NAIZ

Larunbateko indarrarekin euskalduntzean «jauzi indartsu bat» egiteko prest da Euskara Aurrera

Larunbatean milaka pertsona batu zituen manifestazioaren ondotik, Euskara Aurrera dinamikako antolatzaileek agertu dute Euskal Herriaren euskalduntzean «jauzi indartsu bat» egiteko «indarberrituta» daudela. Haien esanetan, «euskararen aldeko herri olatu» baten abiapuntua izan zen mobilizazioa.

Euskara Aurrera dinamikak deituta pasa den larunbatean milaka lagun batu zituen manifestazioa Donostian.
Euskara Aurrera dinamikak deituta pasa den larunbatean milaka lagun batu zituen manifestazioa Donostian. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Larunbatean euskararen alde Donostiako manifestazioan bat egin zuen milaka lagunekin nahiz dozenaka eragile sozial, sindikal eta politikoekin eskertuta eta mobilizazioan eman zen «urrats erraldoiarekin» pozik agertu dira Euskara Aurrera dinamikaren antolatzaileak.

Gipuzkoako hiriburua hartu zuen manifestazioak «euskalgintzan eta jendartean poza eta ilusioa» piztu zuela nabarmendu dute Gazte Euskaltzaleen Sareko Malen Frantsesenak eta Pantailak Euskaraz ekimeneko Alex Aginagaldek astearte honetan emandako prentsaurrekoan. «Gu ez gatoz inor ordezkatzera, guk gure arduraren partea gure egin eta lanean jarraituko dugu euskalduntzean urrats berriak egin daitezen», ohartarazi dute.

Hortaz, Euskal Herriaren euskalduntzean «jauzi indartsu bat» egiteko «indarberrituta» direla berretsi dute dinamikaren bultzatzaileek eta, zentzu horretan, euskalduntzean urrats berriak egin daitezen lanean jarraitzeko asmoa agertu dute.

Euskararen alde «elkarlanean eta lankidetzan» borrokatu behar dela iritzita, dinamika honek «ilusioa berpiztu dion orori» udazkenean egingo dituzten deialdietan parte hartzeko gonbidapena luzatu diote, «egun bateko lorea izan ez dadin».

«Azken asteetan behin baino gehiagotan esan dugu euskarak eta euskaldunok bizi dugun egoerarekin kezkatuta gaudela. Kezka blokeatzailea izan daiteke. Etsitzera daraman kezka. Guk dugun kezka, ordea, kezka sortzailea da. Egoeraren jakitun izan eta aurrera bultzatzera garamatzana», adierazi dute.

Herri olatua eta hizkuntza politikak

Horretarako, ordea, bi baldintza beharrezko seinalatu ditu Euskara Aurrerak. «Euskararen aldeko herri olatu» berri baterako bidea egin behar dela uste du, eta larunbateko mobilizazioa horretarako abiapuntua izan zela dio: «Bagarela eta bagoazela esateko lehen urratsa».

Bestetik, Frantsesenak eta Aginagaldek aldarrikatu dute euskararen biziberritzeak ezin duela izan «auzi partikularra» eta, beraz, hizkuntza politika berriak behar dira euskararen lurralde osoan. «Euskaraz bizi eta aritu ahal izateko baldintzak sortu behar dira», esan dute eta horrek «egiturazko neurriak» nahiz administrazio publikoen konpromisoa eskatzen dituela azpimarratu.

Hori dela eta, Euskal Herriko gobernuei galdegin diete «berandu baino lehen» euskalgintzarekin eta herritarrekin batera egungo erronka eta beharrei erantzungo dieten hizkuntza politiken inguruan eztabaidatu eta neurriak har ditzaten.