NAIZ

Nafarroako 50.000 pertsonak dute aniztasun funtzionala eta 12.000 bakarrik bizi dira

Nafarroako Estatistika Institutuak aniztasun funtzionalari eta autonomia pertsonalari buruzko 2020ko inkestaren emaitzak plazaratu ditu. Horien arabera, mugikortasun arazoak dira ohikoenak. Pertsona gehienek (%77,5) 55 urte edo gehiago dituzte, eta bostetik hiru emakumeak dira.

Mugikortasun mugak dira ohikoenak aniztasun funtzionala duten nafarren artean.
Mugikortasun mugak dira ohikoenak aniztasun funtzionala duten nafarren artean. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Nafarroan bizi diren 49.862 lagunek diote aniztasun funtzionala dutela; 25.722 emakumeak dira eta 24.140 gizonak. 259.207 etxe daude herrialdean eta horietatik %17,1ean gutxienez aniztasun funtzionala duen pertsona bat bizi da. 12.000 pertsona bakarrik bizi dira.

Estatistika Institutuak aniztasun funtzionalari eta autonomia pertsonalari buruz 2020an egindako inkestaren emaitzak dira. Mugikortasun arazoak dira ohikoenak. Aniztasun funtzionala duten pertsona gehienek (%77,5) 55 urte edo gehiago dituzte, eta bostetik hiru emakumeak dira.

Aniztasun funtzionala duten sei urtetik gorako 48.840 lagun daude herrialdean, 25.608 emakumeak eta 23.232 gizonak. Adinari begiratzen badiogu, tasa handiagoa da gizonen artean 65 urtera arte, eta emakumeen artean 55 urtetik aitzinera. Baina 80 urtetik aurrera nabarmentzen da gehien sexuen arteko ezberdintasuna.

Mugikortasun arazoak gehienbat

Mugitzeko mugak dira nagusi: mila biztanleko 42,9 lagunek dituzte. Tasa hori handiagoa da emakumeen artean (44,9) gizonen artean baino (40,8).

Bigarren lekuan daude etxeko bizitzako aferak (35,1); entzumenarekin lotuak (25,9), autozaintzakoak (25,7), komunikazioarekin zerikusia dutenak (17,9), ikusmenarekin (15,5), ikastearekin (12,7) eta, azkenik, pertsonen arteko harremanekin (11,5).

Aniztasun funtzionala duten pertsonen erdiak baino gehiagok (%53,9) mugitzeko zailtasun handiak dituzte eta %44,1ek etxeko bizitzarekin lotutako mugak dituzte. 80 urte baino gehiago dituzten lagunen artean, %58ra eta %65,1era igotzen dira ehuneko horiek.

Mendeko, eta laguntzarik gabe

26.556 herritarrek diote mendekotasun gradu gorena dutela eta ez dutela laguntza tekniko edo pertsonalik jasotzen. 14.121 emakumeak dira eta 12.436 gizonak. Norbere burua zaintzeko (%70,1), etxeko lanak egiteko (%68,8) eta harremanak izateko zailtasunak (%67,5) dira larrienak.

Lan egoerari buruz, 14.662 herritarrek 16 eta 64 urte artean dituzte, 9.312 gizonak dira eta 5.350 emakumeak, eta kasik 4.000 ari dira ordaindutako lanean. Horietatik %26,8 gizonak dira eta %22,8 emakumeak.

Entzumen eta mugikortasun mugak dira ohikoenak ordaindutako lanean ari diren pertsonen artean (%37,9 eta %22,6, hurrenez hurren). Jarraian datoz harremanak izateko mugak (20,3), ikusmenarekin lotuak (19,4), komunikazioarekin (11,5), etxeko bizitzarekin (10,7), ikasketekin (3,1) eta norbere buruarekin zaintzarekin (2,9).