Mikel Irastorza Artola

Etxebizitza turistikoak mugatzeko Elkargoaren arautegia suspenditu du auzitegiak

Epe laburreko etxebizitza turistikoak mugatzeko Euskal Elkargoak joan den martxoan gehiengo zabalez bozkaturiko konpentsazio neurria suspenditu du frantziar justiziak ekainaren 3an. Estatu Kontseilura jotzeko asmoa azaldu du Ipar Euskal Herriko instituzioak.

Etxebizitza eskubidearen aldeko mobilizazioa nabarmen emendatu da azken bi urteetan.© Guillaume FAUVEAU
Etxebizitza eskubidearen aldeko mobilizazioa nabarmen emendatu da azken bi urteetan.© Guillaume FAUVEAU

Ekainaren 1ean asteazkenarekin indarrean jarritako neurriak bi egun baizik ez du iraun. Izan ere, Paueko auzitegi administratiboak Euskal Elkargoak urtarrilean epe laburreko etxebizitza turistikoak mugatzeko harturiko konpentsazio neurria suspenditzea erabaki du ekainaren 3an.

Ipar Euskal Herriko instituzioaren kontseiluan hautetsien %95ak bozkaturiko neurriak tentsio gunean diren 24 herritan, etxebizitza turistikoen jabeei behartzen zien urte osoko beste alokairu bat eskaintzea.

Neurriaren legezkotasuna zalantzan jarriz, hogei bat enpresak eta 50 bat jabek maiatzaren 3an Paueko auzitegi administratibora jo zuten erabakia urgentziaz suspenditzeko eskatuz. Dosierraren mamia 2023ko hastapenean aztertuko du auzitegiak. Anartean, antzinako 2019ko arautegiak segituko du indarrean.

«Gutxi batzuen interesak»

Auzitegiaren erabakia jakin eta, Euskal Elkargoko ordezkariek haien atsekabea azaldu dute ostiral arratsaldean eta frantziar Estatu Kontseilura joko dutela iragarri zdute. «Gure kolektibitateak ez du epaileen ikuspegia ulertzen». Beren erranetan, «gutxi batzuen interesak kolektibitatearen biltzarraren gehiengoaren eta Euskal Herrian bizitzeko eskubidearen aitzinean nagusitu dira».

Jean-Rene Etchegaray Euskal Elkargoko lehendakaria, Roland Hirigoyen etxebizitzaz arduratzen den lehendakariordea, Daniel Oltzomendi turismo jasangarrirako lehendakariordea eta Filipe Aramendi lurraz arduratzen den kontseilaria harriturik mintzatu dira, Paueko auzitegiak ez duelako kontuan hartu Europar Batasuneko justizia auzitegiak 2020ko irailean eta Kasazio auzitegiak 2021eko otsailean markaturiko jurisprudentzia. Bertan erraten da konpentsazio neurria interes orokorrarekiko justifikatzen dela alokairurako etxebizitza eskasiaren kontra egiteko. Biztanleriari bidaltzen zaion mezu ezkorra ere deitoratu dute, azken hilabeteetan izan diren mobilizazio azkarrak oroituz.

EH Bai: «ezin dugu denbora galdu»

EH Baik ostiral arratsean prentsari igorritako oharrean berehala eman du auzitegiak hartu erabakiarekiko iritzia. «Haserre handia eragiten duen deliberoa da gaurkoa. Etxebizitza arloan, ezin dugu denbora gehiago galdu. Jabeen zein alokazio enpresek interes pribatuen pribilegioak ezagutzen dituzte eta hori dena, interes kolektiboaren kalterako: Monopolyan jolasten segitzen dute, ahalik eta diru gehien irabazteko gisan. Helegitea pausatzearekin, ipar Euskal Herriko biztanleek bertan bizitzeko duten eskubidea urratzen da», salatu du.

Alderdi abertzaleak segurtatu du «bataila hau irabaziko dugula», geroz eta gehiago direlako legeak aldatzearen beharra aldarrikatzen dutenak. Larunbat huntan Hiriburun eginen den Etxebizitza Foroan 30 eragile bilduko direla oroitarazi du, etapa berri bat idekiko dela iragarriz. Gaineratu duenez, hautetsi abertzaleek Herriko Etxeetan eta Elkargoan herri mugimenduaren aldarrikapenak eramaten jarraituko dute, «lobby guzien gainetik». Hauteskunde testuinguruan, Parisen etxebizitza eskubidea defendatuko duten «borondate handiko» diputatuak behar direla aldarrikatu du, bere hautagaien aldeko bozka eskatuz.

Alda: «Borroka hasi baizik ez da egin»

Alda mugimenduak ere erreakzionatu du, adieraziz Euskal Herrian etxebizitza eskubidea espekulazio egarriaren aitzinetik dagoela. «Airbnb-rekin hainbat bataila irabazi ondotik, Euskal Herriko biztanleriak lehen kolpea jaso du. Baina borroka hasi baizik ez da egin. Ez gira laxatuko», ohartarazi du. Ildo horretan mobilizatzeko deia luzatu du eta ekintzak emendatzeko borondatea agertu du Euskal Herriko etxebizitzak Airbnb gisako turismo alokairuzko etxebizitza bilaka ez daitezen.

Aldak Euskal Elkargoari deia luzatu dio lehenbailehen errekurtsoa jarri edo konpentsazioa indarrean jartzeko beste arautegi bat egin dezan. «Egungo odolustea gelditu behar da», ohartarazi du.