NAIZ

Memoria, ospakizuna eta aldarrikapena uztartuko ditu Bizkaia Hari Gorriak ekainaren 18an

Bizkaia Hari Gorria dinamikak ekainaren 18rako antolatutako ekimen nagusiaren nondik norakoak aurkeztu ditu. Memoria bultzatzeaz haratago, ospakizun eta aldarrikapen eguna izango dela azpimarratu dute, «irabazteko ditugun borroka horiena guztiena».

Agerrialdi jendetsua egin dute Arriaga plazan.
Agerrialdi jendetsua egin dute Arriaga plazan. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Martxoan sortutako Bizkaia Hari Gorria dinamikako bultzatzaileek agerraldia egin dute asteazken arratsalde honetan Bilboko Arriaga Plazan, ekainaren 18rako antolatu duten ekimen nagusiaren helburuak eta nondik norakoak aurkezteko. Ibai Altzaga mungiarra eta Esther Lopez algortarra izan dira hizlariak.

Memoria, ospakizuna eta aldarrikapena uztartuko dituzte egun horretan. Izan ere, duela 85 urte, 1937ko ekainaren 18an, tropa frankistak Bilbon sartu ziren eta Bizkaiko frontearen erorketa gauzatu zen. Hala ere, Altzagak eta Lopezek gogoratu dute bizkaitarrek faxismoaren aurka borrokatu zutela urte hartan, eta ordutik borroka sozial ugari bultzatu dituztela: «Sufritzen dakigunak gara, historiak hainbat aldiz erakutsi digun bezala. Baina ez dugu etsitzen; mila eta bat aldiz altxatzen dakigunak ere bagarelako».

«Marko historikoek irakasgai ugari eskaintzen dizkigute, eta orain 85 urte bezala, gaurko eskuin muturrak dakartzan gorroto ideien aurrean antifaxismoaren balioek alerta dakarkigute. Gaurko lubakiak baitira xenofobia, arrazismoa, homofobia eta matxismoa konbatitzea. Euskal errepublikaren eraikuntza eskubide guztien jabe diren pertsona askeez egitera goaz», adierazi du Altzagak.

Ekainak 18

Hilabete hauetan hainbat hitzaldi, mahai-inguru eta mota ezberdinetako ekimenak egin ondoren, ekainaren 18an dinamika honen ekimen nagusia egingo dute.

Alde batetik, ospakizun eguna izango dela nabarmendu dute, «borroken lurralde honetako partaide izateak harrotasuna ematen digulako».

«Ospakizuna, Lemoiz gelditu genuelako, Euskal Herrian bizi eta lan egiten duen langile kontzientzia sustatu dugulako, euskal kulturaren susperraldian ekarpena egin dugulako. Ospakizuna, euskal eskolagatik borrokatu garelako, UEUren 50 urteko bidaideak izan garelako. Ospakizuna, abortuaren aldeko borrokan aitzindariak izan garelako. Periko handiak esango zuen bezala «amets egiten utzi ez digutenei ez diegulako lo egiten utzi». Izan ere, balio handia du nondik gatozen ezagutzeak, nora goazen jakiteko», esan dute Altzagak eta Lopezek.

Baina aldarrikapen eguna ere izango dela ere azpimarratu dute, «irabazteko ditugun borroka horiena guztiena».

«Herri gisa erronkei erantzutea da dugun aukera emankorrena, eta, horregatik goraipatzen ditugu zaintza publiko komunitarioaren eraikuntzan diharduten pertsonak, edo osasun sistema publikoa defendatzen dutenak, pentsio sistema publiko eta justua indartzen dutenek bezala. Trantsizio sozio-ekologikoan oinarritzen diren egitasmoak, elikadura burujabetzan aritzen diren baserritarrak, udalgintza komunitarioan dauden udalak, herri hezitzaileak sustatzen dituzten hezkuntza adibideak, euskal kultura sistema ehuntzen dituzten proiektuak, espazio askeak ametsez hornitzen dituztenak, nazio bat garela sendotzen dutenak, kirol esparruan aritzen direnak kasu», azaldu dute.

Egun osoko egitaraua antolatzen ari dira. Htzordu nagusia arratsaldeko 17.30ean egingo duten manifestazioa izango da. Egun horretarako atzo eta gaurko borroken ikurrak izan daitezkeen osagaiak (banderak, kamisetak, pankartak, afitxak.…) eramatea eskatu dute.

Bestelako ekimenak

Ekainaren 18ko ekimen nagusiaz gain, hainbat ekintza antolatu dituzte.

Alde batetik, Hari Gorria Egunak antolatu dituzte Bizkaiko hainbat eskualdetan: maiatzaren 28an Ugaon eta 29an Ezkerraldean eta Uribe Kostan.

Ekainaren 1ean ‘Euskal Estatua: atzo, gaur eta bihar’ mahai-ingurua egongo da Bilboko Arrupe Etxean 19.00etan. Izaskun Duque, Jon Azkune eta Oskar Matute izango dira hizlariak.

Ekainaren 8an Barakaldoko Clara Campoamor gunean ‘Euskal unibertso berria amestuz’ mahai-ingurua izango da 19.00etan. Honetan, Iker Casanova, Oihana Bartra eta Andoni Olariaga izango dira hizlariak.