NAIZ

Nafarren erabakitzeko eskubidea aldarrikatu du LABek Foru Hobekuntzaren 40. urteurrenean

Nafarrek euren etorkizuna modu librean erabakitzeko duten eskubidea aldarrikatu du LAB sindikatuak adierazpen batean Foru Hobekuntzaren 40. urteurrena betetzear dagoenean. Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak eta Imanol Karrera Nafarroako eledunak ekitaldia egin dute gaur Iruñean.

Imanol Karrera eta Garbiñe Aranburu Iruñeko Foru Monumentuaren azpian egindako agerraldian.
Imanol Karrera eta Garbiñe Aranburu Iruñeko Foru Monumentuaren azpian egindako agerraldian. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Foru Hobekuntza 40 urte betetzear dagoenean, «nafarrek, modu librean, euren etorkizuna erabaki behar dutela» aldarrikatu du LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk sindikatuaren Nafarroako bozeramaile Imanol Karrerarekin egin duen agerraldian. Foruen Monunumentuaren azpian ‘Altxa gaitezen! 40 urteren ondoren, egin dezagun posible’ adierazpena aurkeztu dute.

Hobekuntza baloratzeko garaian, «formari dagokionez, kritikatzen dugu Nafarroak ezin izan zuela ezer erabaki ez zelako inolako erreferendumik egon eta edukiari dagokionez, haustura demokratikoaren gure posizioan berreste gara, 78ko Erregimenaren inpugnazioan».

«Hobekuntzaren kontrako jarrera, nagusiki eskuduntza mugatuak zituelako gai soziolaboraletan. Eta eskuduntzen falta, horrek mugatu egiten du espazio sozioekonomiko propioa artikulatzeko aukera, lan harremanak eta babes sozialerako esparru propioa artikulatzeko aukera mugatzen du», adierazi du Aranburuk.

Gaineratu du gai hauek funtsezkoak direla herritarrei bizitza duina bermatu ahal izateko. Eta ezin dela autogobernuaz hitz egin edo autogobernu maila ez dela nahikoa gai hauetan burujabetza osoa izan gabe. Iraganera beharrean, etorkizunera begira kokatu du adierazpena idazkari nagusiak: «Nafarroak burujabetza berreskuratu ahal dezan eztabaida soziala zabaltzeko ahaleginak egiteko momentua da».

Eztabaida eratzailearen beharra

«Eztabaida eratzaile zabala behar da, herri borondatea izango duena muga bakar. Espainiako Konstituzioak ezin du kortse bat izan herritarrei hitza eta botoa eragozteko. Nafarroako eredu sozial, ekonomiko eta instituzionalaren, Espainiako Estatuarekiko eta Euskal Herriko gainontzeko laurraldeekiko harremanaren inguruko eztabaida», adierazi du.

«Hamarkadetako poltika neoliberalen ondoren, 2008ko krisiaren, pandemiaren eta orain Ukrainako gatazkaren ondoren, kapitala eta lanaren arteko gatazka gogortu egin da», esan du.

«Langileok aldaketak behar ditugu, ez dugu alternatibarik kapitalismoan. Sistema hori bidegabea da sozialki, eta bizi baldintzak prekarizatu eta desberdintasun sozialak areagotzen ditu. Sistema hori bideraezina da ekologikoki, planeta agortzearen seinaleak ematen ari baita», aldarrikatu du.

Eredu ekonomiko eta sozial berria

«Zalantzazko uneak bizi ditugu, baina baita ziurtasunenak ere; beste eredu ekonomiko eta sozial baterantz abiatu behar dugu, bizitzaren iraunkortasuna erdigunean jarriko duen eredu baterantz. Trantsizio ekosozialista eta feminista behar dugu», nabarmendu du.

«Trantsizio horretan, erronka askori heldu behar diegu. Krisi klimatikoa, bilakaera demografikoa eta zaintzaren asistentzia eredu berri baten beharra, lan merkatuaren prekarizazioa eta digitalizazioaren eta adimen artifizialaren ezarpena produkzio sarean, zerbitzu publikoen desegitea gelditzea eta hauek indartzea, pentsioen sistema publiko
bat bermatzea eta aberastasunaren birbanaketa politiken aldeko apustua egitea», azpimarratu du.