NAIZ

Higiezinen merkatua arautzeko neurri ausartak eskatzeko zergen bulegoa okupatu du EH Baik

Bigarren etxebizitzen etengabeko hazkundea gelditu nahi bada higiezinen merkatua arautzeko neurri ausartak behar direla hartu aldarrikatzeko Baionako zergen bulegoa okupatu dute gaur arratsaldean EH Baiko ekintzaileek.

EH Baiko ordezkariek ekintzaren nondik norakoak azaldu dituzte Baionako zergen bulegoaren aitzinean
EH Baiko ordezkariek ekintzaren nondik norakoak azaldu dituzte Baionako zergen bulegoaren aitzinean (Patxi BELTZAIZ)

Arratsaldeko ordu biak pasatxo okupazio ekimena burutu dute EH Baiko militanteek Baionan.

Hainbat ekintzaile zergen bulegoan sartu dira ezkerreko mugimenduak berriki martxan eman zuen «Joko arauak alda ditzagun» leloa duen kanpaina fase berri batean sartzera dola jakitera emanez.

Hala, heldu diren asteetan «erantzun instituzionala ez bada erronken araberakoa izaten» gaur bezalako okupazio ekintzak areagotuko dituztela jakinarazi dute, bidez batez herritarrei gonbidapena luzatuz protesta molde horrekin bat egiteko.

Ipar Euskal Herrian covid-19ak eragindako pandemiak areagotu duen bigarren etxebizitzen parkearen etengabeko hazkundea geldiarazteko «merkatua arautzeko neurri ausartak behar direla hartu» agerian jarri nahi izan dute gaurko ekintzaren bidez EH Baiko militanteek.

Azkeneko hilabeteetan hainbat erakundek urratsak eman dituzte etxebizitzaren gaineko arazoari aurre egin nahian.

Euskal Elkargoak gehiengo zabal batez onartu zuen Airbnb bezalako plataformen bidez eskaintzen diren alokairuak arautzeko tresna berria. Hala, konpentsazio sistemaren bidez urteko alokairua nahi du sustatu Ipar Euskal Herriko erakundeak.

EH Baik mezua igorri die gaur Ipar Euskal Herriko auzapezei, arautegi berria eskutan, erabakiak har ditzaten.

Prefetari zuzenduriko mezua

Bestalde, Pirinio Atlantikoen Prefekturaren bultzadapean, erakundeetako ordezkariak soilik ez, etxebizitzaren alorrean lan egiten duten egituretako adituak ere biltzen dituen batzorde estrategikoa eratu da.

Hain zuzen, Eric Spitz prefetari mezua igorri diote gaur EH Baiko ekintzaileek.

«Eric Spitz prefetari zuzentzen gira berriz benetazko neurriak har ditzan espekulatzaileek Monopoly partida geldi dezaten», oharra egin dute.

Baionako karrikak 2021ko azaroaren 20an zeharkatu zituen manifestazio handiaren ostean heldu dira gehienbat erakunde zein gizarte zibilak bultzaturiko ekimenak. Ildo beretik, ekainaren 4an etxebiziztaren gaineko foruma antolatu dute Hiriburun.

Izan ere, iragan astean bertan Alda! mugimenduak Suprefeturaren lorategian kanpamendua antolatu zuen uda garaia heltzear delarik urteko alokairua duten maizter asko etxebizitza libre uzteko behartuak direla salatzeko. Alokairu kontratuen gaineko iruzurra salatu zuen taldeak.

Udalek onarturiko zergen emendaketa ez da nahikoa

Bestalde, eskualde ezberdinetan udalek neurri fiskalak hartu dituzte bigarren egoitzen gaineko zergak handitzeko.

«Duela zenbait urte, bigarren bizitokientzat bizitegi zergaren emendatzea defendatzen genuelarik, utopia hutsa zela erantzun ziguten, alta, militante abertzaleen lanari esker bada orain zenbait urte neurria aplikatzen dute iritzi politiko desberdinetako herriko etxeek», oroitarazi du EH Bak.

Hala eta guztiz ere, mugimendu honen arabera udalen eskuduntza mugatua den heinean urrats hori ez da nahikoa etxebizitza duin bat izateko herritar askok dituzten trabak gainditzeko. «Bigarren etxebizitzen gaineko %60eko gainzergatzea ez dela aski» adierazi du EH Baik gaur martxan eman duen ekintzaren bidez, «eredu kapitalistaren higiezinen merkatua arautzea beharrezkoa dela» gaineratuz.

Aldarrikapen horo irudikatzeko, etxebizitza eskubidea ez dela bigarren mailako eskubidea adierazteko banderola zabaldu dute zergen bulegoan sartu diren militanteek. Bertze batzuk, anartean, Monopoly jokoan baliatzen diren txartela faltsuak aireztatu dituzte.

Arazoaren larritasunaz behingoz ohartarazteko neurri sakonak hartzea galdetu dute, hala nola egoliarraren estatusari buruz azterketa juridikoa aginduz. Tresna horren bidez lurraldean denbora tarte zehatz bat behar da pasa etxebizitzaren jabe bilakatu ahal izateko.