NAIZ

Aiako Harrian hildako sai bat, hegazti gripearen hirugarren kasua Gipuzkoan

Lakuako Gobernuko osasun agintariek baieztatu dutenez, Gipuzkoan hegazti gripearen hirugarren kasua atzeman dute. Kutsatutako alea, sai arre bat, Aiako Harriaren inguruan hilik topatu dute basozainek.

Sai arre bat.
Sai arre bat. (IREKIA)

EAEko osasun agintariek ostegun honetan baieztatu dutenez, hegazti gripeak jotako hirugarren hegaztia detektatu dute Gipuzkoan. Gaixotutako alea, sai arre bat, hilda aurkitu dute basozainek Aiako Harriaren inguruan, Irungo udalerrian.

Lakuak gogorarazi duenez, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan H5N1 azpimotako patogenotasun handiko hegazti gripearen (PHHG) lehen kasua maiatza erdialdean atzeman zuten beste sai batengan, zeina Azpeitia eta Beasain artean topatu zuten. Animalia Urnietako Arizmendiko basa-fauna berreskuratzeko zentrora eraman zuten. Bertan beste hiru sai arrerekin egon zen kontaktuan eta horietako bat kutsatu zuen. Azkenean, protokoloari jarraiki, zentroko hegazti guztiak hil zituzten gaixotasunaren hedapena gelditzeko eta zentroa itxi egin zuten.

Alabaina, Lakuak lasaitasun mezu bat zabaldu nahi izan du hegazti gripea gizakientzat kaltegarria ez dela azpimarratuz. Are gehiago, «hegaztien haragia, arrautzak, gibel-orea edo hegaztiz egindako edozein elikagai kontsumitzea ez da arriskutsua pertsonentzat, ez eta kutsatuta egonda ere», jakinarazi du Lakuak.

Bestetik, Arantxa Tapiaren gidaritzapeko Ekonomiaren garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailak zehaztu du ostegun honetan topatutako sai infektatua azken hilabeteetan egindako «zaintza lan zorrotzei esker» detektatu dela. Era berean, Lakuak nabarmendu du zaintza lan bereziak egiten ari direla hezeguneetan eta hegaztiak kontzentratu ohi diren eremuetan.

EAEtik kanpoko testuingurua azaltzeko, Lakuak esplikatu du espainiar Estatuan, joan den urtarrilaren 1etik aurrera, hegazti gripearen 31 foku jakinarazi direla eskortako hegaztietan eta 37 kasu hegazti basatietan. Europan, berriz, 2021eko udazkenaz geroztik, birus horren 4.500 foku baino gehiago atzeman dituzte.

Hegazti ustiategiak

Hegazti gripeak gizakien osasunarengan aparteko arazorik eragiten ez duen arren, alerta piztu da hegazti ustiategiengatik. Izan ere, ustiategiko hegazti batengan eritasuna atzemango balitz, protokoloak ezartzen duenaren arabera, bertako hegazti guztiak hil beharko lirateke prebentzio neurri gisa, gainerako hegaztiak infektatuta egon ala ez, Zuberoan egin zuten bezala. Eta horrek, ondorioz, kalte ekonomiko nabariak eragingo lizkieke kasuak atzematen dituzten haztegiei.

Beraz, hegazti ustiategietako jabeei biosegurtasun neurriak indartzeko galdegin die Lakuak, era horretan hegazti basatiak ustiategiko animaliekin nahastea ekiditeko.

Bestetik, Lakuak gogorarazi duenaren arabera, egun, oilo erruleen 83 ustiategi daude Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, eta urtean milioi bat arrautza baino gehiago ekoizten dituzte. Haragiaren ekoizpenari dagokionez, oilaskoen 65 ustiategi daude, zeinetan 250.000 hegazti hazten dituzten, eta beste hegazti espezie batzuen ehun bat ustiategi (indioilarrak, ahateak, antzarak, ostrukak, emuak, galeperrak, eperrak, etab.)