NAIZ

Marta Unzuek Athleticen jarraituko du beste urtebetez

Marta Unzuek Athleticen jarraituko du beste urte batez, hala adierazi du klub bizkaitarrak aste honetan. Azken egunotan agurrak nagusitu diren arren, jokalari nafarraren jarraipenak zale zuri-gorrien astea ondu du. Hala, hurrengo urtekoa Unzueren bosgarren denboraldia izango da Lezaman.

Marta Unzue eta Joseba Aguirre, Athleiceko kirol zuzendaria, Lezaman.
Marta Unzue eta Joseba Aguirre, Athleiceko kirol zuzendaria, Lezaman. (ATHLETIC CLUB)

Marta Unzue hitzarmena berritu du Athleticekin eta beste urte batez arituko da tale bizkaitarrean. Horrela, bosgarren urtea beteko du Lezamana. 2018-2019. denboraldian iritsi zen, Bartzelonak utzita, eta geroztik Athleticen geratu da, zelai-erdian giltzarria izanik eta taldeko kapitainetako bat izanik.

Athleticek nabarmendu du Unzue zelai erdian «esperientzia eta hierarkia» ematen dituen jokalaria dela.

Bartzelonan 12 urte eman zituen, kapitaina zen, eta eskarmentu handiarekin iritsi zen jada Athleticera. Guztira, 80 ligako partida jokatu ditu elastiko zuri-gorriarekin eta Kopakoekin batuta, 85 norgehiagokatan hartu du parte. Hala, hurrengo urtean 100 partidara iritsi daiteke.

Berriozarko jokalaria «oso eskertuta» agertu da klubeko kameren aurrean eskainitako adierazpenetan. Onartu du «fisikoki ondo sentitzen» dela eta aurtengo puntu negatibo bakarra soleoan izan duen lesioa izan dela, bi hilabetez zelaietatik at egotera behartu zuena. Aurten bezala, «zelaian dena eman eta gazteei laguntzea» izango da bere egitekoa hurrengo urtean.

Athleticek seigarren postuan amaitu lezake denboraldia igande honetan etxean Sevilla garaitu eta Levantek Granadillaren aurka irabazten ez badu. Helburu hori betetzeko borrokatuko dutela adierazi du Unzuek eta lortuz gero, «denboraldia ontzat» jotzen du. Onartu du martxora arte Txapeldunen Ligarako sailkatzeko borrokan bizirik zeudela baina ondoren, bi partida jarraian irabazi ez hor urrundu zitzaiela aukera guztiak.

Datorren denboraldia ere zaila izango delakoan dago, «gainontzeko taldeak asko indartuko direlako». «Gu harrobiko jendearekin ariko gara eta aurten egin moduan, partida guztiak borrokatu eta ahalik eta sasoi onena egiten ahalegindu beharko dugu», azaldu du.