NAIZ

Mutualia eta Osakidetzaren arteko akordioak konfidentzialtasuna urratuko duela salatu dute

ELA, LAB, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek elkarretaratzea egin dute ostegun honetan Mutualiaren egoitzaren aurrean, Bilbon, mutualitate honen eta Osakidetzaren arteko akordioak patronalaren interesen alde egin eta mediku historialetan izan dezakeen eragina salatzeko.

Mutualiaren egoitzaren aurrean, Bilbon,  ELA, LAB, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek eginiko elkarretaratzea.
Mutualiaren egoitzaren aurrean, Bilbon, ELA, LAB, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek eginiko elkarretaratzea. (FOKU)

Osakidetzak eta Mutualiak lankidetza hitzarmena sinatu zuten bi erakundeetako medikuek pazienteen mediku historiala elkarbanatzeko. ELA, LAB, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuentzat «osasun publikoaren pribatizaziorako beste urrats bat» da, eta «mediku historialetan esku sartze larria eragingo du, enpresen interesen mesedetan».

Bilbon egindako elkarretaratzean azaldu dutenez, Mutualia da EAEko mutualitate handiena, eta hitzarmenak 421.959 langile ingururi eragingo die. «Pentsa daiteke beste mutualitateek ere bide berari jarraituko dutela. Gure historia mediko osoa ezagutzeko aukera izango duten akordio berri honekin, are zailagoa izango da mutualitateek behar bezala artatzea, irizpide medikoak irizpide ekonomizisten aurretik jarriz», salatu dute sindikatuek.

ELA, LAB, Steilas, Etxalde eta Hiruk gogoratu dute mutualitateak hasiera batean enpresa elkarteen langileen kontingentzia profesionalak kudeatzeko sortu zirela eta elkarte patronal pribatuak direla.

«1996tik aurrera, Madrilgo Gobernuak eskumen handiagoak ematen hasi zitzaizkien. 2015eko erreformarekin, Gizarte Segurantzaren Mutua laguntzaile izatera igaro ziren, eskumen handiagoak bereganatuz eta, ondorioz, botere handiagoa izanik, hala nola kontingentzia arruntetako prestazioaren kudeaketa, haurdunaldiko arriskuena, edo langileen jardunena, besteak beste», adierazi dute.

Hala, 2014an, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren erreformaren bidez, mutualitateetako profesionalei historia klinikorako sarbidea ireki zitzaiela salatu dute, baina, azkenean, Datuak Babesteko Legeak eragotzi egin zuela gogoratuz.

Dena den, Osakidetzak eta Mutualiak lankidetza hitzarmen bat sinatu zuten pasa den astean, osasun sistema publikoko datu medikoak eskuratzeko, «teorian pazienteen berariazko baimenarekin». «Hitzarmen horrek botere handiagoa emango dio Mutualiari, eta datu medikoen konfidentzialtasunerako eskubidea urratuko du», kritikatu dute.

Gainera, osasun sistema publikoan pazientearen eta medikuaren arteko harremana larriki kaltetu dezakeela uste dute sindikatuek; izan ere, «baliteke beren historian arreta edo kalteak agertzea nahi ez izatea, eta, ondorioz, beren lan bizitzan aurka erabil daitezke», gehitu dute.