NAIZ

Forum Subiranista Iruñean bilduko da ostiraletik igandera

Olalla Rodilek (BNGko diputatua), Mertxe Aizpuruak (EH Bilduko diputatua), David Fernàndezek (kazetaria eta CUPeko diputatu ohia) eta Gemma Ubasartek (politologoa) parte hartuko dute Forum Subiranistak eta Iratzar Fundazioak elkarlanean antolatutako mahai inguru batean.

Forum Subiranistaren aurreko konferentzia.
Forum Subiranistaren aurreko konferentzia. (Alkartasuna Fundazioa)

Forum Subiranista, ezker subiranistako 20 fundazio baino gehiago biltzen dituen gunea, Iruñean bilduko da ekainaren 3an, 4an eta 5ean, hau da, ostiraletik igandera bitarte.

Olalla Rodilek (BNGko diputatua), Mertxe Aizpuruak (EH Bilduko diputatua), David Fernàndezek (kazetaria eta CUPeko diputatu ohia) eta Gemma Ubasartek (politologoa) parte hartuko dute Forum Subiranistak eta Iratzar Fundazioak elkarlanean antolatutako eztabaidan, ostiralean 19:00etan Katakrak liburu dendan.

Forumaren Osoko Bilkura larunbatean izango da, 9.30etik 20.00etara. Bertan, besteak beste, Estatuko subiranismo ezberdinek espainiar Estatuaren bilakaerari buruz egiten dituzten diagnostikoak partekatuko dira.

Igandean, ekainaren 5ean, fundazioetako ordezkariak Amaiurrera joango dira, Nafarroa Berriz Altxa!-k antolatutako oroitzapen-ekitaldira.

Forumaren helburua gizartean eragitea da, eta, horrekin batera, subiranismoaren inguruko eztabaidak krisian eta etengabe aldatzen ari den orainaldi baten «beharretara eta eskakizunetara» eramatea.

Forumaren helburuak eta kideak

Proiektua 2019. urtearen amaieran egituratu zen, ezkerreko indar subiranisten topagune gisa. Foruma estatuko herrien subiranismoaren topagune, gogoetagune eta eztabaidagunea da, eta helburu hauek ditu: Estatuko nazioen eta herrien pentsamendu politiko, sozial, ekonomiko eta kulturala aztertzea eta garatzea helburu duten kultura-jarduerak sustatzea eta gauzatzea; Nazioen subiranotasuna lortzeko, gizartearen aurrerabidea erdiesteko eta demokrazian sakontzeko lan egiten duten pertsona eta erakundeen pentsamendu politikoa zabaltzea; Gizartean estaturik gabeko nazioen nortasunaren eta historiaren ezagutza sustatzea; Estaturik gabeko nazioen errealitatearen dimentsio politikoa, kulturala eta ekonomikoa sakonago ezagutzea.

Gainera herritarren prestakuntza politikoa eta parte-hartzea areagotzea, eztabaida politikoan sakontzea, gizartea nazioen errealitateaz eta arazoez sentsibilizatzea eta kontzientziatzea, eta subiranismoaren ikuspegitik mundua nola ikusten den azaltzea du helburu.

Gaur egun, honako hauek dira Forum Subiranistako kideak: Fundación Galiza Sempre, Iratzar Fundazioa, Fundación Darder-Mascaró, Manu-Robles Arangiz Fundazioa, CIEMEN, Fundació Irla, Fundación Moncho Reboiras, Fundació Nexe, Ipar Hegoa Fundazioa, Fundación Moncho Reboiras, Obradoiro de ideas Lancara, Alternatiba Fundazioa, Alkartasuna Fundazioa, Terra e Tempo de Estudios Nacionalistas, Fundación Aureli Escarré/Intersindical CSC, Intersindical Solidaria Valenciana, Intersindical Canarias, Ahora Canarias, Grupo de Estudios Diaz del Moral, Fundació L’alternativa, Centre de Documentació Serra i Puig eta Fundación Betiko.