Alaia Sierra

Kepa Iribarrek norabide beltza eman dio Elkanoren Lehorreratzeari ‘72 ordu’ eleberrian

Kepa Iribarrek Elkanoren Lehorreratzearen jaian kokatu du bere lehenengo eleberriaren istorioa, Getarian. Festa giroan murgilduta dagoen herri batean heriotza mehatxu batek talde txiki bat «hankaz gora» jarri du eta ikerketa bat abiatu da.

Kepa Iribar, bere lehenengo eleberria eskuan duela.
Kepa Iribar, bere lehenengo eleberria eskuan duela. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Kepa Iribar kazetariak Getariako Elkanoren Lehorreratzeari norabide beltza eman dio dekektibeen istorio batekin, ‘72 ordu’ bere lehen eleberrian. Heriotza mehatxu batek festa giroa irauli egiten duenean Aitor eta Idoiak ikerketa bat abiatzen dute, idazlearen jaioterriaren hainbat txokotan barrena.

Lehorreratzea Juan Sebastian Elkano esploratzaileak munduari bira amaitu zuela oroitzeko Getarian ospatzen den jaia da. Aurtengoa lehorreratzearen 500. urteurrena eta ekitaldiaren lehen mendeurrena izango da. Lau urtean behin antolatzen da eta oraingoan irailaren 6an ospatuko da, eleberriaren istorioa kokatzen den egun berean, alegia.

Idazleak berak liburuaren aurkezpenean azaldu duenez, eleberriaren sormen prozesua «jolas baten gisa hasi zen», duela hiru urte. Bi elementuk abiatu zuten lana, Iribarrek azaldu duenez. Alde batetik, Juan Sebastian Elkano nazioartean ezaguna ez zela konturatu zen, eta ingelesa izango balitz, «ziurrenik» Hollywood-en film bat egingo zukeela iruditu zitzaion.

Premisa horretatik abiatuta sortu du Iribarrek kontaketa, Elkano antzezten duen aktorearen inguruan eraikitzen dena. 72 orduko denbora tarte horren barruan erlojua atzeraka doan bitartean, bi ikerketa daude. Ertzaintzaren lan «ofiziala», batetik, eta Aitor Letamendia ikerlari pribatua eta Idoia Urdaneta Udaleko zinegotziarena, bestetik.

Letamendia eta Urdaneta lagunak dira lehendik. Detektibea Getarian dago Udalak enkargu bat agindu diolako: jendaurrean erakutsiko duten Elkanoren egunerokoa zaintzea. Baina bat-batean, ezustean, hilketa mehatxu batek sorturiko zalapartaren erdian aurkituko dute beren burua bi lagunek.

Kepa Iribar Elizegi kazetaria da ogibidez eta Euskadi Irratiko ‘Katedra’ eta ‘Hiru Erregeen Mahaia’ kirol irratsaioetan aritzen da gaur egun. Inazio Mujika Erein argitaletxeko editorearen iritziz, idazleak ohikoa duen ahozkotasunaren eragina nabari daiteke ‘72 ordu’ eleberrian.

Idazleak «gustura eta patxadaz» aritu dela aitortu du eta idazlana amaitzerakoan «aspertuta, nekatuta edo gogaituta» ez zegoela ziurtatu du. Hortaz, ez du etorkizunean beste eleberri bat argitaratzeko aukera baztertzen, emaitzarekin «pozik» baitago.

Mujikak Getariak eleberrian daukan garrantzia nabarmendu du. Izan ere, bere iritziz, «bertakoek bakarrik dakizkiten gauzak» txertatu ditu Iribarrek. «Liburua irakurtzerakoan eleberriaren istorioaz gain beste liburu bat irakurtzeko aukera izango du jendeak: bere herriaren maitale batek idatzitakoa», baieztatu du Mujikak.

Azalak ere kutsu sinbolikoa dauka. Lehorreratzearen argazki bat behar zuenez, Getariako Udalera eta ‘Artzape’ aldizkarira jo zuen Kepa Iribarrek, aurkezpenean azaldu duenaren arabera. Hauek utzitako bilduma batetik denboraren joana irudikatzen duen kandela bat aukeratu zuen azkenean.