NAIZ

«Euskal herritarren hitza» Parisen entzunarazteko engaimendua hartu du EH Baik

EH Bilduren sostengu telematikoa jaso du asteazken honetan Itsasun kanpaina ekitaldia ospatu duen EH Baik. Hiru hautesbarrutietan aukeztuko dituen hautagaien presentziarekin «beste mundua eraikitzeko prozesua martxan dago hemen» aldarrikatu du ezkerreko mugimendu abertzaleak.

Mathilde Hary, gainerako hautagaiak atzean dituela, Itsasuko ekitaldian.
Mathilde Hary, gainerako hautagaiak atzean dituela, Itsasuko ekitaldian. (Patxi BELTZAIZ)

Itsasuko Sanoki gela hautatu du Euskal Herria Baik heldu den ekainaren 12 eta 19an iraganen diren hauteskundeei begira antolatu duen kanpaina ekitaldi nagusia egiteko.

Arratsaldeko 19.30ean abiatu da ekitaldia, Marilou Lapeyradek eskainitako kantuekin.

Ez da izan kultur eragileen eskutik heldu den ekarpen bakarra, ekitaldiaren amaiera aldera Bilaka dantza taldeko kideen txanda izan baita.

Anita Lopepek hartu du hitza ondoko bozetan ezkerreko mugimendu abertzaleak finkatu dituen erronka nagusiak aletzeko. Bozeramaileak oroz gainetik EH Bairen aldeko boto bakoitzak duen balio anitza nabarmendu du.

Laburbildu duenez, «EH Bairen aldeko bozka bakoitzak etxebizitza eskubidearen aldeko borroka aitzinatzeko, presoen etxeratzea azkartzeko eta euskararendako lege babesa erdiesteko balio du».

Mezu telematiko baten bidez EH Bilduko bozeramaile Maddalen Iriartek zorte ona opa die EH Baiko hautagai guztiei, eta ekitaldian zehar azpimarratu den ideaiarekin bat eginez «bestelako mundua eta eredua» eraikitzeko prozesua «Euskal Herrian martxan dela» agerian jarri izan nahi izan du legebiltzarkideak.

Euskal Herriko aldarrikapenei bozgorailu berria eskaintzeko joan nahi du EH Baik frantses Asanblea Nazionalera. Hori izan dela, hain zuzen, ezkerreko mugimendu abertzale eta ekologistari aski urruti gelditzen diren hauteskunde horietan parte hartzera eraman duen xede nagusia nabarmendu du Lopepek.

Laugarren hautesbarrutian diputatugai den Egoitz Urrutikoetxeak beste modu batean azaldu du anbizio hori. Frantses zentralismoaren aurrean erabaki guztiak herritarrengandik ahal den eta gertuen behar direla hartu aldarrikatu du oholtzatik.

Urtean zehar garatze dugun lanaren segida

Hilaren 30ean ofizialki abiatuko den hauteskunde kanpainan EH Baiko militantziak garatuko duen esfortzua «urtean zehar eramaten dugun lanaren segida besterik ez dela» gaineratu du hautetsi zuberotarrak.

Beste erronken artean etxebizitza eskubidea bermatzeari garrantzia berezia eman diote ekitakdian hitza hartu duten bertze hautagaiek ere.

Seigarren eta bosgarren hautesbarrutietan, hurrenez hurren, zerrendaburu diren Peio Dufauk eta Mathilde Haryk gaiari heldu diote, justizia soziala edo trantsizio ekologikoa bultzatzeko engaiamenduak alboratu gabe.

Horrendako Bretainiatik heldutako sostenguarekin kontatu ahal izan dute, egoiliar estatusaren defendatzaile den Nil Caouissinen hitzak entzuteko aukera izan dutelako gaurko ekitaldira bertaratu diren EH Baiko kideek.

Parisera euskal herritarren nahiak eta kezkak entzunarazteko kemena azaldu dute hiru euskal barrutietan lehiatuko diren hautagaiek, baina bistaz galdu gabe «gure fokua Euskal Herrian dagoela», Urrutikoetxearen esamoldea erabiltzearren.

Maddalen Iriartek pantailaren bestaldetik agerian jarri duenez, «Aturritik Ebrora herri bat gara, eta elkarrekin bestelako jendarte bat eraikiko dugu».