Irene Paredes eta Damaris Egurrola izango dira euskal futbolari bakarrak Europako Txapelketan

Jorge Vildak Nerea Eizagirre, Amaiur Sarriegi eta Ainhoa Moraza espainiar selekzioaren behin betiko deialditik kanpo utzi ditu.

Irene Paredese legazpiarrak hirugarren aldiz jokatuko du Europako Txapelketa.
Irene Paredese legazpiarrak hirugarren aldiz jokatuko du Europako Txapelketa. (RFEF)

Irene Paredes eta Damaris Egurrola izango dira datorren astean hasiko den Europako Txapelketan parte hartuko duten euskal futbolari bakarrak, Jorge Vildak Nerea Eizagirre, Amaiur Sarriegi eta Ainhoa Vicente Moraza espainiar selekzioaren behin betiko deialditik kanpo utzi ondoren. Lehen txapelketa handia izango da Herbehereetako elastikoa jantziko duen erdilari bizkaitarrarentzat; Paredesek, berriz, ez du hitzordu bakarra galdu espainiar selekzioarekin, 2013an Suedian debutatu zuenetik.

Harridura sortu du Vildaren erabakiak, Eizagirrek eta Amaiurrek Realaren denboraldi ikusgarrian izan duten garrantzia kontuan hartuta. Baita aurrelari donostiarrak talde gorri-horiarekin, orain dela urtebete debutatu zuenetik, izan duen ibilbideagatik, izandako minutuak aprobetxatu baititu bere golak egiteko gaitasuna erakusteko. FIFAren beraren webgune ofizialak eskaini zion erreportaje bat irailean Feroe Uharteen kontrako norgehiagokan lau gol sartu ondoren. Vildak, gainera, bere erreferentziazko aurrelaria galdu du, Jenni Hermoso orain dela bi aste lesionatu eta ezingo baita Ingalaterrara joan. Orduan hartutako erabakia ere deigarria izan zen, Claudia Zornoza erdilaria deitu baitzuen golegilea ordezkatzeko. Gaur, Real Madrideko futbolaria erabateko deialditik kanpo utzi du berriro, Amaiur, Eizagirre, Moraza eta Tere Abelleirarekin batera. Ezustea borobiltzeko, Salma Paralluelo gaztea deitu du, Lucia Garcia, Claudia Pina eta Esther Gonzalezekin batera aurrelarien zerrenda osatzeko. Sekulako kalitatea dauka Villarrealeko aurrelari gazteak baina hau izan da bere lehen deia espainiar selekzio absolutuarekin eta larunbatean Australiaren kontra jokatutako lagunartekoan deialditik kanpo geratu zen.

Herbehereetan orain dela bost urte lehiatutako Europako Txapelketarekin batera, euskal futbolaren ordezkaritza txikiena izango duen txapelketa handia izango da Ingalaterrakoa, betiere jokatzeko aukera egon denean kontuan hartuta. Orduan ere bi jokalarik besterik ez zuten parte hartu, Irene Paredesek eta Mariasun Quiñonesek. Bost egon ziren 2013an Suedian (Ainhoa Tirapu, Eli Ibarra, Leire Landa, Erika Vazquez eta Paredes bera) eta sei 1997an Suedia-Norvegian (Arantza del Puerto, Yolanda Mateos, Maider Castillo, Eli Capa, Vanesa Gimbert eta Arrate Gisasola). Munduko Txapelketei dagokienez, Irene Paredesekin batera Mariasun Quiñones eta Nahikari Garcia egon ziren 2019an frantziar Estatuan jokatu zen txapelketan eta bost izan ziren (Tirapu, Ibarra, Landa, Erika eta Paredes) 2015ean Kanadan parte hartu zutenak.

Gainera aurten, lehen aldiz, bi elastiko desberdin jantziko dituzte euskal futbolariek. Espainiar selekzioarena Irene Paredesek eta Herbehereetakoa Damaris Egurrolak. Gipuzkoarraren taldea B multzoan dago kokatuta, Alemania, Danimarka eta Finlandiarekin batera, eta Sanni Franssi txuri-urdinaren taldearen aurka jokatuko du lehen partida uztailaren 8an. Herbehereetako selekzioak, berriz, C multzoa osatuko du Suedia, Suitza eta Portugalekin batera. Egurrolaren taldeak Suediaren kontra jokatuko du lehen neurketa, uztailaren 9an.