Maitane Aldanondo

Herrian eta herriarentzat lan egiteko aukera bat

Popatik Estudio Kreatiboa Garazi Lertxundi, Intza Unanue eta Ania Amilibia gazte oriotarren egitasmoa da. 29, 25 eta 22 urte dituzte, hurrenez hurren, eta euren ezagutzak batu dituzte komunikazio agentzia horretan. Lehen urtea osatu dute aurrera jarraitzeko gogoz.

Ania Amilibia, Intza Unanue era Garazi Lertxundi, Orioko Popatik Estudio Kreatiboaren sortzaileak.
Ania Amilibia, Intza Unanue era Garazi Lertxundi, Orioko Popatik Estudio Kreatiboaren sortzaileak. (NAIZ)

Izen «bihurria» eta itsasoko haizearen izaera freskoa. Beraien identitatea islatuko zuen izena nahi zuten, kostaldekoa izateari lotua, baina deigarria, probokatzailea, gustatzen zaien bezala umoretik joaz. Hori guztia batzeaz gain, gogoratzeko erraza eta euskaldun ez direnek ondo idazteko modukoa. Norberak nahieran uler dezakeen Popatik aukeratu zuten.«Itxialdiaren ondoren ausartago bihurtu ginela uste dut. Hau eta gero zer? Izena ere hortik bazetorren, haizea hartzera bezala, atrebitu egingo gara», zehaztu du Garazi Lertxundik.

Hirukoteak zituen solasaldietan behin baino gehiagotan atera zen sortzaileak izanda herri txiki batean dituzten aukerak murritzagoak zirela. Lertxundi aurretik komunikazio agentzietan eta komunikazio korporatiboan aritua zen, baina ez zuen bere lekua topatzen. Bere lehengusina den Intza Unanue, berriz, kontratu laburreko lan batetik bestera zebilen, baldintza oso onik gabe. Zerbait duina egiteko gogoak batu zituen. «Zerbait propioa egitea, zure gustura eta modura polita litzatekeela uste genuen, eta aukera bat eduki herrian bertan lan egiteko eta herriarentzat», azaldu du Lertxundik. Ania Amilibia, berriz, diseinua ikasten ari zen eta marka pertsonalari buruzko proiektu bat egin behar zuen. Ez zuen bere burua bakarrik ikusten eta ezaguna zuen Unanueri zerbait egitea proposatu zion. Hala, elkartzen hasi ziren 2020ko azaroan.

Sorburuan ez zuten ogibide bihurtzeko asmorik, «eguneroko lan horretatik kanpo sormena lantzeko zerbait zen», argitu du Unanuek, baina konturatzerako lanaldi erdi batean ari ziren, eta handik gutxira, osoan. Egoerak eraman zituen nahi gabe hastera. Lehen unean ez zuten argi zer forma emango zioten, komunikazio agentzia bat abiaraziko zuten edo sortzaileentzako blog bat. Bai, ordea, zerbait propioa egin eta sormenari Orion tarte bat ematea. «Ikusten genuen gero eta gehiago direla gure antzeko ikasketak dauzkaten profilak herrian, baina ez dagoela lanik». Nahi horri hutsune bat betetzeko aukera gehitu zioten, herriko komertzio eta ostalariei digitalizazioan lagunduko zien komunikazio agentziarik ez zela, eta pandemiak «behar handia» azaleratu zuen.

Gertuko izanda, bereizi

Komunikaziora orokorrean eta marketin digitalera bideratzen dute euren jarduna; sare sozialen kudeaketan aritzen dira, eta webguneak ere «dezente» egiten ari dira. Bezero gehienak oriotarrak dira, nagusiki, betiko merkatariak, presentzia digitalik ez dutenak. «Premia guztiak sartzen dira hor, batzuetan logorik ere ez dute eta diseinutik hasten gara». Beste ohiko profil bat gaztea da, mundu digitalari buruz badakitenak, baina horretarako denbora falta zaiena. Horiez gain, enpresa handiago bat ere badute, katalogoak behar dituena.

