zeregin hori eta transmisioaren bide horretan lagundu nahi duen lan bat izanik, argi neukan doan izan behar zela».

Kasu honetan kondaira zaharrak izan dira protagonistak, baina kultur eta tradizioen legatua ez zaio Usiari gai arrotza egiten, aspalditik lotura izan baitu ondarearen kontserbazioan aritzen den Supelaur kultur elkartearekin. Elkarteak berak eta Udalak argitalpena finantzatu dute.

Ondarea kontserbatzeko lana

Floren Usiak ez du, beraz, hurbilketa berezirik egin behar izan. Ez dira, gainera, ilustrazioaren munduan emandako lehen urratsak, aspaldi herrian Berbaz kultur elkarteak argitaratzen zuen “Zer dino” aldizkarirako zenbait lan egin baitzituen. Argitalpen hark Anuntxi Aranaren kondaira batzuk publikatu zituen eta horiei irudiak jarri zizkion.

Supelaur elkarteko kidea izatea, gainera, antzinako kultura eta tradizioen legatuarekiko sentsibilitate bereziaren adierazle da. Ibilbide luzeko elkartea ezaguna da herrian bultzatutako hainbat ekimenengatik. Kirikinausien ingurukoa da ezagunenetako bat. Egitura borobileko eraikuntza zaharrak antzina basoan gaztainak bildu eta gordetzeko erabiltzen ziren. «Horren inguruko jai bat antolatzen da urriaren azken igandean, Gaztaina Eguna. Orozkok horietako asko kontserbatzen ditu, eta ez da herri bakarra, Laudion eta Okondon ere antzekoak kontserbatzen baitira».

Garai batean oso garrantzitsuak ziren gaztainak, eta badakigu merkataritza garrantzitsua izan zela herrian, eta itsasontziz Europako beste portu batzuetara eramaten zituztela; elikagai preziatua zen, ‘pobreen ogia’ esaten zioten; gaztainek, gainera, beste erabilera batzuk ere bazituzten, azalekin tinduak egiteko adibidez», gogoratu du orozkoarrak.

Orozkok kultur ondarea kontserbatzeko erakutsitako kemenaz galdetuta, herriak sustraiak hain presente izateko grina horren atzean dagoen gakoetako bat euskara dela uste du. «Transmisioa hari luze bat da eta hizkuntza da haria mantentzen duena», nabarmendu du.

Planteatu duenez, «euskarak gauza asko lotzen ditu», eta horren ondoan, «antzinako bizimoduak, naturarekiko, basoarekiko mantendu duen harreman estuak» tradizio eta sustraien kontserbazioan lagundu du. «Behin lotura hori etenda, gauzak urtu egiten dira, eta Orozkok zorte handia izan du ikuspuntu horretatik», erantsi du irudigileak.

Ondare fisikoa, ahozko transmisioak utzitakoa eta imajinario kolektiboan gordeta mantendu den ondare immaterial horrek sentipena osatzen dute, eta alde horretatik, herriak oraindik «zutik dauden altxorrak» kontserbatzen dituela aipatu du, esaterako, baserri giroko auzoez edo basoez ari dela gaineratuta. Herritarren ekimenez jakintza hori guztia gordetzen joan da, baita “Zer dino” aldizkaria bezalako tresnekin ere, antzinako ondarearen inguruko informazio osatu bat eraikiz.

Horregatik, argitaratu berri duen lana ahalegin horien artean beste ekarpen baten modura planteatzen du egileak, eta nahiko luke etxeetara heltzeaz batera, urrunago heltzea. «Espero dut gurea izan dena ahantzia ez izatea», dio Usiak bide batetik edo bestetik kontserbazioaren balioaz. Kasu honetan, gainera, istorio horien transmisioan funtsezko papera bete dezakeen hezkuntzak bere alea jartzeko interesa agertu du, eta hori pozteko beste arrazoi bat izan da, egileak onartzen duenez, legatutako jakintza hori ez baita orrialde horietan geratuko.

Azaldu duenez, liburua herriko kaleetan banatu duten egunetan baieztatu ahal izan dute lanak herritarren artean piztu duen interesa. Horren adierazle da eskola zein institutuko eragileen artean kondairen lanketa ikasgeletara eramateko aukerak aztertzeko asmoa. «Anuntxi Arana bera Orozkora etorri zen Gabonetan eta atseginez hartu zuen kondairak eskolan lantzearen ideia», erantsi du Usiak transmisioak har dezakeen bide berriaz.

Argitalpenaren helburua azken lerroek zehazten dute: «Orozkoko haranak historian zehar ahoz transmititu dena gordetzen jakin du. Sei kontakizun hauek lan horrekin jarraitu nahi dute, mendeetan zehar guregana iritsi den memoria hori mantentzen laguntzeko eta ondare gisa hartuz zabaltzen jarraitzeko».

 

ERROTARIEN ZENBAKI BITXI HAIEK

“Orozko haraneko kondaira mitiko ilustratuak” liburuan jasotako sei istorioak Dimako errotariek kontatzeko erabiltzen zuten sistema zaharraren zifrekin zenbatuta agertzen dira. Arratiatik irten gabe, antzeko sistema bat erabiltzen zuten Zeanurin, baita Gipuzkoako zenbait herritan ere, sistema bitxi horri buruz Usiak azaldu duenez.

Batetik ehunera, Floren Usiak emandako trazua duten zenbakien zerrenda batek ixten du lana. Horrekin ere iraganera begiratu izan du errotari haien memoria gordetzen duen etorkizuna eraikitzen laguntzeko, eta atzera begiratze horretan ez du ahazten legatu hori nondik jaso zuen. Horregatik, gutxi batzuek ezagutzen zituzten zenbaki haiek Patxi Garbirasengandik jaso zituela oroitu nahi izan du, baita harekin batera nabarmendu Laratzu taldea eta gaiaren inguruan egindako azterlana ere.