Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea

Kroketak

Bere gainbeheraren lehendabiziko seinale garbia izan zen. Kroketak ez zitzaizkion onak atera. Zapore eskasa, lehor samarrak, masa tenteegia... hala ere, mahaian denok goratu genituen amonaren kroketak, beti egiten genuen bezala. Gure haurtzaroko zapore eta testura ia guztiak kiribiltzen zituen amonak kroketa bakoitzean eta berriz ume izaten ginen perla borobilak irauten zituen dozena bat koskadatan. Biba zu, amona. Baina zahartzen, makaltzen, ahazten hasi zinen eta kroketek eman ziguten pista.

Hurrengo belaunaldian ikusi dut fenomenoa errepikatzen. «Amona, kroketak arraroak daude», bota zuen alabak egun hartan. Eta poliki-poliki joan ziren kroketa haiek eskasten, egiten zituen sukaldariaren memoria eta hizketarako gaitasuna zimeltzen joan ziren erritmoan. Eta horrelaxe utzi zion kroketak egiteari, noizbait egiten zituela akordatu ere egin gabe.

Amak erakutsi dit kroketak egiten. Eskua hartzen ari naiz. Gozamena ez da kroketak egitea, maite dituzunek horiek jatean jartzen duten aurpegia behatzea da plazera. Aurpegi horiei begira ikusten ditut gure haurtzaroko keinu exajeratuak, amonaren irriak eskuak amantaletako poltsikoetan. Berak jaten ote zituen kroketak? Ez dakit seguru. Baina gogoan dut guk kroketak gozatzerakoan nola gozatzen zuen amonak guri begira.

Laguna etxera etorri da 18 urte eta gero. Kroketak eskatu dizkio izebari, 18 urte horietan izan dituen hutsune guztiak bexamel horrek sendatuko, gozatuko, dituelakoan. Etxekoen kroketak jatea etxean eta zaindua sentitzeko modua delako. Gure etxeko emakumeen zaintzak kroketa forma dauka; pazientziaz landua, gozo bildua, suabe kozinatua. Eta, nola ez, egiten duten horri garrantziarik eman gabe: «neska, neska, kroketek ez daukate misteriorik, oso erraza da kroketak egitea». •