NAIZ

TotalEnergies konpainiako biltzar nagusia oztopatu dute klimaren aldeko ekintzaileek

TotalEnergies konpainiako burua, Patrick Pouyanne, erdi hutsik zegoen areto baten aurrean mintzatzera behartua izan da klimaren aldeko ekintzaileek multinazionaleko akziodunak biltzar nagusira sartzea oztopatu dutelako.

Ekintzaileek TotalEnergies multinazionalak mundu zabalean garatzen dituen energia fosilak ustiatzeko proriektuak gelditzeko eskatu dute.
Ekintzaileek TotalEnergies multinazionalak mundu zabalean garatzen dituen energia fosilak ustiatzeko proriektuak gelditzeko eskatu dute. (Bertrand GUAY | AFP)

TotalEnergies konpainiak bere biltzar nagusia ospatu du gaur Parisen, baina bilkura ez da batere ongi hasi multinazionaleko presidentea den Patrick Pouyannerentzat. Larrialdi klimatikoari loturiko ondorioetaz oharrarazteko ekintzaile ekologistak bilera egiteko aukeratutako Pleyel aretora bertaratu dira, biltzarrera joateko ziren akziodunen sartzea oztopatuz.

Gauzak horrela, «aretoan hainbat akziodunak direnez» biltzarrari hasiera eman dio, kosta ala kosta, 2022ko lehenengo hiru hilabetetan mozkinen errekorra lortu duen konpainiako zuzendariak.

Pouyannek Nazioarteko Energiaren Agentziak aurreikusi duen petrolioaren kontsumoaren %30ko jeitsiera «ez dela errealista» adierazi du, besteak beste multinazionalak duen «klima estrategia» baieztatzeko -akziodunen %88.89ak alde bozkatu du- balio izan duen batzarrean.

Energia gaien prezioen gorakadaren testuinguruan, 4.944 mila euro neto irabazi zituen multinazionalak. Apiril amaieran argitaratu zuen agirian, ordea, Ukraniako gerrarengatik 4.095 milio euroko probisio funtsa sortu behar izan zuela defendatu zuen konpainiak.

Azalpen horren bidez bere mozkinen emendatze azkarra malgutzera jo zuen TotalEnergies konpainiak, egiazki frantses multinazonalak lortu zituen mozkinak askoz altuagoak izan zirelako. Hain zuzen, denbora tarte berean iaz lorturiko mozkinak hirukoiztu zituen.

«Biltzar nagusia gardentasunerako eta elkarrizketarako momentu garrantzitsua da», azaldu du enpresak gaurko protestaren harira.

Twitter sarearen bidez zabaldu duen mezuan, militante ekologistek biltzarra oztopatzea deitoratu ondoren, batzarra on line jarraitzeko aukera zabalik zela jakinarazi du konpainiak.

Poliziak manifestariei gasa bota eta kazetarien lana oztopatu du

Bere aldetik hainbat gobernuz kanpoko erakundetan jarduten duten 250 bat ekintzailek TotalEnergies batzar nagusia blokeatzea lortu dutela azaldu dute agiri baten bitartez.

Enegia fosilak «lehenbaitlehen baztertzeko premia» nabarmendu dute «beraien gorputzak eta determinazioa arma bakartzat» ekintzan parte hartu duten militanteek.

Errusian dituen inbertsioak etetearekin batera, TotalEnergies multinazionalak mundu zabalean garatzen dituen egitasmoak Uganda zeharkatuko duen EACOP oliodukto erraldoia edo gas naturala ustiatzeko Mozanbiquen martxan eman duen LNG proiektua gelditu behar dituela defendatu dute klimaren aldeko mugimenduaren ekintzaileek.

Mugimenduak salatu duenez «TotalEnergies konpainiak garatzen duen estrategia arriskutsua da klima, bakea eta giza eskubideen ikuspuntuetatik» eta deitoratu du Emmanuel Macronen Gobernuak bere enpresa jarduera gero eta gehiago zabaldu dezan eskaintzen dion sostengua.

Frantses Poliziak hsia ezarri du eta manifestariak kanporatzeko gas negar-egilea baliatu duela agerian jarri du bere Twitter kontuaren bidez Greenpeace France elkarteak.

Era berean sare sozialen bidez zabalduriko beste hainbat bideoei esker poliziek kazetarien lana oztopatu dutela, beti ere ekintzailengana hurbiltzea saihestu nahian, agerian gelditu da.