Mikel Zubimendi
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Krisia krisiaren ondoren, zuzen hondamendiraino

Errekasto ezberdinek gain hartzen duten ibaian bezala, aurrekaririk gabeko prezioen inflazioak, ezberdinkeria sozio- ekonomikoek, Covid-ak, gerrak eta antzeko krisiek batera jotzeak 263 milioi pertsona bultzatuko ditu aurten muturreko pobreziara.

Laguntza humanitarioaren banaketa Yemengo kanpaleku batean.
Laguntza humanitarioaren banaketa Yemengo kanpaleku batean. (Khaled ZIAD | AFP)

Erraz idazten da: aurten 263 milioi pertsona muturreko pobrezian bizitzera kondenatuak izango dira. Estatu espainiarrean, estatu frantsesean, Alemanian eta Italian bizi diren populazioen pareko batek egunero 1,9 dolar baino gutxiagoko langaren azpitik bizi beharko du. Eta horrenbestez, 860 milioi pertsona biziko dira pobrezia gordinenean, azken urtean baino askoz ere gehiago, azken hamarkadetan muturreko pobreziaren kontra eman diren aurrerapauso guztiak bertan behera utziz.

Oxfam International gobernuz kanpoko erakundeak publiko egindako estimazioak dira, Munduko Bankuaren proiekzioetan oinarritu dituenak. Ezberdinkeria sozioekonomikoa eta aberastasunak arpilatzea lege duen munduan batera jotzen ari diren krisien ondorioetako bat da, ez bakarra. Covid-arekin larriagotu eta gerrarekin lehergarria aurkitu baitute askotariko krisiek. Datuak beldurgarriak dira: aurten, 3.300 milioi pertsona egunero 5,5 dolar baino gutxiagoko pobreziaren langaren azpitik biziko direla proiektatu dute, gizateriaren erditik gertu.

Jende xehea, pandemian hainbeste sufritu zuena, elikagaien prezioen igoera geldiezin bati aurre egin beharrean da. Errekor guztiak gainditzen ari dira, bai elikagaiena bai  lotsagabekeriarena ere. Izugarri aberats diren bilioidunek inoiz izan dituzten irabazi handienak orain eskuratu dituzte.

Korporazio erraldoiak inflazioaren ingurugiro honetaz profitatzen ari dira: energiaren prezioa eta mozkinak disparatuta, petrolio korporazioen irabazietan errekorrak hautsi dira; inbertsoreek usaindu dute odola, eta elikagaien prezioak igo ahala nekazaritza korporazioetan irabazi azkarrak ikusi dituzte.

Diru-sarrera urriko herrialdeak –kanpoko dibisen erreserbak Covid-arekin ahuldu zituztenak eta zorrak ordaintzeko gastatzera behartuta daudenak– gero eta mendekoagoak dira garia bezalako oinarrizko elikaduraren esportatzaileekiko. Elikagaien eta energiaren sistema globalen injustiziak eta hauskortasunak bistaratzen ari dira, egunetik egunera garbiago.

Txarrak okerrera baino ezin du egin

Oso kezkagarria da. Inflazioa gero eta ezegonkorragoa da, gero eta azkarrago igotzen ari da, eta ez dauka oreka punturik benetako soldaten igoerarekin. Mundu mailako joera da: langileen eros-ahalmena depresio sakon batean sartu da, ontzat ematen da inflazioaren igoera soldatena baino handiagoa izango dela, gero eta pobreagoak izango garela ia denok, milaka milioi gehiago munduan. Eta horrek milioika familia aukera ezinezko baten aurrean uzten ditu: adibidez, beren umeei jaten eman, eskolaratu edo gaixotasunak artatu artean. Eta ez da hori bakarrik.

Elikagaien prezioak disparatuta ibiltzea klimari lotutako hondamendiekin edo gerrekin konspiratzen ari da, ondorio biderkatzaileak sortzen eta dagoeneko existitzen diren goseteen krisiak areagotzen, Afrika ekialdean eta Afrika mendebaldean, eta Ekialde Hurbilean ere bai.

Krisia ez da inola ere berdin bizitzen. Ez da berdina, ezta berdintzailea ere. Nolabait denok ukitzen gaitu, modu batean ala bestean, baina, duda barik, pobreenak jotzen ditu gogorren. Nazioarteko Diru Funtsaren estimazioen arabera, Sahara azpiko Afrikako herrialdeetan kontsumitzaileen gastuaren %40 elikagaiak ordaintzeko da, ekonomia aurreratuetan baino bi aldiz gehiago. Baina ekonomia aurreratuetan ere ezberdintasun sakonak daude: gizarte horietako pobreen %20ak lau aldiz gehiago gastatzen du elikatzeko goian dauden %20arekin alderatuz gero.

