NAIZ

Irakasleak gehitzeko eta ratioak murrizteko akordioa sinatu dute Lakuak eta sindikatu gehienek

EAEko Hezkuntza Sailak eta irakasle funtzionarioen negoziazio mahaian dauden sindikatuetako ordezkarien gehiengoak akordioa lortu dute ostegun honetan. Steilas, LAB, CCOO eta UGT sindikatuen babesa izan duen akordioak irakasleen kopurua handituko eta ratioak murriztuko ditu.

Ikasleak Gasteizko ikastetxe batera sartzen, joan den irailean.
Ikasleak Gasteizko ikastetxe batera sartzen, joan den irailean. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Hainbat hilabetez elkarrizketan eta negoziazioan aritu ondoren, Hezkuntza Sailak eta irakasle funtzionarioen negoziazio mahaian dauden sindikatuetako ordezkarien gehiengoak akordioa lortu dute ostegun honetan. Akordio horrek Steilas, LAB, CCOO eta UGT sindikatuen babesa izan du.

Ohar batean Lakuak azaldu duenez, adostutako dokumentuaren helburua ikastetxeen antolaketa eguneratzea da, «baita sare publikoan estrategikotzat jotzen diren ardatzak sustatzea ere». Izan ere, «ikastetxeen kudeaketari, funtsezko esparruak indartzeari eta plazak finkatzeari buruzko alderdiak jasotzen ditu».

Zehazki, testuak ingelesa 3 urtetik aurrera ematen hastea aurreikusten du, eta ikasgai honetarako irakasleen kopurua handitzea; baita Lehen Hezkuntzan Soin Hezkuntzako irakasleak gehitzea ere. Halaber, egiturazko plaza ez direnak ikastetxeko plaza egonkor bihurtzea adostu dute, eta Hezkuntza Premia Bereziei loturiko baliabideak gehitzea. 

Zuzendaritza eginkizunak betetzeko baliabideak handitzea ere erabaki dute; eta proiektuak garatzeko baliabideen esleipena handitzea, baita Bigarren Hezkuntzan 20 ikasleko kopurua gainditzen duten taldeei tutoretza bikoitza esleitzea.

Era berean, irakaskuntza lanaren berezko eginkizunekin zerikusirik ez duten administrazio zereginetatik libratzeko profil profesionalak sortzea adostu dute, profil administratiboak eta digitalizazioaren kudeaketakoak.

Ratio berriak

Adostutako dokumentuan nabarmentzekoa da, halaber, hezkuntza etapetarako ezarritako gehienezko ratioetan izango den aldaketa. Haur Hezkuntzako ratio jaitsierak 2023-24 ikasturtetik aurrera arian-arian aplikatuko dira: 2023-24 ikasturtetik aurrera 3 eta 4 urteko geletan, eta 2024-2025 ikasturtean 5 urteko geletan.

Era honetan antolatuta geldituko dira: Haur Hezkuntzako lehen zikloan 18 ikasle (egun 18 dira); Haur Hezkuntzako bigarren zikloan 20 ikasle (egun 23 dira); Lehen Hezkuntzan 23 ikasle (egun 25 dira); DBHn 25 ikasle (egun 25 dira); eta Batxilergoan 27 ikasle (egun 30 dira).

Taldeak osatzeko ezarritako ratioez gain, ikasle/irakasle ratioa ere jasotzen da etapa guztietan, oro har. Etapa bakoitzak irakasle hornidura izango du, ikasleak/irakasleak ratioa honako hau izan dadin: bi urteko geletan 1/12; Haur Hezkuntzako bigarren zikloan 1/18; Lehen Hezkuntzan 1/20; DBHn 1/20; eta Batxillergoan 1/25.

Bildarratz: «Lasaitasuna»

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak goraipatu egin du akordioa. «Hezkuntzak lasaitasuna behar du eta akordio honek lasaitasuna ematen dio», adierazi du, eta nabarmendu du elkarrizketa dela bere sailaren ardatza.

«Sailetik beti esan dugu elkarrizketa izango zela gure lanerako bidea. Erakutsi genuen apirilaren 7an Legebiltzarrean talde politikoekin eta momentu honetan ere sindikatuekin», azaldu du ordezkaritza sindikalaren %80 baino gehiagok akordioa sinatu duela ohartaraziz.

LAB, «Euskal Eskola Publiko Komunitariora bidean»

LAB sindikatuak nabarmendu duenez, akordioak «baldintza hobeetan kokatzen du Euskal Eskola Publikoa. Izan ere, bermeak lortu dira jaiotza kopuruen beherakadaren aurrean, enplegua sortu eta egonkortzeko. Horretaz gain, ratioen beherakadak ahalbidetuko du irakaslegoaren lan-zamen doitzea eta haur eta ikasleei eskaini ahal zaien arretan hobetzea. Azpimarratzekoa da, bestalde, gaur egun funtzionamenduzkoak diren lanpostuak egiturazko bihurtzeko bidea ematen dela».

Sindikatuaren esanetan, «aldarrikapen asko dira akordioan jaso direnak, besteak beste, errepikatzaileak edo matrikula bizi bidez gehitutako ikasleak ratioetan kontuan hartzea, %10eko ratio jaitsiera gehigarria Hezkuntza Konplexutasun Indize altuko (HKI) zentroetan, ikasle/gelako ratioa murriztea eta ikasle/irakasle ratioak ezartzea.; adibidez, Haur Hezkuntzako 2 urteko gelan edo Bigarren Hezkuntzan gelako ikasle kopurua mantendu arren, irakasleko izango den ikasle ratioa jaisten da; gainerako etapetan, gelako ikasle kopurua ere baxuagoa da gaur egun dagoena baino», gaineratu du.

«Gauzak horrela, gaurko aurrerapausoa etorriko direnen lehena izatea espero du LABek. Izan ere, lan baldintzak zein lizentzia eta baimenak arautzen dituen akordioan ere urratsak emateko garaia dela deritzogu. Gaur gaurkoz, interinoen eta karreradun funtzionarioen artean mantentzen diren desorekek amaiera izan behar dutela iritzita, dei egiten diogu Sailari negoziaketan indarrak biderkatzeko. Bitartean LABek hor jarraituko du, Euskal Eskola Publiko Komunitarioa ipar izanik, langileon eta ikasleen beharrei erantzungo dien erronketan bulkada berriak sortuz», gaineratu du.