NAIZ

Barakaldoko Santa Ageda ermitara doan Erdi Aroko galtzada arriskuan dagoela salatu du Eguzkik

Eguzki talde ekologistak salatu du Las Delicias auzotik (Urgozo) Santa Ageda ermitara doan Erdi Aroko galtzada arriskuan dagoela, eukalipto landaketengatik. Neurriak lehenbailehen hartzeko eskatu dio Barakaldoko Udalari.

Santa Ageda ermitara doan Erdi Aroko galtzada.
Santa Ageda ermitara doan Erdi Aroko galtzada. (Ezagutu Barakaldo)

Eukalipto landaketak Las Delicias auzotik (Urgozo) Santa Ageda ermitara doan Erdi Aroko galtzada higatzen ari direla salatu du Barakaldoko Eguzki talde ekologistak. «Gure ingurune naturala txikitzeaz gain, gure ondare kultural eta arkeologikoari ere eragiten dio», adierazu du Eguzkik. Izan ere, galtzada hori Santiago bidearen zatia da.

Hori dela eta, Barakaldoko Udalari eskatu dio 7. poligonoko 26. eta 27. partzela publikoetan dauden eukaliptalak mozteko izapideak egin ditzala, «berehala mozteko neurri sobera onargarria baitute».

Gainera, galtzada horren zati batean, hazten ari den baso autoktonoa dagoela nabarmendu du talde ekologistak, «eta sail inbaditzaileak arriskuan jartzen du». Horregatik, bi eukalipto sail horiek berehala desagertzeko eskatu du.

Eguzkik dioenez, zonalde hori babestutako bi guneren artean dago: Galdamesko biotopoaren eta Ganekogortaren erdian, azken hau hainbat aintzatespenekin.

Eguzki bere burua eskaini dio Udalari lursail horien zaintza lanak egiteko, «Udalarekin lankidetza hitzarmenean eta udalerriko beste erakunde batzuekin auzolanean, herritarrei basoberritzean eta zaintzan parte har dezaten aukera emanez».

Gaur egun, zenbait tartetan induskatutako galtzadaren zati bat baino ez dago agerian, gehienetan asfaltatutako errepidearekin bat egiten duelako.