Arnaitz Gorriti

Baskoniak Tenerife, Joventut eta Manresarekin lehiatu beharko du ACB Ligako laugarren postua

Bi talde baino gehiagok sailkapenean berdinduz gero, talde horien guztien arteko emaitzak hartu behar dira aintzat, edo talde hauen arteko puntu aldeak egingo luke kitarakoa. Balizko berdinketa laukoitzaren aurrean, gasteiztarrek Joventuti 16 puntugatik irabazi beharko dio.

Garrantzia eskerga izango du Baskonia eta Joventuten arteko partidako puntu bakoitzak.
Garrantzia eskerga izango du Baskonia eta Joventuten arteko partidako puntu bakoitzak. (D. GRAU / ACB PHOTO)

Azken hamar neurketetatik zortzi irabazi ditu Bitci Baskoniak. Zalantzarik gabe, denboraldiko momenturik onenean dago Neven Spahijaren taldea. Garbi geratu zen asteazken gauean ere, FIBAren Txapeldunen Liga irabazi berri duen Lenovo Teneriferi 78-91 gailendu baitzitzaion, puntu alde orokorra ere. Gauzak honela, 20 garaipenekin bosgarren lekuan dago talde gasteiztarra 20-13 balantzearekin. Hori gutxi ez eta, laugarren ere amaitu lezake ACB Ligako Fase Erregularra; Joventutek laugarren postu hori esku eskura izan zuen, baina asteazkenean etxean 78-84 galdu zuen Obradoiroren aurka eta hala, sailkapen nagusiko borroka hori asko bizitu da. Hala, Badalonakoek laugarren postuan jarraitzen dute, baina 21-12 balantzearekin.

Izan ere, jakina den moduan, Saski Baskoniak baldin eta larunbatean Joventuten aurka 12 puntu edo gehiagoko aldeaz irabaziko balu –Badalonan 72-61 nagusitu ziren aurreneko itzulian Carles Duranen gizonak–, talde gasteiztarrak puntu aldea bere aldera irauliko luke.

Erraza, ezta? Ez ba! Nahiz eta Tenerifek eta Manresak, biek, Saski Baskoniarekiko puntu aldea galdu duten, badute zeresanik laugarren postu horren borrokan. Eta kasu honetan «borroka» hitza ia zentzu literalean ulertu behar da, laugarren amaitzen duen horrek final-laurdenetako kanporaketan kantxa faktorea alde izango lukeelako batetik, eta bestetik, zazpigarren amaitzen duen «dohakabeak» final-laurdenetan nor eta Real Madril aurkituko duelako aurrez aurre.

Saski Baskoniak berea egiten badu, Joventuti irabazi eta Badalonako taldearekiko 11 puntuko aldeari buelta eman, laugarren amaitzeko aukera handiak ditu, batez ere Tenerife eta Manresak, gasteiztarrekin berdinduta dauden bi taldeak, aurkari zailak baitituzte: Bartzelona Pedro Martinezen taldeak eta hil ala bizi dabilen andorra Txus Vidorretarenak.

Eta lauren arteko berdinketa balego?

Manresak eta Tenerifek, Baskoniak bezala, 21 garaipenekin amaitu lezakete ACB Ligako Fase Erregularra. Berdinketa hirukoitzaren aukerak hainbat dira, eta okerrenera, berdinketa laukoitza ere gerta liteke.

ACB Ligako araudiari so eginez gero, hiru talde edo gehiagoren arteko berdinketarik balego, puntu aldea ez da aintzat hartzen, eta horren ordez, taldeon arteko «ligaxkako» emaitza hartzen da kontuan; hau da, talde hauen arteko garaipen eta porrot kopurua, eta hor dago koxka: Baskoniak partida bana irabazi eta galdu du Manresa eta Teneriferen aurka, eta beste hainbeste gerta dakioke Joventutekin ere. Hau da, 3-3ko balantzea duela.

Alabaina, Manresak, Joventutek eta Tenerifek ere balantze berberarekin amai lezakete. Ikus dezagun: Manresak Teneriferi 95-93 irabazi zion aurreneko itzulian eta 94-83 galdu bigarrenean; Joventutek 105-61 irabazi zion Pedro Martinezen taldeari aurreneko itzulian eta, aldiz, Manresakoek 95-91 menpean hartu zituzten Badalonakoak itzulerakoan. Tenerifek eta Joventutek ere bana berdindu dute beren arteko neurketetan: 72-79 katalanentzat aurreneko itzulian eta itzulerakoa, aldiz, Vidorretaren taldearentzat izan zen: 58-74. Ondorioz, demagun berdinketa laukoitza dugula eta «ligaxka» ere 3-3 berdinduta. Hau kalamidadea! Nolabait lortu behar da berdinketa haustea.

Baskoniak puntu diferentzia bere alde du Manresarekiko –15 puntu– eta Teneriferekiko –7–; orotara, +22 puntukoa da bere puntu alde «orokorra» –lauko ligaxka horretan– Joventuten aurkako partidaren faltan. Joventutek, berriz, +31ko averagea du: 40 puntu aurretik Manresarekiko eta 9 atzetik Teneriferekin. Tenerifek «ligaxka» osatu du eta orotara +11rekin amaitu du eta, aldiz, Manresak -64 puntu pilatu ditu.

Bada, besteren emaitzei erreparatu gabe, Baskoniak laugarren amaituko luke 24 puntu edo gehiagoko aldea lortuko balu, kasu horretan –batez ere Baskonia, Joventut eta Manresaren arteko hiruko berdinketa balego–, berdinketa orotan gasteiztarrek aurretik amaituko luketelako.

Esan bezala, Joventutekin bakarrik berdinduz gero, 12 puntu edo gehiagoko aldeaz irabaztea nahikoa luke laugarren postua ziurtatzeko. Tenerife, Joventut eta Baskoniaren arteko berdinketa balego, berriz, zazpi puntuko aldeaz irabaztea nahikoa luke talde arabarrak. Azkenik, aipatu berdinketa laukoitzik izango balitz, Saski Baskoniak gutxienez 16 puntuko atera beharko lioke Joventuti laugarren postu desiratua eskuratzeko.

Azken baten, Saski Baskoniak final-laurdenetan serie-buru izatea bere esku egotea lortu du, nahaste-borraste baten murgilduta bada ere. Eta ez da gutxi.