Jaime León (EFE)

Ogiaren prezioaren igoerak kaleak aztoratu ditu berriro ere Iranen

Duela hiru urte gasolina izan zen. 2021ean lehorteak eragin zuen ur falta. Egun, ogiaren eta beste oinarrizko jakien prezio igoerak jendea atera du berriro ere kalera Irango agintarien kontra.

Teheran hiriburuko irudia.
Teheran hiriburuko irudia. (AFP)

Joan den aste bukaeratik hona gero eta gehiago dira Irango hiri askotan protestak. Matxinoek okindegien eta kasu batzuetan meskiten kontra ere egin dute.

Ali Jamenei ayatollah eta Irango erregimenean agintari gorenaren eta Ebrahim Raisi presidentearen aurkako leloekin, manifestariek  ogiaren, arrozaren edota olioaren prezioaren gorakada izugarria salatzen dute.

Subentzioak bertan behera

Gobernuak produktu hauek erosi ahal izateko diru-laguntzak etetea erabaki zuen apirilaren bukaeran eta ordutik hona prezioa hirukoiztu egin da.  

Iraniar arrunten ekonomiaren aurkako azken erasoa da. Inflazioa %40koa da eta Amerikako Estatu Batuen zigor ekonomikoei azken bi urteko pandemiaren kalteak gehitu zaizkie.

«Samurragoa da zerk ez duen prezioz igo esatea», azaltzen du Sasanek, Teherango hiri-erdian dagoen kafetegi baten arduradunak. 

33 urte ditu eta oraindik gurasoekin bizi da. Hauen etxearen alokairua %143 igo zen duela aste batzuk.

Gauzak ere ez daude samurrak bere negozioan. Aurreko hilean inguruko bulegariak erakartzen dituzten kafeen eta kroasanen prezioa %15ean igo behar izan zuen. Ondorioz, salmentek %20an jaitsi dira eta zortzi langile ditu bere karguan.

Irinaren eta esnekien subentzioen amaieraren ostean prezioetan beste %15eko igoera egin beharko du eta, kexu da negozioak ez ote duen jasango.

Liskarrak okindegian

Handik gertu, okindegi baten atarian dagoen gizon batek egoeragatik aztoratuta dagoela onartzen du. «Gauez ez dut lorik egiten, nerbioak jota. Hilero 60.000.000 rial irabazten ditut (240 dolar) eta bi seme ditut», azaltzen du banaketa konpainia batean lan egiten duen mezulariak.

Irango presidenteak 4.000.000 rialen (16 dolar) diru-laguntzak iragarri ditu datozen bi hilabeteetan txiroenentzat. «Xoxa horiekin ez goaz inora», gaineratzen du mezulariak.

Okindegiaren jabeak dioenez, liskarrak egon izan dira klienteen artean. «Jendeak ez du dirurik eta larri dago. Azkenean errua guri botatzen digute»

Irinagatik bost aldiz gehiago ordaintzen hasi dira eta prezioak igo egin beharko dituela justifikatzen du.

Okerrena, hala ere, iristear dagoela ziur da. «Gauzek horrela jarraitzen badute nik ere bat egingo dut protestekin», ohartarazten du.  

Urteetako haserrea

Matxinada joan den ostiralean hasi zen eta momentuz ehunka baino ez dira kalera ateratzen direnak.

Berdin gertatu zen, hala ere, aurreko urteetako protestatan.

2019an erregaien prezioen igoerak jendea kalera atera zuen eta matxinadak kutsu erraldoia eta politikoa hartu zuen. Gobernuak errepresioan hildakoak onartu zituen orduan, 300dik gora Amnesty Internationalak salatu zuenez.  Atxilotutakoak milaka izan ziren.

2020an eta 2021ean,  ur faltak liskarrak eragin zituen hainbat hiritan eta Errepublika Islamdarraren aurkako mezuak zabaldu ziren.

Egungo protestatan oraingoz 2 hildako onartu dituzte, basij miliziaren kide bat eta manifestari bat.

«Nik ez dakit zein den irtenbidea. Dakidan bakarra gure bizitza gero eta gogorragoa dela», amaitzen du Sasanek, Teherango kafetegiaren arduradunak.