NAIZ

Apartamentu turistikoak arautzeko «premiazko» neurriak eskatu dituzte Hondarribian

Hondarribia EAEko hirugarren udalerria da apartamentu turistikoen kopuruari dagokionez, Donostiaren eta Bilboren atzetik. Abotsanitz Udal Taldeak ostatu hauek arautzeko eta ohiko erabilerarako alokairuzko etxebizitzak bultzatzeko eskaera egin du Udalean.

Turista batzuk Hondarribiko kaleetan.
Turista batzuk Hondarribiko kaleetan. (ABOTSANITZ)

Erabilera turistikoko etxebizitzak (VT, gaztelerazko sigletan) erregulatzeko eta alokairurako etxebizitzak sustatzeko neurriak eskatu zituen Abotsanitz Udal Taldeak apirileko ohiko udalbatzan aurkeztutako mozioaren bidez. Bi eskaera horiez gain, VT lizentziak behin behinean eteteko 2021ean hartutako erabakia luzatzeko eta etxebizitza klandestinoen aurkako neurriak hartzeko ere eskatzen zuen testuak. Onartu ez bazen ere, gaiarekin irmo jarraituko duela jakinarazi du asteazken honetan Abotsanitzek.

Lakuako Gobernuak berriki emandako datuen arabera, Donostiaren eta Bilboren atzetik, EAEko hirugarren udalerria da Hondarribia etxebizitza turistikoen kopuruari dagokionez. Datuok 2017ko abenduaren 31tik 2021eko abenduaren 31ra arteko bilakaera jasotzen dute, eta epe horretna %191,3 hazi zen hiriko VT-en kopurua, 69 izatetik 201 izatera.

2021. urtearen amaierako datuei erreparatuz, sailkapen horretan hiriburua ez den lehen udalerria da Hondarribia, Zarautz (149), Getxo (101), Bermeo (91), Gasteiz, Lekeitio eta Bakio (hirurek 55), Mundaka (50), Zumaia (48) eta Orio (41) herrien gainetik.

Gainera, zenbakiak «kezkagarriagoak» dira apartamentu turistikoek hiriko etxebizitza-parkean duten eraginari erreparatuz gero. Izan ere, «Hondarribiko etxebizitza-parke osoaren %2,3 dira VT-ak, beste herri turistikoetan baino askoz gehiago (Donostian, %1,34; Zarautzen, %1,28; Getarian, %1,8...)», salatu du Abotsanitzek.

Kopurua (%2,3) txikia dirudien arren, «ondorioak oso nabarmenak dira: alokairu-eskaintza garestitzea, etxebizitzen prezioen gorakada, bizitegi-erabilera normalerako etxerik ez egotea, azpiegiturak kolapsatzea, gentrifikazio prozesua, auzotarren arteko edo komunitateko harremanen galera...».

«Premiazko» neurriak

Apirileko osoko bilkuran aurkeztutako mozioa aurrera atera ez zen arren, gaia lantzen jarraituko du Abotsanitz Udal Taldeak, egoera «kezkagarria» delako eta «premiazkoa» delako neurriak hartzea, bai etxebizitza turistikoak erregulatzeko, bai Hondarribian bizi nahi duten pertsonek horretarako aukera izan dezaten. «Gauzak horrela, eztabaida prozesuan ari den plan orokorrean VT-ak arautzeko neurriak jasotzea interesgarria deritzogu, baina, ezin dugu horren zain egon. Egungo arauak zein aukera eskaintzen duen aztertu behar da», azaldu du Udal Taldeak.

Horrez gain, ohiko erabilerarako alokairuzko etxebizitzen aldeko programak abiatzeko ere eskatzen du Abotsanitzek, Hondarribian «ia ez dagoelako alokairuzko eskaintzarik». Hain zuzen ere, alokairuan bizi nahi dutenak dira, gazteekin eta errenta baxuko familiekin batera, kaltetuenak VT-en erregulazio faltagatik, aldarrikatu dute.