Asier Robles

EAEko Hezkuntza Akordioaren aurkako mobilizazioa deitu dute ekainaren 5ean

Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak EAEko Parlamentuan eztabaidatzen ari den Hezkuntza Akordioaren inguruko irakurketa ezkorra egin du, eta kalejira «aldarrikatzailea» deitu du ekainaren 5ean Bastidan izango den Euskal Eskola Publikoaren jaiaren baitan.

Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformaren prentsaurrekoa.
Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformaren prentsaurrekoa. (Raul BOGAJO | FOKU)

Bilbon egindako prentsaurrekoaren bitartez, Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak EAEko Hezkuntza Akordioaren inguruko irakurketa «ezkorra» duela azaleratu du, bere ustez «ez duelako jasotzen eskola publikoa hezkuntza sistemaren erdigunea eta lehentasuna izatearen beharra».

Gasteizko Parlamentuak iragarri duen legearen eraketari begira, emango diren urrats guztiak «arretaz jarraituko» dituztela adierazi dute plataforma osatzen duten eragileek, eta lege bihurtzean kontuan hartu beharreko hainbat puntu aipatu dituzte.

Hala, akordioa «publikoaren» kontzeptua «birdefinitzen» saiatzen dela salatu dute: «Titularitatea gutxiena balitz bezala agertzen da, baina gure hezkuntza sistemak duen ezaugarririk nabarmenena eta segregazioaren iturri handiena da, hain zuzen ere, ikastetxe pribatuei ematen zaien tratamendu abantailatsua».

Plataformarentzat, bide horretan jarraitzeak «desoreka eta diskriminazio handiagoa baino ez luke ekarriko, eta ez luke inolaz ere beteko akordioak berak aipatzen duen segregazioarekin amaitzeko helburua».

«Jabetza, titularitatea, eta kudeaketa pribatua duten ikastetxeak ezin dira publikotzat hartu. Diru publikoa guztion zerbitzura jarri behar da: interes partikularrak gailentzen direnean, gehienok galtzaile ateratzen gara, sektore zaurgarrienak bereziki», gaineratu dute.

Akordioak eskola publikoarentzako finantzaketa planik aurreikusten ez duela ere salatu du plataformak. Irakaskuntza publikoak inbertsio plana behar duela nabarmendu dute: «Ikastetxe publiko berriak sortzea, egun ditugun azpiegiturak hobetzea, euskara indartzeko plana, hezkuntza ez formala doakoa... Honi eman behar zaio lehentasuna».

Bestalde, plataformak adierazi du lege berriak argi eta garbi adierazi beharko duela itunpeko ikastetxeen kuotekin amaitzen den ala ez.

Plataformak eskola eta plaza publiko berriak sortzea eskatzen du, «nahi duten familia guztiek eskola publikoan ikasteko aukera izan dezaten». Honekin batera, itunpeko ikastetxeen gehiegizko eskaintzarekin amaitzea eskatu du eta ikasposturik ez ituntzea plaza publiko hutsak egonez gero.

Bestalde, Euskal Eskola Publikoaz Harroren arabera, akordioak ez du eskola segregazioarekin bukatuko, «arazo estrukturalari eusten ez diolako».

«Benetako aukera berdintasuna ikasle guztiek kalitatezko hezkuntza jasotzeko benetako aukera izatean datza datza, ikastetxe bakoitzak aniztasunari erantzuteko behar dituen bitartekoak ziurtatuz», gaineratu du.

DBH amaieran lortu beharreko hizkuntza mailaren formulazioa gaurkotzen da akordioan, B2a aipatuz. Testuaren arabera, «euskara, gaztelania eta beste hizkuntza batek ikaskuntzak bideratuko dituzte, eraginkortasuna areagotzeko».

Hori, aldarrikatzen duen murgiltze sistemaren kontrakoa eta euskararen ezagutzarako «oso kaltegarria» izan daitekeela dio plataformak: «Arlo horretan ere, erabaki gardenak hartu beharko dituzte. Euskara biziberritzeko proiektua aldarrikatzen dugu, egungo errealitateak planteatzen dizkigun erronkei arrakastaz aurre egiteko».

Ikastetxeen laikotasunari buruz, plataformaren ustez, ikastetxe konfesionalak ez lirateke diru publikoz mantendu behar.

Mobilizazioak

Horregatik, mobilizazioak iragarri ditu Euskal Eskola Publikoaz Harrok. Alde batetik, ekainaren 5ean Bastidan izango den Euskal Eskola Publikoaren jaian parte hartzera dei egin dute eta egun horretan kalejira «aldarrikatzailea» egingo dute 13.00etan eta Bastidako Barajuela kalean hasita. Bestetik, udazkenean, beste mobilizazio bat deituko duela iragarri du.