NAIZ

Alconzako grebalariek martxa bat egin dute Berangotik Bilbora 25 lankideren kaleratzeen aurka

Berangoko Alconza lantegiko grebalariek oinezko martxa bat egin dute ostiral honetan, Berangotik Bilbora, enpresak kaleratu dituen 25 lankideen lanpostuak defendatzeko.

Alconzako grebalariak Bilboko Kale Nagusitik zehar.
Alconzako grebalariak Bilboko Kale Nagusitik zehar. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Otsailaren 28az geroztik greban diharduten Berangoko Alconza enpresako langileek martxa bat egin dute, oinez, ostiral honetan Berangotik Bilbora, enpresak burututako 25 kaleratzeak salatzeko. Beharginak goizeko 8.00etan abiatu dira Berangotik eta Sabin Etxearen –EAJren egoitzare–, aurrean elkarretaratze batekin bukatu dute mobilizazioa.

ELA sindikatuak ohar baten bidez jakinarazi duenez, «kaleratzeak eragin dituen apirileko enplegu erregulazioko espedienteak» salatu nahi izan dituzte grebalariek. Era berean, sindikatuak ohartarazi du Irizarrek, Alconza Irizar taldearena baita, ia 10 milioi euro banatu dituela dibidenduetan Alconzaren kutxatik.

«Justifikaziorik gabeko enplegu erregulazioaren ordez, lantokiak izan ditzakeen arazo koiunturalei heldu eta Alconzaren etorkizuna bermatuko duen industria plana eskatzen dute langileek. Egungo egoera zuzendaritzaren utzikeriaren ondorio baita», adierazi du ELAk.

Era berean, sindikatuak nabarmendu du mobilizazioan parte hartu duen plantillak Lakuaren «inplikazio falta» ere kritikatu duela kontzentrazioarekin, alabaina, Irizar taldearen «babesgabetasun faltaren eta utzikeriaren» aurrean, laguntza eskatu diote Lakuari. Dena den, beharginek beraien lan gatazkan zehar errepresio poliziala pairatu dutela salatu zuten duela pare bat aste, Lakua zuzenean interpelatuz.

Auzitegietara

Azkenik, ELAk iragarri du auzitegietara jo duela. Izan ere, sindikatuak argudiatu du enpresak ez diutela Langileen Estatutuan eta 1483/2012 Errege Dekretuan ezarritako legezko baldintzak errespetatu: «Besteak beste, ez dira langileen eragin irizpideak adierazten. Are gehiago, kaleratuak izan diren langileak kaleratzeen aurkako greba egiten ari diren langileak dira, kanpo geratu direlarik greba horretan parte hartzen ez duten langileak».

Hori horrela, ELAk azpimarratu du lan agintaritzak bereziki nabarmendu zuela aspektu hori Enplegua Erregulatzeko Espedientearen izapidetzean egindako nahitaezko txostenean.

Sindikatuak gaineratu duenez, «Alconzako zuzendaritzak azaldutako arrazoiek ez dute inolaz ere justifikatzen hartutako neurria, eta salatu nahi dugu Irizar taldeak ez duela parte hartu Berangoko zentroak izan ditzakeen arazo koiunturalei aurre egiteko adostutako eta traumatikoa ez den konponbide baten bilaketan».