NAIZ
Baiona

Hezkuntza Ministerioari bilera eskatu diote parlamentariek, azterketen auzia konpontzeko

Frederique Espagnac senatariak bilera eskatu dio frantziar Hezkuntza Ministerioari, Ipar Euskal Herriko parlamentari guztien izenean, azterketak euskaraz egin ahal izateko konponbidea bilatzeko.

Azterketak Euskaraz dinamikako kideak, joan zen larunbatean Baionan eskaini zuten agerraldian.
Azterketak Euskaraz dinamikako kideak, joan zen larunbatean Baionan eskaini zuten agerraldian. (Guillaume FAUVEAU)

Ipar Euskal Herriko parlamentariek hitzordua eskatu diote frantziar Hezkuntza Ministerioari, ikasleek azterketak euskaraz egin ahal izan ditzaten konponbideak bilatzeko. Mediabask atariak eman du berria, eta Kazeta.eus-ek ere jaso du.

«Eraginkorrak izanen gara soilik elgarrekin baldin bagara», adierazi du Espagnac-ek Mediabasken. «Ostegun goizean Hezkuntza Ministerioan eskaera bat egin nuen, hauteskunde legegileen ondoko egunerako senatari eta diputatu berriak Ministroaren bulegoan errezibituak izan daitezen», azaldu du.

Joan zen ekainaren 16an, Seaskako guraso, irakasle eta ikasleek osatzen duten Azterketak Euskaraz kolektiboko kideek beren lehen gaua pasa zuten Akademia Ikuskaritzak Baionan duen egoitzan. Ordu batzuk lehenago,  ekintzaileei. Senatari sozialistak, bere gutunarekin batera, gertakari horien argazkiak ere atxiki ditu, lekukotasun gisa. Akademia ikuskaria eta Baionako suprefeta ere jakinaren gainean jarri ditu, azken honek «gure eskaeraren berri eman dezan».

Azterketak euskaraz egiteko eskubidearen aldeko okupazioa larunbatean bukatu zen, Euskal Elkargoaren konpromisoa eta sostengua lortu ondoren. Hala, erakundeak Seaskari proposatu dio egoitza publiko bat bere esku jarriko duela uztailaren 5ean brebetaren euskarazko azterketak zuzentzeko. Irakasleek zuzenduriko kopiak balioztatuko ditu Elkargoak eta gainditu duten ikasleei ziurtagiri bat emanen die uztailaren 12an Ipar Euskal Herriko instituzioaren egoitzan berean.