NAIZ

«Aurrez antolatutako erasoak» salatzeko bat egin dute Donostiako Alde Zaharreko bizilagunek

Donostiako Parte Zaharreko bizilagun andana bildu da, larunbatean «ildo sozialistako» kideek egindako erasoak salatzeko. Egoera bideratzeko ekimenak ere abian ditu Alde Zaharreko Gazte Asanbladak: eragileen arteko mahaia deitu dute.

Bizilagun asko bildu du AZGAk, larunbatean gertatuarekin kezkatuta.
Bizilagun asko bildu du AZGAk, larunbatean gertatuarekin kezkatuta. (Gorka Rubio | Foku)

‘Auzokideen artean elkartasuna’ eta ‘Erasoen aurrean autodefentsa’ leloak ozen entzun dira astelehen honen arratsaldean Donostiako Trinitate Plazan, larunbatean gertatutako erasoen aurkako erantzun gisa. «Ildo sozialistako» kide ugarik, tartean kanpotik Donostiaratutakoek, burutu zituzten.

Alde Zaharreko Gazte Elkarteak (AZGA) eginiko deialdiak bizilagun asko erakarri ditu Trinitatera. Jazotako guztiaren berri emateaz gain, AZGAk hau iragarri du: «Egoera guztiz deskontrolatuta dagoela ikusita, dagokigun erantzukizun politikoz jokatu eta egoera honi irtenbide bat emateko asmoz, bere garaian sortu zen auzoko eragileen mahaia deitzea erabaki dugu, ildo sozialista barne, arazo larri honi irtenbidea emateko asmoz».

Honekin batera, hau nabarmendu dute: «Auzo baten alde borrokatzeko sortu ginen eta asmo horretan berresten gara. Beraz, errespetuan oinarrituriko espazio seguruen, anitzen eta parte-hartzaileen alde egiten jarraituko dugu, beti ere auzoaren eta auzotarron mesedetan».

Larunbatean zein aurretik jazotakoaz bi aldeek emandako bertsioak ez dira oso ezberdinak gertaera zehatzei dagokienez. Baina bi gazte jipoitu zituztela eta auzokideen aurka botilak jaurti zirela Gazte Asanbladak gogoratzen duen bitartean, Donostiako GSKren ustez «borrokaldi tipikoa izan zen».

Desadostasun ideologikoak alde batera utzita, liskar honen iturburu zuzena duela hiru urte hustutako Kijera gaztetxeko materiala izan da. Maiatzaren 31n Donostiako udaltzainak lagunduta joan ziren «Mugimendu Sozialista»ko bost kide zenbait gauza ateratzera, baina AZGAk salatu zuenez, bereak ez ziren gauzak ere eraman zituzten eta horregatik «lapurreta» egozten die. Bideo bat zabaldu zuen AZGAk, Kanpandegi kalean gertatutakoa garbi uzteko.

Ondorio batzuk utzi zituen honek pasa den astean zehar. GKS kexatu denez, «bideoan agertzen den gure kide bat tabernatik kaleratu dute, Ezker Abertzaletik bere aurka egin duten seinalamenduaren eraginez». Eta gazte hori bera «Jarkiko militante batek bere etxe atarira jarraitu zuen eta bertan jipoitu zuen», larunbat gaueko istiluen ostean. Hau ez du AZGAk ukatu; are gehiago, salatu egin du eta gaurko elkarretaratzean honen egilea «kanporatua izan dela eta bere gain hartu duela erantzukizun osoa» jakinarazi du.

Bi eraso, bigarrena kristalezko botilak jaurtiz

Testinguru nahasi honetan, larunbatean 20.30ak aldera «AZGAko kide bat eta auzoko gazte bat erasotu eta jipoitu zituzten ildo sozialistako 20 bat kidek», horietako asko «kanpotik etorriak», Asanbladak salatu duenez. Baina oraindik larriagoa izan zen gauerdi aldera jazotakoa: «AZGAko ki bide kalean zeudela ildo sozialistako hiru kide aurretik erasotua izan zen kidearengana harropuzkeriz oldartu ziren. AZGAko beste kidea egoera lasaitzen saiatu arren ildo sozialistako 40 bat militante kalearen bi muturretatik (atzeko aldetik sartu zirenak, buruestaliak) kristalezko botilak auzotarroei botaz auzotarron aurka oldartu ziren».

GKSren aburuz, «asteburuan gure militantzia babestea bilatzen genuen, ez baitzen harritzekoa izango beste liskarren bat gertatu eta gu babesgabe egotea». «Ez zen lintxamendurik egon, borrokaldi tipikoa izan zen. Izan ere, mugimendu sozialistako dozena bat kide inguru geunden guztira kale horretan eta borroka hasi zenean gehienok gerturatu ginen arren, horietatik laurdenak hartu zuen parte borrokan», adierazi du ohar batean.

Liskar zehatz hauezaz aparte, begi-bistakoa da maila politikoan bi aldeen artean dagoen erabateko haustura. Honela, GKSk EH Bildu eta Sortu jotzen ditu errudun eta «beto politikoa» jasaten ari dela ziurtatzen du. Bere aurka, antolakunde horien aurreko kontraesanak larunbatean erakutsitako jarrerarekin biderkatu egin direla salatu dute lagun ugarik sare sozialetan.

Euskal Herriko hainbat herritik Donostiara etorritako Mugimendu Sozialistako dozenaka kidek agerraldia egin dute gaur ere, kasu honetan Miramongo anfiteatroan. Bertan «ezker abertzalearen kanpaina antikomunista bat» aipatu dute; «EH Bilduk eta Sortuk, gazte langileen artean hegemonia galtzen ari direla ikusirik, kaleetan tentsioa eta biolentzia fokoak pizteko hautu desesperatua egin dute komunismoaren zabalpena ekiditeko, jakin badakitelako eztabaida politikoa galtzen ari direla».

Herria Elkartearen iritzia

Herria kultur elkarteak ere bere iritzia eman du. Izan ere, taberna ixteko erabakia hartu zuen larunbat gauean, «giroak okerrera egin ez zezan» eta bertan zirenek giroa baretzeko saiakera ugari egin ostean. «Eraso guztiz antolatua izan zen –laburbildu du–, ildo sozialistako Donostiako militanteez gain beste herrietako matoiak ekarri zituzten enkaputxatuta zuzenean norengana jo bazekitela».

Hausnarketa hau erantsi du: «Urte luzez aritu gara auzogintzan lanean, baina tokatu izan zaigu gure kalean beste eratako deskontrolatuen erasoak ikusi eta pairatzea. Horrelako erasoen aurrean, auzo bizigarri eta seguru baten alde lanean jarraituko dugu, beti egin dugun bezala. Asanbladako kideei gure babes guztia adierazi nahi diegu».