NAIZ

Udalerri Euskaldunen Eguneko egitaraua eta kanta ofiziala aurkeztu ditu UEMAk

Maiatzaren 14an ospatuko den Udalerri Euskaldunen Eguneko kanta ofiziala eta egitaraua ezagutarazi ditu UEMAk. Tartean, batzar nagusia, hitanoari buruzko jardunaldiak, bazkari herrikoia, bakarrizketak, antzerkiak eta musika egongo dira Segurako hitzorduan.

 Izarra Urdalleta, Iraitz Lazkano, Rafael Gerriko, Jon Iturrioz eta Miren Segurola Udalerri Euskaldunen Eguneko egitaraua aurkezten.
Izarra Urdalleta, Iraitz Lazkano, Rafael Gerriko, Jon Iturrioz eta Miren Segurola Udalerri Euskaldunen Eguneko egitaraua aurkezten. (Andoni CANELLADA | FOKU)

UEMAk datorren maiatzaren 14an Seguran ospatuko duen Udalerri Euskaldunen Eguneko kanta ofiziala eta egitaraua ezagutarazi ditu ostegun honetan Segurako kultur etxean egindako agerraldian. Hori horrela, UEMAren batzar nagusia, hitanoari buruzko jardunaldia, Burrunbazale taldearen kalejira, bazkari herrikoia, puzgarriak, Ion Martinezen bakarrizketa, ‘Futbolariak eta printzesak’ antzerkia, toka eta bola txapelketa herrikoia eta Bada giro! erromeriaren kontzertua egongo dira, besteak beste, herri euskaldunen arteko topaketan.

Abesti ofizialari dagokionez, ‘Euskara aiden!’ izeneko kanta egin dute segurarrek, elkarlanean, Tobera musika eskolako Iker Gomez de Segura zuzendariaren koordinaziopean. Jon Iturriozek idatzi ditu hitzak eta abestian eta bideoklipean hainbat segurarrek hartu dute parte. Bideoklipa, aldiz, Xabi Aguadoren lana izan da.

 

Iraitz Lazkano UEMAko lehendakariak bere hitzaldian nabarmendu duenez, maiatzaren 14koa Euskal Herriko udalerri guztien eguna da, ez UEMAko kide direnena bakarrik: «Aspaldi erabaki zen egun hau udalerri euskaldun guztion bilgune izatea, UEMAko kide izan ala ez. Gaur egun, 175 udalerri inguru dira Euskal Herriaren luze-zabalean udalerri euskaldunak. Biztanleen %70etik gora euskalduna dutenak».

Era berean, lau urtez Udalerri Euskaldunen Eguna ospatu gabe egon ostean, topagunea festa giroan ospatuko dutela iragarri dute antolatzaileek. Gainera, Segurako herria antolakuntzan bete-betean inplikatu dela nabarmendu dute. «Hasieratik, Segurako Udalari egun hau elkarlanean antolatzeko eskua luzatu genionetik, ezin hobeto erantzun du herriak, eta bileraz bilera herriko hainbat elkarte eta eragile buru-belarri aritu da», eskertu du Lazkanok.

«Hasieratik, gainera, argi izan dugu honek ezin zuela izan UEMAren eta Udalaren arteko kontua soilik, ekimen herrikoia baizik. Herriko elkarte eta eragileei dei egin diegu elkarlanean eguna antolatzeko, eta bikain erantzun dute», gehitu du Segurako alkatea den Izarra Urdalletak. Bestalde, UEMAk, Segurako Udalak eta antolakuntzan aritu diren herriko eragileek hala ebatzita, Segurako Hitz edo Irri Euskaraz Elkarri elkarteari omenaldi bat egingo diote euskararen alde egindako lanagatik.

Festa eta lana uztartuz

Euskararen arnasguneak sendotzeko eta herritarren kontzientzian eragiteko xedez, erakundeen, eragileen eta herritarren arteko elkarlana bultzatzea da Udalerri Euskaldunen Egunaren funtzioetako bat. Beraz, festa giroko ekitaldiez gain, ekitaldi instituzionalek ere tartea izango dute.

Goizean, esaterako, udal ordezkariek UEMAren batzar nagusia egingo dute Segurako frontoian, eta eguerdian, berriz, ekitaldi instituzionala egongo da herriko plazan.

Batzar nagusian, UEMAren ohiko ildoez eta kontuez aritzeaz gain, 2021ean egindako ikus-entzunezkoen kontsumoari buruzko azterketaren emaitzak ere ezagutaraziko dizkiete batzarrean parte hartzen duten udalerri euskaldunetako ia ehun alkate eta zinegotziei. Eguerdiko ekitaldian, ostera, udalerri euskaldunek duten garrantzia goretsiko dute, eta baita euskararen normalizazioari egiten dioten ekarpena ere.

Hitanoa

Horretaz gain, hainbat herritako esperientziak eta ekimenak elkarbanatzeko aukera izango dute bertaratutakoek goizean zehar, hitanoari buruzko jardunaldian. Izan ere, azken urteotan hitanoa berpizteko hainbat ekimen martxan jarri dituzte zenbait herritan.

Askotan, gainera, nokaren galera tokarena baino nabarmenagoa dela ikusita, emakumeei zuzendutako ikastaroak ere antolatu dituzte, ahalduntzeko bitarteko gisa duen garrantzia argudiatuz. Horiek guztiak ezagutzeko eta ekimen berriez hitz egiteko bilgunea izango da jardunaldia.