Joseba Iturria
Periodista deportivo. Real Sociedad y ciclismo
Elkarrizketa
Ion Izagirre
Cofidis taldeko txirrindularia

«Cofidis 2008. urtetik etaparik irabazi gabe dago Tourrean eta merezi du. Hori da helburua»

Kontratu berria sinatu zuenean bere helburua aste bateko itzuliak lehiatzea eta Tourrean eta Vueltan etapen lehian aritzea zela azaldu zuen ormaiztegiarrak. Txirrindularitzak duen babesle fidelenetakoari azken 14 urteotan lortu ez duen garaipena eman nahi dio Copenhaguetik abiatuko den lasterketan.

Ion Izagirre Arraten Itzulian lortu zuen garaipena ospatzen.
Ion Izagirre Arraten Itzulian lortu zuen garaipena ospatzen. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Itzulia kenduta –Arrateko etapa irabazi zuen eta sailkapen nagusian bigarren amaitu–, Ion Izagirreri ez zaio denboraldia nahi bezala atera. Hala ere, gustura dago talde berrian eta World Tourrean mantentzeko borrokan bere ekarpena egin nahi dio Cofidisi.

Zein helbururekin arituko zara Tourrean?

Oraindik ez ditugu taldearekin bakoitzaren helburu pertsonalak finkatu, ezta taldeko helburuak ere, baina uste dut kontua argi dagoela. Guillaume Martinekin sailkapen nagusian postu on bat lortzen saiatuko gara, eta gero helburu pertsonalak lortzen ere saiatuko gara etapa garaipenekin. Nire ustez Cofidisek ere etapa garaipenen beharra du. Aspalditik ez du Tourrean irabazi eta talde polita dugu helburu horretarako, bai ni, bai Victor Lafay, bai Benjamin Thomas, bai Simon Geschke, bai Max Walscheid… Talde nahiko orekatua daramagu eta ea garaipentxoren batekin itzultzen garen.
 
Cofidisekin fitxatzerakoan hasieratik finkatu zenuten hori, ezta? Hau da, zu prest zeundela Guillaume Martini Tourrean laguntzeko, baina nahiago zenuela Vueltan eta Tourrean etapak bilatzea eta aste bateko itzuliei lehentasuna ematea bertan sailkapen nagusia lehiatzeko.

Bai, izan ere, saiatu nintzen itzuli handietan sailkapen nagusia lehiatzen eta ez zitzaidan iruditu niretzako lasterketak zirenik. Vueltan eta Tourrean etapa garaipenen lehian sartzea hobeto ikusten dut eta hori izango dut helburu.

Zer balorazio egiten duzu orain arte lortutakoaz? Itzulia zen zuretzat denboraldiko helburu nagusia, eta urteko une ederrenetakoa izango zen Arrateko etapa irabazi eta podiumen sartzea, ezta?

Bai, dudarik gabe, emaitza handirik ez dut lortu gainera hori kenduta. Beti markatu izan dut Itzulia helburu handiena bezala. Aurten oso pozik nago Arrateko etaparengatik, eta benetan gustura sailkapen nagusiko bigarren postu horrekin. Gero egia da hortik Ardenetara eta Romandiara joan nintzela eta ez nituela lasterketa onak egin. Gero Suitzako Itzulian ere gauzak ez zitzaizkidan atera. Espainiako erlojupeko txapelketan ere ez nuen gustura amaitu,eta igandean erorketa baten ondorioz lasterketa uztea tokatu zitzaidan... Pixka bat zoritxarrekoak izan dira azkeneko aste hauek.

Baina ondo iristen zara Tourrera, ezta?

Bai, entrenamenduak ondo joan dira. Suitzako Itzuliko lehenengo egunean ere, ez dakit bero kolpearengatik izan zen edo beste zerbaitegatik, egun txarra izan nuen, denbora asko galdu nuen eta pena eman zidan aukera guztiak galtzea. Baina egunak pasa ahala nire pedal kolpea berreskuratu nuen eta azkeneko egunetan, batez ere azken-aurreko etapan, ihesaldian sartzea lortu nuen eta berriro sentsazioak berreskuratzeak psikologikoki lagundu zidan, animoak berreskuratzen.

