NAIZ

Familiek hilero seme-alaba bakoitzeko 150 euro jasotzea proposatu du EH Bilduk

EH Bilduk erronka demografikoaren «ertz guztiak» aintzat hartzen dituzten proposamenak aurkeztuko ditu Gasteizko Parlamentuan egingo den osoko bilkuraran. Horien artean, herritarren bizi baldintzak, gizon eta emakumeon denbora antolaketa, emantzipazio tasa eta zahartzea hartuko dituzte kontuan.

Nerea Kortajarena EH BIlduko parlamentariak erronka demografikoaren plenoan proposatuko duena aurreratu du.
Nerea Kortajarena EH BIlduko parlamentariak erronka demografikoaren plenoan proposatuko duena aurreratu du. (Gasteizko Parlamentua)

Datorren asteazkenean Gasteizko Parlamentuan egingo den erronka demografikoari buruzko osoko bilkuran aurkeztuko dituen bi proposamen aurreratu ditu EH Bilduk. Auzia «erdigunean» jarriko dutelakoan, seme-alabak hezteko prestazio unibertsala eta hamabi urtetik beherako haurrentzako garraio publikoa doan izatea planteatuko dute.

Bilkura EH Bilduk eskatuta egingo da. Hori dela eta, Nerea Kortajarena parlamentariak eredu sozial «iraunkor eta justua» lortzeko helburua duten proposamenak aurkeztuko dituztela adierazi du.

Duela lau urte gai honi buruz egindako pleno monografikoa ekarri du gogora Kortajarenak. Osoko bilkura hau Familiak eta Haurrak babesteko itunaren inguruan Lakuako Gobernuak estrategia demografiko baten saiakera mahaigaineratu zuenean egin zen.

Parlamentariak adierazi duenaren arabera, orduan adostutakoa ez du bete Urkulluren Gobernuak. Bide batez, Lakuak «erratutako planteamenduetatik» abiatzen dela salatu du eta politika natalisten bidea hartu izana «porrot» gisa jo du.

Bi proposamen

Bi proposamen zehatz aurreratu dituzte gaur eskainitako prentsaurrekoan. Batetik, seme-alaben hezkuntzarako prestazio unibertsal bat martxan jartzea. Honen bidez familiek hilero seme-alaba bakoitzeko 150 euro jasotzea planteatu dute. «Laguntza mota hauek ez dute jaiotze tasa igotzen, baina ongizatea sustatzen dute eta zientifikoki haur pobreziaren kontrako neurri eraginkorrenak direla frogatuta dago», azaldu du Nerea Kortajarenak.

Aurreratu duten bigarren proposamena 12 urtetik beherako umeentzat garraio publikoa doan izatea da. Hauetaz gain prekarietatearen kontrako, etxebizitzaren inguruko, lan banaketa eta lan jardunaren murrizketaren inguruko neurriak planteatuko dituztela iragarri dute.

Asteazkenean egingo den osoko bilkurari begira, honakoa adierazi du Kortajarena parlamentariak: «Espero dugu Jaurlaritza ere jarrera eraikitzaile batekin etortzea. Ziurgabetasunak nagusi diren garai hauetan pleno monografikoak ziurtasun berriak eskaintzeko eta etorkizuna beste era batera eraikitzeko aukera aparta emago digu».