Haritz Larrañaga

Europako Junior itzulia: euskal surflariak nagusi

Europako Junior itzuliko lehen bi txapelketak egin dira eta euskal surflariak dira nagusi. Galizian egin berri den txapelketan Yago Dominguez bizkaitarrak irabazi du, eta lehenago Marokon egindako lehiaketan Bitor Garitaonandia eta Janire
Gonzalez-Etxabarri gipuzkoarrak gailendu ziren.

Yago Dominguez sopelarra, Galiziako txapelduna.
Yago Dominguez sopelarra, Galiziako txapelduna. (WORLDSURFLEAGUE.COM)

Europako Junior itzuliko lehen bi txapelketak egin dira eta Euskal Herriko ordezkaritzak sekulako emaitzak lortu ditu nesken zein mutilen kategorian. Marokon Bitor Garitaonandia debarra eta Janire Gonzalez-Etxabarri zumaiarra nagusitu ziren, eta larunbatean amaitu zen Galiziako txapelketan Yago Dominguez sopelarra gailendu zen mutilen kategorian.  

Irabazleez gain, aipagarriak dira Bizkaia, Gipuzkoa eta Lapurdiko surflariek lortu dituzten emaitzak. Marokon zein Galizian, mutilen zein nesken kategorian, azken txandetako surflari gehienak euskal herritarrak izan ziren eta hori rankingetan ikus daiteke. Mutilen rankingean Bitor Garitaonandia da buru eta neskenean, berriz, Janire Gonzalez-Etxabarri.

Hogei urtetik beherako surflarien Junior itzuliaz harago, Challenger Series itzulian lehiatzen ari diren euskal surflariak ere badira, eta oraingoz itzelezko emaitzak lortu ez dituzten arren, lehen mailan ari dira eta hori jada sekulako urratsa da.

Galiziako txapela

Larunbatean amaitu zen “Cabreiroa Junior Pro Ferrol” Europako Junior itzuliko bigarren txapelketa. Doniños hondartzan egin zuten eta Yago Dominguez eta Aelan Vaalast frantziarra nagusitu ziren. Nesken kategorian, gainera, Janire Gonzalez-Etxabarrirentzat izan zen bigarren postua.

Mutilen zein nesken kategorian final laurdenetara iritsi ziren lehiakideen erdiak euskal surflariak ziren. Bitor Garitaonandia eta Keoni Lasa gipuzkoarrak, eta Yago Dominguez eta Markel Vizcarguenaga bizkaitarrak, mutilen kategorian. Nesken kategorian, bestalde, Janire eta Annette Gonzalez-Etxabarri Zumaiako ahizpak, eta Ainhoa Leiceaga eta Juliette Lacome lapurtarrak.

Lehia itzela izan zen Galizian: lagunek haien artean ere gogor aritu behar izan zuten. Adibidez, Keoni Lasa eta Yago Dominguezek final erdietan eman zuten ikuskizuna itzela izan zen. Azkenean, ordea, bizkaitarra nagusitu zen eta txapela ere eskuratu zuen, Noa Dupoy frantziarra garaitu ostean.  

Edonola ere, mutilen rankingeko lehen bost postuak esanguratsuak dira. Lehen postuan Bitor Garitaonandia dago; bigarren postuan, Noa Dupoy frantziarra; hirugarrenean, Markel Vizcarguenaga; laugarrenean, Yago Dominguez, eta bosgarrenean, Keoni Lasa.

Nesken finalean ere euskaldun bat eta frantziar bat izan ziren buruz-buru Galizian, eta  Aelan Vaalast frantziarra gailendu zen, baina Janire Gonzalez-Etxabarrik jarraitzen du rankingeko buru, berak irabazi baitzuen Marokoko lehiaketa.

Marokon ere nagusi

Aurtengo Junior itzuli europarra Marokon hasi zen. Bitor Garitaonandia debarra eta Janire Gonzalez-Etxabarri zumaiarra izan ziren irabazleak, eta mutilen kasuan, gainera, bigarren postua Markel Vizcarguenaga Gorlizkoarentzat izan zen. Hasiera ezinhobea izan zuten, beraz, euskal surflariek.

Olatu txikiak izan ziren, baina gazteek maila altua erakutsi zuten. Garitaonandiak literalki  olatuak txikitu egin zituen eta aurtengoan kontuan hartzeko lehiakidea dela erakutsi zuen. Oro har, lehiatzeko sekulako gosea dutela erakutsi zuten surflari gazteek.

Orain etenaldi bat egingo dute 20 urtetik beherako lehiakideek eta iraila hasieran berrekingo diote Europako Junior itzuliari, Portugalen, Espinho hondartzan. Horren ostean beste hiru lehiaketa egingo dituzte eta amaieran, Europako rankingeko lehen bi mutilak eta lehen bi neskak abenduan egingo den Munduko Junior txapelketarako sailkatuko dira.

C. S itzulia Australian

Challenger Series itzulia ere hasi da eta bigarren txapelketa aste honetan bertan egingo dute Sydneyn, Australia ekialdean. Lehiakideen artean dira CS itzulian parte hartzeko plaza eskuratu duten euskal surflariek.
Gold Coasten egin zen zortzi txapelketaz osatutako itzuliko lehen lehiaketa eta azpimarratzekoa da Adur Amatriainek  erakutsi zuen indarra. Hirugarren txandan kaleratu zuten 19 urteko zarauztarra, baina kontuan hartu behar da lehen mailako surflariekin lehiatzen dela C.S zirkuituan.

Nesken kategorian Leticia Canales bilbotarra bigarren txandan kaleratu zuten, eta Nadia Erostarbek, Ariane Ochoak eta Pauline Adok ez zuten lortu lehen txanda gainditzea, baina guztiek lehen mailan lehiatzeko prest direla erakutsi zuten
Orain Sydneyn dira C.S itzuliko lehiakideak, 96 mutil eta 64 neska, itzuliko bigarren txapelketari ekiteko prest.