NAIZ

Galdutako denbora berreskuratzeko asmoz itzuliko da Onditzen Omenezko Triatloia

Ohiko ibilbidea izango du igande goizean jokatuko den probak eta larunbatean Emakumezkoen triatloia egingo da fisikoki ez horren exijentea eta emakumeen parte hartzea bultzatzea helburu duen proba.

12. emakumezkoen triatloia eta Onditzen Omenezko triatloiaren aurkezpena egin du Atletico San Sebastian klubak Donostiako Udalean.
12. emakumezkoen triatloia eta Onditzen Omenezko triatloiaren aurkezpena egin du Atletico San Sebastian klubak Donostiako Udalean. (Gorka RUBIO | FOKU)

«Azken bi urte hauetan eustea ez da batere erraza izan«, Martin Ibabe Donostiako kirol zinegotziaren esanetan baina, Atletico San Sebastianekin elkarlanean, pandemiak kendutako denbora berreskuratzeko asmoz itzuliko da igande honetan jokatuko den Onditzen Omenezko triatloia.

Osasun egoera hobetuta, azken bi urteetan egin ezin izan den probak ohiko ibilbidea izango du igande honetan goizeko 9.15etatik aurrera. Neskak izango dira irteten lehenak eta mutilek ordu laurden geroago ekingo diote, Atletico San Sebastianen egoitza paretik, igeriketa probari. Jarraian 38,5 kilometro egin beharko dituzte txirrinduarekin eta amaitzeko beste hamar korrika.

Parte hartzaileei dagokionean, badirudi emakumezkoen garaipena bi atleta euskaldun eta beste bi australiarren artean egon daitekeela. Etxekoen artean Zarautzen irabazi zuen Helene Alberdi bilbotarra eta 2019an hirugarren egin zuen etxeko Maddi Marquet izango dira hautagaiak eta kirol honetako potentzia diren australiarren artean Jessica Edward eta Mikalya Messer lirateke kontuan hartu beharreko izenak.

Gizonezkoen artean aukerak askoz zabalagoak omen dira. Etxekoen artean Gonzalo Fuentes donostiarra eta Haritz Garate lirateke aurrean ibiltzeko hautagaiak, Kevin Viñuela espainiarra, Kurt McDonald australiarrak eta Austin Carter Zelanda Berrikoak ere aurrean ibili beharko lukete, baina denen gainetik Donostiako triatloi hau lau aldiz irabazi duen Cesc Godoyren izena nabarmentzen da.

Emakumeen kirola bultzatu

Horren lehiakorra izan gabe, triatloi asteburua borobiltzeko, larunbatean Emakumeen Triatloia jokatuko da, emakumeen kirola bultzatu asmoz antolatutako proba. Kasu honetan proba emakume guztiei irekia dago eta egin beharreko lana ere askoz errazagoa izango da. Hasteko 300 metro egin beharko dituzte igerian Erlojuen parean irtenda, gero Igararaino joan eta etorri 10 kilometro egin beharko dituzte bizikletaz eta, amaitzeko, bi kilometro korrika.