NAIZ

Errusiera hizkuntz ofiziala izango da Khersonen, ukrainarrarekin batera

«Ez ditugu inoren eskubideak urratuko». Erizpide hori erabiliz, errusiera ere Jersonen hizkuntz ofiziala izatea erabaki dute bertan Errusiak ezarritako agintari berriek. Ukrainiarrarekin batera izango du estatus hori, Khersongoko Administrazio Militar eta Zibileko presidenteordeak esan duenez.

Sobietar ikurra ageri da Khersongo toki nagusietako batean.
Sobietar ikurra ageri da Khersongo toki nagusietako batean. (Andrey Borodulin | AFP)
Errusiak Ukrainako Kherson probintzian ezarritako agintariek astearte honetan iragarri dutenez, errusiera hizkuntza ofiziala izango da ukrainarrarekin batera, eta «garrantzi nazionaleko» gaietan «nagusia» ere izango dela erantsi dute.

Kiril Stremusov Khersongo Administrazio Militar eta Zibileko presidenteordeak adierazi duenez, «errusiera, ukrainarrarekin batera, estatu hizkuntza izango da Jerson eskualdean». «Errusiera izango da hizkuntza nagusia lanean, komunikazioan eta garrantzi nazionaleko gai guztietan», esan du RIA Novosti agentziari egindako adierazpenetan.
Eskoletan biak batera izan daiteke

Horren harira, Stremusovek nabarmendu du ikastetxeetan errusieraz irakatsiko dela, baina ateak ireki dizkio ere ukraineraz eskolak ematen jarraiteari, gurasoek hala eskatuta, 'Vesti' egunkariak jaso duenez.

Era berean, agintariek tatariar krimearrari estatus hori bera emateko aukera aztertuko dutela azpimarratu du. «Ez ditugu inoren eskubideak urratuko. Krimeako tatariarren komunitate handia dugu gure eskualdean», adierazi du, pauso hori jada Krimean eman zela gogorarazi aurretik, Errusiarekin 2014. urtean elkartu ondoren hain zuzen ere.