Nutrizio faltaren inpaktuak pobreenen bizitzak larriagotzen ari dira, oso bereziki emakume eta neskatoen kasuan, hauek baitira ordaindu ezin duten eskola lehenak uzten, edo krisiaren kolpea arintzeko ordaindu gabeak diren zaintza lanetan ari direnak.

Eta pertsona pobreak bezala, herrialde pobreak berdin. Pobrezia sakon eta iraunkor baten amildegian ari dira erortzen. Jada zorpetze maila altuak izan eta okerrera baino ezin dute egin. Datuak beldurgarriak dira: herrialde pobreenak aurten 43.000 milioi dolarreko zorra ordaindu beharrean dira –gutxi gorabehera, elikagaien inportazioan eta gastu publikoan gastatzekoak diren erdia–. Iaz, osasungintzan, irakaskuntzan eta babes sozialean gastatu zuten kopuruaren %171 suposatzen zuen zorrak. Nazioarteko finantza erakundeek ematen dizkiete kreditu berriak, batzuk kitatu edo ordainketa atzeratu ere bai, baina ez da aski, inondik inora ere.

Eta Ukrainako gerrak horizontea asko ilundu du. AEBetako Erreserba Federalak maileguan dolarrak hartzeko kostua igo egin du: dolarrak gora egin du oro har, eta  energia, sendagaiak eta elikagaiak lortzeko dolarrak behar dituzten herrialde pobreenentzat panorama oso beltza da. Datozen hilabeteetan zorrak ordaintzeari uztear daude asko, atzerapen ekonomiko eta kaudimengabeziaren ilaran porrot ekonomiko erabatekora iristeko beren txanda noiz etorriko den zain. Beste hitz batzuetan esanda: Covid-aren krisiak jende eta herrialde asko pobreziaren amildegiaren ertzean utzi zituen bezala, Ukrainako gerrak azken bultzada eman die hondamendira jauzi egiteko.

Dena ez da galdua

Baina, borondatea eta erabakimena badago, dena ez da galdua. Badaude erreskate ekonomiko baterako neurriak. Praktikoak, lorgarriak, erraz ezartzekoak izan daitezkeen neurriak. Inflazioaren min eta zartakoetatik babestu daitezke pobreenak, baldin eta gobernuek energia eta elikagaien prezioen gaineko kontrol zuzena berrartzen badute. Edo ordaindu ezin dituzten zorrak, behingoagatik, kitatzen bazaizkie. Edo aberastasunaren gaineko zerga progresiboak ezartzen badira, bilioidunak gehiago ordaintzera behartuz, paradisuetan ezkutatuko altxorrak aurkituz, erregistratuz eta berreskuratuz, edo NBEko emergentzia laguntzarako funtsak handituz –Ukrainako herriaren premiei erantzuna emanez, bai, baina funts hauek horretan bakarrik xahutzeke–, eta abar.

Baina, jakina, gauza bat da Oxfam bezalako erakunde batek hori proposatzea eta txosten batean idaztea, eta oso bestelakoa, txosten horrek iradokizunetarako apal batean ez ote duen bukatuko. Hor dago koska. Beti egon den leku berean.

Bestela, aurtengoak munduari ekarriko diona –eta gerra luzatzen bada, joera areagotuko da– gauza jakina da: muturreko pobreziaren leherketa esponentziala eta gosetearen zabalkunde geldiezina. Munduko 42 herrialdetan 161 milioi pertsona gosez akabatzear daude. Yemen, Burkina Faso, Txad, Mali, Mauritania eta Nigerren nutrizio faltak milioika jende dauka hil ala biziko  harian zintzilika.

Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundearen (FAO) proiekzioen arabera, kasurik okerrenean aurten 827 milioi pertsona gera daitezke elikatu gabe, indarge. Eta datu hauek guztiak Ukrainako gerraren lehen asteetan bildu ziren datuetan oinarrituta daude, baina gerra luzatzen bada –eta hori ematen du, itxura guztien arabera– eta harekin batera elikagaien, energiaren eta ongarritzeko gaien prezioak goraka jarraitzen badu, okerrera egingo dute, oso okerrera.

Krisia krisiaren ondoren, ekaitza perfektu batean, gizateriaren gehiengo handi bat pobrezia eta miseriara kondenatuz, izugarri aberatsek eta korporazio handiek beren irabaziak biderkatzen dituzten bitartean. Interes publikoaren higadura azkartu da, estatuen maniobrarako tartea gutxitu da, noiz eta mehatxu existentzialak ugaritu direnean.

Baina ez du zertan horrelakoa izan. Mundu hobe bat berreraiki dezakegu; mundu justuagoa, sostengarriagoa, aberats eta pobreen arteko tartea erradikalki txikitu dezakeena. Gure haurren eta datozen belaunaldien bizitzak arriskuan jartzen ez dituen mundua. Elkarrekin ikas dezakegu, aurrekaririk gabeko krisi hauen lezioak ikasi, ekonomia gizatiarrago bat eta mundu justuago bat eraikitzen ikasi.