Cofidis taldearentzat Tourrean etapa bat irabaztea oso garrantzitsua da. Urte asko daramatza lortu gabe…

Bai, ez nintzen gogoratzen baina uste dut azkeneko garaipena 2008koa dela, Chavanelek irabazi zuenekoa. Beti da garrantzitsua etapak irabaztea Tourrean eta, talde frantsesa izanda, askoz gehiago. Cofidisek daukan historiarekin merezi du etapa bat irabaztea eta uste dut hasi aurretik ere sinatuko genukeela etapa bat irabaztea.

Talde berria da zuretzat Cofidis. Nola sentitzen zara?

Oso gustura. Taldea gustura dago nirekin eta ni ere bai taldeak niregatik egiten duenarekin; konfiantza du nigan. Gainera askatasuna daukat egutegia aukeratzeko garaian. Beti laguntzen didate entrenamenduekin, kontzentrazioetan… Oso gustura nago.

Presiorik sentitzen al duzue? World Tourren jarraitzeko puntuak garrantzitsuak dira…

Hiru urteko puntuazio sistema da indarrean dagoena, eta, egia esan, badirudi azkeneko urtean, azkeneko txanpan, dena korrika eta presaka egiten saiatzen garela guztiok, azterketekin bezala. Azken momentura arte ez gara konturatzen, baina egia esan nahiko estu dago dena. Puntu beharrarekin gaude eta Tourrean lortzen diren puntuak ongi etorriak izango dira.

Nola ikusten duzu Tourra? Ezberdina da aurten. Harbideak igaroko den etapak 2014ekoak eduki zuen bezainbesteko garrantzia izan dezake? Lasterketaren hasieran ere tentsioa nagusituko al da beste behin ere?

Hori seguru, Tourrak beti dauka hori. Lehenengo egunetan oso garrantzitsua da ezustekorik ez izatea, bai behintzat sailkapen nagusia lehiatzera bazoaz. Denbora gehiegi ez galtzea funtsezkoa da, are gehiago horrelako etapak daudenean. Danimarkan ere haizea espero da, tentsioa izango da, erorketak… abanikoak ere sor daitezke. Gero bosgarren etapa, harbide zatiekin, oso urduria izango da, arriskuz betea. Hortik ateratzean ikusiko da nola gelditzen den sailkapen nagusia.

Mendiko etapak nola ikusten dituzu? Beste batzuetan baino gogorragoak dira edo antzekoak?

Egia esan ez ditut banan-banan aztertu, baino ikusi dut nahiko mendi egon badagoela. Alpeak eta Pirinioak sartu dituzte eta zazpigarren etapa igoeran amaitzen da, La Planchen, azken urteetan igotako mendate batean. Beti izaten dira Tourrak gogorrak eta aurten ere seguru horrela dela.

Zuk mendiko etapak bilatuko dituzu, ezta? Ihesaldiren batean sartu eta etapa borrokatu...

Bai, etapa batzuk markatuko ditut nire aukerak baliatzeko. Helmuga jaitsiera bat eta gero dauden mendiko etapak bilatu behar ditut. Edo etapa lauak, oso gogorrak ez direnak, ihesaldi batean sartuz gero, irabaztea oso zaila edukiko dut taldean helduta, ez daukadalako abiadurarik esprinterako. Horregatik, nire ezaugarrietara egokitzen diren etapak markatzen eta horietan saiatzen ahalegin beharra dut.

Suitzan ez zenituen faborito nagusiak ikusi, baina zer espero duzu sailkapen nagusiari begira? Pogacar eta Jumboren arteko lehia edo beste norbait ere sar daiteke tartean?

Nire ustez jende gehiago egongo da garaipenaren borrokan. Egia da hasiera batean Jumbok daraman taldea oso indartsua dela eta Pogacar erreferentzia dela, denak baitakigu zer maila daukan. Baina, hortik aparte, ezin dira beste taldeak, beste faboritoak ahaztu: Ineos, Gaudu... Talde gehienek edukiko dute norbait aurrean. Ben O'Connorrek ere Dauphiné bikaina egin du. Lasterketak bakoitza bere tokian jartzen du. Gero zortea ere behar da; erorketak edo mila gauza gerta daitezke hiru asteko itzulietan. Egunez egun joan eta azkenean ikusiko da emaitza.