NAIZ

Hezkuntza Sailaren «aldebakarreko» jokabidea salatzeko Lakuan mobilizatu dira sindikatuak

Steilas, LAB, CCOO eta UGT sindikatuak Lakuako Gobernuak Gasteizen duen egoitzaren aurrean kontzentratu dira asteazken honetan, Hezkuntzako plantillak egonkortzeko eskatzeko eta Sailaren «aldebakarreko» jarduera salatzeko.

Hezkuntzako sindikatuen mobilizazioa Lakuan.
Hezkuntzako sindikatuen mobilizazioa Lakuan. (STEILAS)

Steilas, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek Hezkuntza Sailaren jokabidea salatu dute Lakuako Gobernuaren egoitzaren aurrean asteazken honetan, «gure lan baldintzak eta gure ikastetxeen egunerokoa baldintzatuko duen erabakiak hartzerako orduan».

Besteak beste, gardentasun falta, alde bakarreko erabakiak akordioaren puntuen planteamenduan edo sindikatuekin negoziatu edo hauei berri eman gabe ikastetxeetara informazioa helaraztea leporatu diote.

Batetik, ikastetxeen egonkortasuna bermatzeko ezinbestekoak diren estabilizazio prozesuei dagokionez, «Espainiako Gobernutik datorren legedia eta denbora epeak langileon mesedetan aplikatzeko bideak ez bilatzea» kritikatu dute. EAEn ez baitute izan gaur gaurkoz lanpostuak identifikatzeko edo negoziatzeko aukerarik jaso, eta Hezkuntza Sailak informatu bai, «baina negoziatzeko aukera ukatu digu oraingoan ere».

Bestetik, akordioen bidez adostu nahi diren bestelako lan baldintzei dagokienez, Hezkuntza Sailak euren lan zama arintzeko neurri gehiago ezarri ditzan exijitu diote eta «aldebakarrez» ezarri nahi dituen neurriak bertan behera uzteko.

«Hezkuntza Sailak hautagaien zerrenda oposizio emaitzekin lotu nahi du. Ulergaitza honek dakartzan ondorio tamalgarrien eredua, adibide gisa, Nafarroako eredua dugu. Langile guztiak beti oposizioak prestatzen aritu beharko dira ikastetxeen kalterako, eta azterketa zeharo memoristikoa bultzatzen du, honek antzinatasunak baino pisu gehiago izango duelarik», azaldu dute sindikatuek.

Halaber, kritikatu egin dute «lan zama arindu beharrean, gaur gaurkoz dugun lan burokratiko eta pertsonalari jaramonik ez» diela egin Hezkuntzak. «30 orduko presentzialitate asmoen gainetik, Sailak argi adierazi dezala ikastetxeko dedikazioa esaten denean ez diola presentzialitateari erreferentziarik egiten; eta Bigarren Hezkuntzan lan zamak arintzeko neurri eraginkorrak ezarri ditzala», adierazi dute. Gainera, uztailean ikastetxean egoteko beharraz argipen zehatzak egin ditzala eskatu diote: «Klaustroaren erabakimenez eta lanaldia inolaz ere gainditu gabe».

Lan baldintzetan, «eta ondorioz ikastetxeetan eragin zuzena izango duten neurri hauen aurrean», sindikatuek ezinbesteko deritzote mobilizatzea. Horregatik, Steilas, LAB, CCOO eta UGTk maiatzaren 24an langileak euren ikastetxeetan konzentratzera animatu dituzte.