NAIZ

Josu Retolaza eta bera bezala hildako beste preso ohientzat aitortza eskatu dute

Espetxean garatutako minbiziaren ondorioz hil zen Josu Retolaza eibartarra duela 35 urte. Bera bezala joan dira beste euskal preso batzuk; ofizialki ez dituzte biktima gisa hartzen baina bistan da «ekidin zitezkeen» heriotzak izan direla. Horretaz ohartarazi du Egiari Zorrek.

Retolazaren argazkia, Eibarko ekitaldian, eta Ibon Garate (Egiari Zorreko kide eta Ruben Garate zenaren anaia), hizlari.
Retolazaren argazkia, Eibarko ekitaldian, eta Ibon Garate (Egiari Zorreko kide eta Ruben Garate zenaren anaia), hizlari. (Aritz Loiola | Foku)

«Ekidin zitekeen». Hau izan da Egiar Zorrek Eibarren igande eguerdi honetan nabarmendu duen mezua. Josu Retolaza izan du gogoan, 1987ko maiatzean Herrera de la Manchako espetxetik atera eta denbora gutxira minbiziaren ondorioz hildakoa, 33 urte baino ez zituela. Baina beste asko ere bai, zerrenda luzea baita, eta gaurdaino heltzen da gainera.

Jaiotzez elgetarra zen Retolaza baina Eibarren bizi izan zen, eta bertako Txaltxa plazan izan da ekitaldia. Eritasuna urtebete lehenago diagnostikatu zioten, baina jada bederatzi hilabete lehenagotik zituen zantzuak, ‘Egin’-en azaldu zuenez. Bien bitartean, behin gorputzean zuen zauria kolpatzeari ekin zioten espetxe funtzionarioek, zigor gisa.

 

Diagnostikoa izan ostean ere ez zuen tratamendu egokirik jaso; are gehiago, erietxeetarako joan-etorrietan eragindako sufrikarioak bere egoera okertu zuen. Ez da orduko arazoa bakarrik; duela 16 hilabete eskas kimioterapia tratamenduari uko egin zion Antton Troitiño presoak, ezartzen zizkioten baldintzak ikusita (pasa den abenduan hil zen azkenik, kalera atera eta hamar hilabetetara).

Kaleratzea oso berandu gertatu zen, gaixotasuna erabat aurreratua zegoelako. Ohean eman behar izan zuen denbora gehiena [Euskal Memoriaren irudia lekuko], eta Eibartik Debara lekualdatu zen, bere herriko kutsaduraren eragin erantsiari izkin egiteko asmoz. 1987ko maiatzaren 19an zendu zen azkenik.

Oroimena Ibon Muñoaren olerki batekin osatu dute, musikaz lagunduta. Senideentzako aurresku bat dantzatu dute eta zenbait bertso ere eskaini zaizkio duela 35 urte hildako preso ohiari. Eta Josu Retolazaren ibilbidea errepasatu dute; izan ere, 1980. urtean gertatutako atxiloketaren ondorioz jada erietxeratu behar izan zuten.

Kasu hau erreferentziatzat hartuta, zera adierazi du Egiari Zorrek: «Beharrezkoa da presoek eta senideek jasandako biolentziak, zuzenekoak eta zeharkakoak, argitara ateratzea eta aitortzea. Baina batez ere, ezinbestekoa da behingoz desagertzea gaur egungo salbuespenezko espetxe sistema ankerra, bizitza gehiago arriskuan ez jartzeko».

«Oraindik ere biziak lapurtzen»

Ibon Garatek, Egiari Zorreko kide eta espetxera bidean hil zen Ruben Garateren anaiak, azaldu du Fundazioaren posizioa afera honetaz: «Beharrezkoa da presoek eta haien senideek jasandako biolentziak, zuzenekoak eta zeharkakoak, aitortzea. Beharrezkoa da salbuespenezko espetxe politikak eragin dituen urraketen egia itzaletik argitara ateratzea. Baina, batez ere, ezinbestekoa da behingoz bertan behera uztea oraindik indarrean jarraitzen duten indarkeria instituzionalaren adierazpenak. Pertsona guztien eskubide guztiak bermatzea izan behar da abiapuntua, inolako baldintzarik gabe».

«Memoria iraganari dagokion kontua da, gertatu zenari lotutakoa –erantsi du Garatek-. Baina gaur orainera jo behar dugu: oraindik ere biziak lapurtzen jarraitzen duen espetxe-errealitate bat bizirik dagoelako».

Ekitaldiaren aurkezpenean oroitarazi dutenez, «salbuespenezko espetxe sistemak eragindako heriotzei dagokienez, azken sei hamarkadetan 38 euskal preso politikok eta 16 senide eta lagunek galdu dute bizitza».

Bideo bat ere prestatu du Estatuak eragindako biktimak biltzen dituen fundazioak, euskal gatazka politikoaren testuinguruan salbuespeneko espetxe sistemak eragin dituen hildakoen inguruan hainbat adituk eta senidek emandako testigantzak eta egindako gogoetak jasotzen dituena. Laster egongo da ikusgai.