Lehen enkargua 2021eko apirilean lortu zuten. Duela gutxi arte beste lanekin uztartu behar izan dute, baina orain soldata edukitzeko adina badute. Ahalegina, inbertsioa, handia izan da. Une gogorrak izan badituzte ere, or har, positiboa gehiago izan dela uste dute. Baikor dira orain arte dena nahiko erraz etortzen ari zaielako: lokala, bila joan eta lan komertzialik egin gabe bezeroek atea jo diete, ahoz ahokoari esker; eta digitalizazioaren derrigortasuna ageriko egin da. Horretan pandemiak lagundu diela uste du Amilibiak. «Aurretik hasi izan bagina, ez genuke horrenbesteko arrakasta izango. Pandemiak asko erakutsi die komertzio txikiei horrelako zerbait beharrezkoa dela».

Lehiakideetatik bereizten dituena Unanueren esanetan enpresa handietara jo ordez, «erosketa ahalmen txikiagoa dutenei» bideratuta daudela da; «horren araberako zerbitzua eskaintzen dugu». Bakoitzaren beharretara egokitzen dira, enpatizatzen eta tratu «pertsonalagoa» ematen saiatzen dira. Komunikazioa dute indargune, diseinuan eta ikus-entzunezkoetan duten ezagutzez gain; natibo digitalak dira, digitalizazioan jaioak, «oso natural» ateratzen zaiela diote eta sormen aldetik ere «beste zerbait» eskaintzen dutela. Eta hori guztia, euskaraz. «Agentzia askotan jendeak kanpotik egiten du lan. Bezero bat baino gehiago etorri zaigu esanez euskaraz gauzak saldu nahi zituela, baina berak egin behar zituela», nabarmendu du Amilibiak.

Gaztenpresa, «ezinbesteko laguntza»

Ekitea erabaki zutenean, Popatik Estudio Kreatiboko hirukoteak Urola Kostako Udal Elkartera jo zuen. Bideragarritasun plana egiten lagundu eta eskura zituzten dirulaguntzen berri eman zieten. Haietako batean Bultz-Lan Consulting enpresako Marisa Trueba ezagutu zuten eta honek Laboral Kutxako Gaztenpresa programara aurkezteko aholkatu zien.

Harreman hori erabakigarria izan zen. Intza Unanuek azaldu duenez, «nire ahizpa ere ekintzailea da, Marisa ezagutu zuen eta berarekin oso gustura zebilen. Berak esandakoarekin, gauza onak entzunda genituela, eta Garazik izandako esperientziarekin, hara joatea erabaki genuen». Laguntza horri esker, Marisa dute aholkulari eta kudeaketaren gaineko zereginetan esku bat botatzen die, zehazki, «galtzen garen papeleo horretan guztian», zehaztu du Garazi Lertxundik. Harengana jo eta nola egiten duten azaltzen diote, ondo ari diren jakiteko. «Asko laguntzen digu, egia esan», onartu du Unanuek: «Ze enpresa mota sortu, gauzak nola egin, bideragarria den ala ez. Joan ginen batean esan zigun: ‘Agian ezin duzue ezta egin ere’. Zure lekuan jartzen zaitu».

Urrats horiek egiten hasi zirenean lortu zuten lehen bezeroa. Beraz, «lanean eta enpresa muntatzen, dena batera» aritu ziren. Proiektu bat aurrera eramateak ikasketa paralelo bat ere badakar, norberaren jarduera garatzearekin batera egiten doazena. Lertxundiren esanetan, «ekintzaile egiten zaren momentutik bakoitzak bere alorretik egiten du. Gu horretan gara jakitun, baina enpresari dagokion guztian galdu egiten gara. Ezinbesteko laguntza egin zaigu Gaztenpresarena. Ari ginen egiten baina ez genekien nola».

Unanue ere bat dator. «Nik uste ideiarik ez daukanarentzat oso beharrezkoa» dela eta onartu du, hein batean, «gaizki eginez» ikasten doazela. Ekintzaileekin lanean urte asko eramateak emandako eskarmentuari esker, «truko pila bat» dituzte.

Gaztenpresak emandako laguntzaz gain, Emekinek aholkularitza zerbitzua eman die emakume eta 30 urtez azpiko izateagatik; halaber, kostako herri txiki batean lana sortzeagatik Itsas Garapeneko dirulaguntza bat ere jaso dute.