NAIZ

Aritz Egea eta Oihana Azkorbebeitia, garaile Domusa Teknik 40 Milietako lasterketan

65 kilometro eta 3.700 metroko desnibel positiboaz gain, beroa eta hezetasuna gainditu behar izan dute korrikalariek. Irabazle izan diren biek hasi eta buka menpean izan dute lasterketa; askoz ere dema estuagoa izan da podiumerako lehia.

Aritz Egea txapeldun Azpeitiko helmugan.
Aritz Egea txapeldun Azpeitiko helmugan. (DOMUSA TEKNIK 40 MILIAK)

Domusa Teknik 40 Miliak Mendi Lasterketaren aurreneko edizioa Aritz Egea eta Oihana Azkorbebeitiak irabazi dute eta ondorioz, Ultra lasterketen Euskadiko Txapelketa bereganatu dute. Goitik behera nagusi izan dira irabazle biak, hezetasuna eta beroa aurre egin beharreko arerio latzena izan badute ere, alde nabarmenaz irabazi baitute.

Lasterketa jokatu bezperan Aritz Egeak iritzi zuen 40 miliak –65 kilometroko lasterketa– sei bat ordutan amaitu zezakeela. Bada,  Ezkioko korrikalariak esandakoa bete baino ez du egin, orotara sei ordu, minutu bat eta 32 segundotan amaitu baititu lanak, bigarren lekuan amaitu duen Pere Aurell katalanak baino 28 minutu gutxiagotan, alegia.

Oihana Azkorbebeitiak beroaren erruz behin baino sarriago «geratu beharra» izan duela onartu badu ere, Abadiñokoak ez du arazorik izan lasterketako nagusi izateko, 7 ordu, 17 minutu eta 22 segunduko denborarekin. Ez bakarrik emakumeen artean bigarren amaitu duen Leire Baraibarri ia 40 minutu atera dizkiolako, baizik eta orotara lasterketan hamargarren postuan amaitu duelako.

Aurreneko erreferentzia puntutik bertatik nabarmendu dira bi irabazleak. Iturburuko erreferentzia puntuan, 19. kilometroan, bost minutuko diferentzia bere alde jarri du Egeak Pere Aurellekiko. Bere aldetik, Aizkorbebeitia Leire Baraibar baino sei minututik gorako aldeaz pasa da Iturburuko erreferentzia puntutik, emakumeen lasterketako aurreneko postuan.

Ibilbidearen gogortasunak –ez du alperrik izan eta 3.700 metroko desnibel positiboa–, beroak eta hezetasunak nahi baino erasan handiagoa izan du korrikalariengan, batek baino gehiagok amaitu aurretik amore eman behar izan baitu. Aurrenekoei gogorra egin bazaie Domusa Teknik 40 Miliak, atzetik etorri direnentzat ez da xamurragoa izan.

Izan ere, eguraldiagatik lasterketa neutralizatu egin behar izan dute antolatzaileek. Hala, Ikasberrira iritsi direnak autobusez ekarri dituzte Azpeitira, Aldiz, Xoxotera iritsi direnak edota Xoxotera bidean zirenek beraiek erabaki behar izan dute lasterketa amaitu arte jarraitu edota kotxez jaitsi.

Bestalde, Aritz Egeak bere abantaila finkatu duen bitartean, Igon Mantzizidor debarrak atzetik aurrerako proba egin du Pere Aurell katalanaren bigarren postua harrapatu nahian. Ez du lortu, baina hirugarren postua minutu eta gutxira geratu zaio.

Emakumeen lasterketari dagokionez, Oihana Azkorbebeitiaren erakulstaldiaz gain, bigarren posturako izan da lehiarik estuena. Azkenean Leire Baraibar zumaiarra nagusitu da, baina Oihane Perez gernikarrak, honek ere atzetik aurrerako lasterketa egin nahian, bigarren lekua ere eskuratu du Izarraizko atetik Xoxotera bidean. Alabaina, gipuzkoarrak hortzak estutu eta alde nabarmenarekin eskuratu du bigarren lekua –Oihana Azkorbebeitiarengandik ia 40 minutura, esan bezala–, baina Oihane Perezi azkenean 20 minutu atera dizkio Zumaiako korrikalariak.

Domusa Teknik 40 Miliak. Gizonezkoen Sailkapena:

1-Aritz Egea 6h01:32

2-Pere Aurell 28:22ra

3-Igon Matzizidor 29:29ra

Emakumeen Sailkapena:

1-Oihana Azkorbebeitia 7h17:22

2-Leire Baraibar 39:53ra

3-Oihana Perez 59:05era