NAIZ

«Burujabetza ekintza masiboa» egingo dute ekainaren 4an Ficoban

Euskal errepublikaren aldeko Ehun mugimenduak ekitaldia egin du Donostian, eta, bertan, ekainaren 4an burutuko duen burujabetza ekintza aurkeztu du. Ficoban izango da, eta parte hartzeko deia egin diote jendarteari: «Euskal Errepublikara eraman gaitzakeen burujabetza iraultzari hasiera eman diogu».

Euskal errepublikaren aldeko Ehun mugimenduak ekitaldia egin du Donostian.
Euskal errepublikaren aldeko Ehun mugimenduak ekitaldia egin du Donostian. (Gorka RUBIO/FOKU)

Ehun mugimenduak Euskal Herriko jendarteari dei egin dio, ekainaren 4an Irungo Ficoban egingo den «burujabetza ekintza masiboan» parte har dezan. Aipatu ekintza 12.00tan izango da, eta parte hartuko duten lagunei mozorrotuta joateko eskatu die euskal errepublikaren aldeko egitasmoak.

Irungo ekimena Donostiako Trinitate plazan iragarri dute gaur eguerdian, eta oholtza gainean, azken hilabeteetan burujabetza praktikara eramaten hasteko bidean izena eman duten hainbat lagun izan dira.

Modu horretan eman diote bukaera ekitaldi politikoari. Ez ordea egun osoko egitaraua izango duen jardunaldiari. Izan ere, lehenago, ANCko lehendakariorde David Fernandezek, eta Ehun mugimenduko kide Unai Apaolazak solasaldia izan dute, eta ekitaldiaren ostean, jateko, edateko eta musikaz gozateko aukera izaten ari dira Ehun-en deialdiari erantzun dioten lagun guztiek.

«Bide sinesgarri bat»

Eta asko izan dira. Besteren artean, Donostian bildutakoak «etxebizitzaren prezioak ezin ordainduta, auzotik edo herritik kanpora bizitzera joan behar izan garen herritarrak»; «inposatutako mugak direla eta, Bidasoa ibaia ezkutuan gurutzatu behar dugunak»; «multinazional handiek esplotatu ondoren, trapu zahar baten moduan kalera bota gaituzten langileak»; «kobratzen dugun pentsioarekin neguan berogailua piztu ere ezin dugun herritarrak»; «lagunekin parrandan ibili eta gero, goizeko lauretan etxerako bidea pauso azkarrez eta beldurtuta egiten dugun emakumeak»; «bizitzeko etxe bat izateko bizitza osorako bankuen esklabu bihurtu gaituzten herritarrak»; «kartzelatan senide eta lagunak ditugun herritarrak»; «udalak funts putreei saldu zizkien babes ofizialeko etxeetako bizilagunak»; eta «euskaraz bizi nahi eta etengabe trabak besterik jasotzen ez ditugun herritarrak» direla azpimarratu dute.

«Horiek guztiak eta askoz ere gehiago gara», laburbildu dute, hauxe gaineratuz: «hemen gaude egunerokoan eragiten diguten arazoak, urteak joan eta urteak etorri, bere horretan edo okerrera doazela sentitzen dugun herritarrak; gaur egungo markoan, nahiz eta saiatu, konponbiderik ez dagoela gero eta argiago ikusten dugun herritarrak; Espainiako eta Frantziako bankukrazietan, arazo guzti hauek konpontzeko behar den borondate politikoa ez dela egon, ez dagoela eta etorkizunean ez dela egongo uste dugun herritarrak; hemen gaude, arazo hauek  konpontzeko, estatu propio batek ematen dituen baliabideak behar beharrezkoak ditugula uste dugun herritarrak».  

Horiek hala, euskal errepublikaren aldeko mugimenduko kideek nabarmendu dute «arazoa, gaur eta hemen, Frantzia eta Espainia» direla eta, beraz, «egunerokoan eragiten diguten arazoak konpontzeko, Espainia eta Frantziatik atera eta euskal errepublika» beharrezkoa dela.

Edonola ere, gaineratu dute eurek ez dutela «soilik euskal errepublikaren beharra aldarrikatzera mugatu nahi». «Euskal errepublikara doan bide bat ireki nahi dugu. Bide erreal bat ireki nahi dugu, bide sinesgarri bat ireki nahi dugu», azaldu dute.

Izan ere, haien aburuz «Frantzia eta Espainiarekin aldebikotasun hutsa ez da bide sinesgarria». «Hori badaki jendartearen gehiengo zabalak. Horregatik ez du aktibatzen, ez du erakartzen eta ez du polarizaziorik sortzen. Ez da bide egokia», esan dute, eta, ildo horretan, Ficobarako deia egin dute. Bertan, «Euskal errepublikara eraman gaitzakeen burujabetza iraultzari» hasiera emango zaiola aipatu dute, eta bide horretan «denok izango gara protagonistak», nabarmendu dute.