NAIZ

Egungo egoera «azken hamarkadetako zalantzazkoena eta konplexuena» dela ohartarazi du Adegik

Jose Miguel Ayerza Adegiko zuzendari orokorrak ohartarazi duenez, «enpresak beren jarduera garatzen ari diren egoera ekonomikoa azken hamarkadetako zalantzazkoena eta konplexuena da».

Adegiren arduradunak, Donostian egindako agerraldian.
Adegiren arduradunak, Donostian egindako agerraldian. (Gorka RUBIO | FOKU)

Egungo testuinguru ekonomikoa «azken hamarkadetako zalantzazkoena eta konplexuena da». Hala adierazi du Jose Miguel Ayerza Adegiko zuzendari orokorrak, astearte honetan enpresei egindako inkesten emaitzak aurkezteko eskaini duen prentsaurrekoan.

Adierazi duenez, «lehengaien hornidura eta prezioa, soldata igoera eta salmenten errentagarritasunaren jaitsiera dira enpresen kezka nagusiak».

«Lehengaien hornidurarekiko eta prezioarekiko kezka da nagusiena. Enpresen hamarretik zortzik adierazi dute. Inkesta egiten dugunetik mailarik altuena da. Eraikuntza enpresa guztiak kezkatzen ditu, industriako enpresen hamarrekin bederatzi eta zerbitzu sektoreko erdiak», nabarmendu du.

Eta 2021eko azken hilabeteetatik lehengaien prezioak berriro igo direla ohartarazi du, batez ere metalak. «Petrolioaren eta gas naturalaren prezioak ere nabarmen gainditzen ditu 100 euroak, eta horrek elektrizitatearen prezioen gorakada ekarri du. 2022ko lehen hilabete hauetan, prezio horiek lau aldiz biderkatu dira», azaldu du.

«Bigarren postuan mantentzen da lan kostu handien eta soldata igoeren inguruko kezka, arazo bat baita enpresen %46,5entzat. Hirugarren postuan mantentzen da, halaber, enpresen %36k adierazten duten salmenten errentagarritasunaren jaitsierak eragindako kezka», nabarmendu du Ayerzak.

Salmenten errentagarritasuna murrizteari dagokionez, «kasuistika askotarikoa» dela esan du, «lurraldean ditugun sektore eta enpresa bezainbestekoa. Enpresa jardueran, ordea, bada burdinazko lege bat: egungo errentagarritasunak eta marjinak biharko inbertsioak eta etorkizuneko enplegua dira».

Zentzu honetan, adierazi duenez, «salmenten eta eta errentagarritasunaren marjinen jaitsierak jarraitzen badute, enpresek jasangarritasun arazo larriak izan ditzakete epe labur eta ertainean, eta enpleguan eragina izan daiteke».

Etorkizunari begira zalantza ugari daude. «Alde batetik Ukrainaren inbasioak eragin handia izan du lehengaien eta energiaren merkatuetan, inflazioa handitu egin da eta jarduera ekonomikoa ahuldu, batez ere Europan. Lehen hiruhilekoan, Europako Batasuneko produktu gordina %,04 baino ez da hazi».

«Bestetik, inflazio baxuko, interes tasa eta nolabiteko egonkortasun geopolitikoko egoera batetik gatoz eta, inflazio handiko, goranzko interes tasa eta egoera geopolitiko tentsionatu eta zalantzaz beteriko batera pasatu gara», adierazi du, eta auzolanean aritzeko beharra azpimarratu, «enpresak, enpresetan lan egiten duten pertsonak, sindikatuak, administrazioak eta gizarte osoak».