NAIZ

Irizar E-Mobility-ko langileek akordioa sinatu eta greba utzi dute 22 egun eta gero

Irizar E-Mobility enpresako langileen asanbladak oniritzia eman dio astelehen honetan zuzendaritzarekin lortutako akordioari eta, azkenean, greba mugagabea bertan behera utzi du, 22 egunen ostean.

Pasa den larunbatean Irizar E-Mobility-ko langileek Andoainen egin zuten mobilizazioa.
Pasa den larunbatean Irizar E-Mobility-ko langileek Andoainen egin zuten mobilizazioa. (Jon URBE | FOKU)

Zuzendaritzarekin aurreakordioa lortu eta ostiralean desblokeatu zuten lan gatazka Adunako Irizar E-Mobility enpresako langileek, baina grebari eutsi zioten, akordioaren sinadura ofiziala faltan –«erabat argitu eta sinatu» arte, esan zuten–. Astelehen honetan, azkenean, langileen asanbladak akordioa berretsi du eta bertan behera utzi du greba mugagabea, 22 eguneko lanuztearen ondoren. Hala, astearte honetan lanera itzuliko dira.

Enpresa batzordeak ohar batean adierazi duenez, lanuzteak «merezi izan du». «Firmatu dugun itunak nabarmen hobetzen dizkigu lan baldintzak». Halaber, akordioa greban egon diren 180 langileen «konpromiso eta borrokarik gabe» ez zela posible izango nabarmendu du. Jaso duten babesa ere eskertu dute enpresa batzordetik.

ELAk ere oharra igorri du eta lanuztearen bitartez «hobekuntza ugari» lortu dituztela baieztatu du. Zehazki, ondoko eginbideak adostu dituzte zuzendaritzarekin: KPIaz gaindiko soldata igoerak akordioaren hiru urteetarako (2022-2023-2024); gaueko plusetan hobekuntzak; irteera eta dieten hobekuntzak; jardunaldi irregularraren jaitsiera; urteko jardunaldian jaitsiera eta kategorietan hobekuntzak.

«Langileak antolatu eta grebara jotzea erabakitzen denean, hobekuntzak lortzen direnaren adibide dira», nabarmendu du ELAk.

Irizar E-Mobility enpresako bederatzi ordezkari sindikaletatik zortzi LABekoak dira, bederatzigarrena ELAkoa. LABek pasa den larunbatean Andoainen egin zuten elkartasun ekitaldian esan zuenaren arabera, beharginek «azken asteetan borroka eredugarria eraman dute aurrera, langileen lan baldintza duinen alde».