NAIZ

Iruñeko Udalak haur eskoletan euskarazko eskaria mugatu duela salatu dute

Haur eskolen matrikulazioaren datuen berri emateko garaian Iruñeko Udalak euskararen eskariarena murriztu egin duela salatu du Haur Eskoletako Gurasoak elkarteak. Eskaintza dagoen auzoetan eskaria %35ekoa dela azpimarratu dute, eta ez Udalak bota zuen %19koa.

Iruñeko haur eskoletan euskararen presentzia egokia aldarrikatzeko mobilizazioa 2020. urtean.
Iruñeko haur eskoletan euskararen presentzia egokia aldarrikatzeko mobilizazioa 2020. urtean. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Haur Eskoletako Gurasoak elkarteak atera berri diren Iruñeko haur eskola publikoen aurrematrikula datuak aztertu ditu eta «Iruñeko Udalak euskarazko eskaria mugatu duela» nabarmendu du, «estatistka faltsuak eta bere nahiaren propaganda eginez».

Talde honek azpimarratu duene, Iruleko hego-mendebakdeko auzo guztietan (Donibane, Mendebaldea, Ermitagaña, Etxebakoitz eta Iturrama) eta hego-ekialdeko ia guztietan (Azpilagaña, Zabalguneak, Mendillorri eta Erripagaina) ez dago euskarazko eskaintzarik.

«Euskara ezin da eskaintza-eskaria parametroetan neurtu. Ume guztiak dute euskara ikasteko eskubidea. Estatistika egiteko orduan, egiari zor, ezin da euskararen eskaria datu absolutuetan baloratu Iruñea erdian euskarazko plazarik eskaintzen ez den bitartean», adierazi du Haur Eskoletako Gurasoak elkarteak.

Udalak datuak apirilean eman zituenean euskaraz egindako matrikulazioa %19,7koa eta gaztelerazkoa %80,3koa zirela bota zuen.

Haur Eskoletako Gurasoak elkartearen araberaz, datu hauek ezin dira horrela bota, euskarazko eskaintzak duten auzoak soilik kontatu behar direla gaineratuz.

Kontaketa horrela eginez, euskararen matrikulazioa %35,2eko dela eta ez Udalak dioen %19,7koa.

Auzoz auzo, Txantrean eskaria %52,5ekoa da, Buztintxurin %39,5ekoa, Arrosadian %37,9koa, Arrotxapean %24,3koa, Lezkairun %29,6koa, Sanduzelain %29,6koa eta Alde Zaharrean %40,4koa. Euskarazko eskaintza dutenen auzoen bataz bestekoa aipaturiko %35,2koa da.

«Nafarroako Gobernuaren eta Iruñeko Udalaren euskarazko eskaintza murritza, geografikoki desorekatua eta ia murgiltze eredurik gabekoarekin bukatu beharra dago. Euskararen bazterkeriarekin bukatu eta eskubideen eremura pasatzeko garaia da. Euskarazko 0-3a gertu eta murgiltzen eredua behar dugu», aldarrikatu dute.