Asier Aiestaran

Anboto sailkatu da taldekako Bizkaia torneoaren finalerdietara Gallartan

Jon Ander Peñak kaiolan, Urrutikoetxea-Mariezkurrenak binakako deman eta Alberdik buruz buru kantxa osoan lortutako puntuei esker txartela eskuratu dute gorriek. Hurrengo kanporaketa Zierbenan jokatuko dute datorren larunbatean Sollube taldearen aurka (Agirre, Laso-Imaz eta Bakaikoa).

Jon Mariezkurrenak partida bikaina jokatu du Gallartan.
Jon Mariezkurrenak partida bikaina jokatu du Gallartan. (Gorka RUBIO | FOKU)

Anbotok finalerdietarako txartela eskuratu du gaur Gallartan jokatu den taldekako Bizkaia torneoaren lehen kanporaketan. Peña II.a, Urrutikoetxea-Mariezkurrena II.a eta Alberdi dira Anboto taldea osatzen duten pilotariak, eta hiru partidak irabazita kanporatu dute Kolitza (Artola, Jaka-Albisu eta Zubizarreta III.a).

Jon Ander Peñak eman dio lehen puntua Anboto taldeari Lau eta Erdiko lehian. Tolosarrak 18-14 menderatu du Iñaki Artola 194 pilotakada eta 52.16 minutuko iraupena izan duen neurketan.

Partida irekia izan da eta berdinduta joan da azken tarteraino, baina arratsaldeko sustoa markagailuan 13-12koa ikusten zela iritsi da. Artola zabaletik pilota bat eramaten saiatu denean irrist egin eta lurrean etzanda geratu da. Lehenik iztarrari heldu dio, baina gero belauneko minez joan da aldageletara.

Iñigo Simon sendagilearekin luze hitz egin ostean ariketa batzuk egin eta kantxara itzultzea erabaki du partida amaitzeko. Peñak aise lortu du garaipena, baina zorionez Artolak minik gabe amaitu du norgehiagoka.

«Susto handia izan da. Hanka joan egin zait eta aduktore ingurutik belauneraino luzatu handi bat sumatu dut. Iñigok esaten zidan belauneko min txikienari ere errespetu handia izan behar zaiola eta ez nuen arriskatu nahi, baina minik ez nuen sentitzen jada eta partida amaitzea erabaki dut. Ikusi da partidatik erabat irten egin naizela, baina minik ez daukat eta orain apustu egin beharko banu ezer ez dela esango nuke», adierazi du alegiarrak.

Mariezkurrena egurrean

Emaitza horrekin, Jakak eta Albisuk nahitaez irabazi beharra zeukaten binakako partida aurrera egiteko aukerak izateko, baina ez da hala gertatu. Urrutikoetxeak eta Mariezkurrena II.ak neurketa bikaina jokatu dute eta 22-17 menderatu dituzte urdinak.

Norgehiagoka ona izan da, ongi jokatua, eta lau pilotariak fresko ikusi ditugu pare bat asteko oporralditxoaren ondoren. Jon Mariezkurrena izan da agian laukoteko onena eta sekulako pilotakadak jo ditu, Gallartako frontoi luzeko errebotean ipinitako aulkiak behin baino gehiagotan mehatxatuz. Urrutikoetxeak ere oso serio jokatu du eta ongi baliatu ditu bere atzelariak irekitako zuloak, nahiz eta ez dituen tanto ikusgarri asko sinatu.

Erik Jakari kontrakoa gertatu zaio. Bereak izan dira partidako erremate ikusgarrienak, baina ez dira nahikoa izan 22ra iristeko. Jon Ander Albisuk huts gehitxo egin ditu eta horrek utzi ditu ezer ezean urdinen aukerak.

Hirugarren partida, jada puntuak garrantzirik izan ez arren, Alberdik irabazi du 18-12 Zubizarreta III.aren kontra.

Anbotok hurrengo kanporaketa Zierbenan jokatuko du datorren larunbatean Sollube taldearen aurka (Agirre, Laso-Imaz eta Bakaikoa).

Elezkano eta Peio Etxeberria aurrera kaiolako San Fermin Torneoan

Danel Elezkano eta Peio Etxeberria dira Lau eta Erdiko San Fermin Torneoan aurrera egin dutenak Asperen adarrean. Ostiral gauean Zumarragako Beloki pilotalekuan jokatutako bi partida borrokatuetan, bizkaitarrak 22-19 menderatu zuen Dario errioxarra eta nafarrak 20-22 Iker Irribarria.

Gaueko lehen kanporaketan, Danel Elezkano oso indartsu hasi zen eta abantaila ederrak lortu zituen markagailuan. Baina Dario apurka-apurka hurbiltzen joan zen eta azken txanpan oso parekatua izan zen. Hurbiltze horretan, aipatu behar da Dariok ikaragarri arriskatu zuela, saketik zuzenean orma-bikoa bi aldiz sartu zion Zaratamokoari, baina bizkaitarrak ez zen urduritu eta sailkapena ongi ziurtatu zuen txokoan egindako tanto eder batekin.

Peio Etxeberria eta Irribarriaren artekoa ere antzeko bidetik joan zen, baina kasu honetan nafarraren abantailak ez ziren horrenbestekoa izan (4-10) eta bigarren erdian parekotasuna erabatekoa izan zen. Iker Irribarriak pilota oso bizi mugitu zuen, baina lehen zatian akats batzuk egin zituen kaiolan kabitu ezinik. Sakez egindako lau falta oso garesti ordaindu zituen aramarrak. Bigarren erdian zuzendu egin zen, eta 19-19kotik aurerra xehetasun txikiek erabaki zuten garaipena.