NAIZ

Lakuak helegitea aurkeztuko du Gorenean ostatuen itxiera baliogabetzen duen epaiaren aurka

Lakuak helegitea jarriko du ostalaritzaren itxiera baliogabetzat jotzen duen EAEko Auzitegi Nagusiaren epaiaren kontra. Gobernuak azaldu duenez, bere zerbitzu juridikoen ustez, erabakiak ez du justifikaziorik eta proportzionaltasun printzipioa urratzen du.

Ostalarien protesta, Bilbon, justu orain urtebete, Lakuaren egoitzatik EAJrenera.
Ostalarien protesta, Bilbon, justu orain urtebete, Lakuaren egoitzatik EAJrenera. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Gipuzkoa, Bizkai eta Arabako ostalaritza elkarteek aurkeztutako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa onartu du EAEko Auzitegi Nagusiak. Bertan, Lakuak 2020ko abenduan agindutako itxiera baliogabetzat jotzeko eskatzen zuten. Administrazioak argudiatu duenez, ordea, ‘covidaren aurkako neurri’ hori ezartzea beharrezkoa da kutsatzeak ez areagotzeko.

Ebazpenak baliogabetzat jo du 14 egunetan 100.000 biztanleko 500 kasuko intzidentzia tasa metatua duten 5.000 biztanletik gorako udalerrietan ostalaritza establezimenduak ixtea agintzen zuen agindua.

Horren aurrean, Lakuak kasazio-errekurtsoa aurkeztuko du Auzitegi Gorenean, besteak beste, Auzitegi Nagusiaren epaian barne «inkongruentzia larria» ikusten duelako. Defendatu duenez, «ezin da esan hartutako neurriak egoera epidemiologikoaren araberakoak direla eta Bizi Berri II Planaren irizpideekin bat datozela (eta ostalaritzan neurri murriztaileak hartzea ez dagoela behar bezala arrazoituta) eta, aldi berean, ez dela inpugnatutako neurriei buruzko azterketa zehatzik egin, ezta horien beharraz, proportzionaltasunaz eta egokitasunaz ere».

Ildo horretan, gogoratu du Auzitegi Gorenak berak adierazi duela arrazoitzeak ez duela esan nahi txosten zorrotz eta askotarikoak egin behar direnik.