
«Orain arte eztabaida amaigabe horretan ez sartzeko ardurazko hautua hartu dugu, suak gehiago ez indartzeko eta elkarbizitza bermatzeko helburu argiarekin, baina egunotako gertakarien larritasunak ez du beste aukerarik uzten», agertu dute astearte arratsalde honetan Hernanin bildu diren herritarren izenean ohar baten bidez.
Pasa den astean, Buruntzaldeko Kontseilu Sozialistak ohar bat publiko egin zuen, esanez EH Bilduk gobernatzen duen Hernaniko Udalak «beto politikoa» ezarri diola asteon ospatuko diren San Joan jaietako txosnagunean. «Sortu/Bildu bere baliabide eta indar posizioa ari da erabiltzen, Mugimendu Sozialista txosnagunea bezalako guneetatik kanporatu eta betatzeko», salatu zuen.
Beraiekin txosnak ez konpartitzeko erabakia «euren ekintzen ondorio zuzena» dela esan dute txosna batzordeko kideek astearte honetan: «Txosna batzordeak era autonomoan gauzatzen du bere jarduna, irizpide demokratiko eta aurrerakoiak, balore feministak, elkarrekiko errespetua zein ezberdinen arteko elkarlana oinarri. Hartutako erabakiak, gainera, badu jatorri argi bat: urteetan zehar etengabe kritikatzen, kontraprogramatzen, elkarlan zubi oro deliberatuki hausten, beren borondatea gainerakooi inposatzen saiatzen… dabiltzan horiekin dagoeneko elkarlanean aritzeko interesik eza».
Hernani «zirku mediatiko bilakatu nahi dute»
Buruntzaldeko Kontseilu Sozialistako hainbat kide udaletxean itxi ziren astelehenean, haien esanetan, txosna batzordeak, «Mugimendu Feministaren eta Ezker Abertzalearen ekimenez» ezarri dien «beto politikoa» salatzeko. Astearte goizean, berriz, aldebakartasunez txosna jarri dute, txosnagunetik kanpo, Udalak horretarako baimenik eman ez badu ere.
«Udaletxearen okupazioa eta alkatetzaren aurkako jazarpena azken hilabete eta are urteetan Hernaniko herri mugimendu ezberdinetako kideen aurka gauzatutako mehatxu, jazarpen eta eraso kate luzearen azken katebegia baino ez da», nabarmendu dute asteartean elkarretaratzera egin duten herritarrek. Txosna batzordearen erabakiaren kontra eta Udalaren baimenik gabe txosna muntatu izana ere gaitzetsi dute.
Modu berean, irmoki adierazi dute azken egunetan herritarrei, txosna batzordeari nahiz Udalari egindako «jazarpenak eta mehatxuak» ez dituztela onartuko «ez Hernanin ez inon».
Ohartarazi dute talde horretako kideak errealitatea «desitxuratzen» ari direla «biktima gisa» agertzeko eta ukatu egin dute haien kontrako inolako bazterketarik dagoenik. «Horren adibide dira duela aste gutxi Hernanin bertan egin zituzten topaketa nazionalak zein txosna gunean dagoen eta euren ildo politikoari erantzuten dion txosna bera», zehaztu dute. Hernani «zirku mediatiko» bilakatzeko nahia leporatu diete.
Testuinguru honetan, mugimendu horretako kideei galdegin diete errespeta ditzatela Udala, txosna batzordeak, herritarrak eta jaiak eta horien guztien aurkako «mehatxu eta jazarpen oro» eten ditzatela.

EP, abierto a favorecer la alcaldía de EH Bildu en diez municipios de Bizkaia y Gipuzkoa

Elkarrekin Podemos deja a Etxeberria y Mendoza a solas con Feijóo y Ayuso

El PNV perdería en Gasteiz 5 parlamentarios y EH Bildu ganaría 3, extrapolando datos forales
Des propos sexistes à l'inauguration d'AB Campus

El proyecto deportivo de Uriarte se tambalea

Asiron destaca que no aceptará en Iruñea vías que excluyan al 27% del electorado

Telesforo Monzonen ‘Txikia’ abestia ereserki bilakatu dute Hazparneko errugbi jokalariek

Ignacio Ansorena Funtsa, Durangaldeko 10.000 irudi baino gehiagoren legatua
