Ane Urkiri

Euskal Selekzioaren aldeko eragileek «bide orri gardena» exijitu diote Futbol Federazioari

Euskal Futbol Federakundeak ohiko batzar nagusia egiten zuen bitartean, euskal selekzioaren aldeko eragileetako kideak Landako Gunearen kanpoaldean elkarretaratu dira. UEFA eta FIFAren ezezkoen aurrean, Kirola Arbitratzeko Epaitegian helegitea jarri ez izana «larria» iruditzen zaie.

"Gu ere bai" dinamikako kideak Landako Gunearen kanpoaldean elkarretaratuta.
"Gu ere bai" dinamikako kideak Landako Gunearen kanpoaldean elkarretaratuta. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

«Urratsik ez emateaz gain, atzerapausoak eman dira», adierazi dio NAIZi Patxi Gaztelumendik, "Gu ere bai" dinamikako kideak. Futboleko euskal selekzioaren ofizialtasuna 'stand by' egoeran dagoela iruditzen zaio eta gogoratu du duela lau urte «aho batez» onartu zela ofizialtasunerako bide guztiak urratzea. 

Duela urte eta erdi, 2020ko abenduan, hain zuzen ere, zuzendaritza talde berria hasi aurretik, Luis Mari Elustondok –orduan Federazioko presidente zenak– ofizialtasunerako eskaria aurkeztu zuen UEFA eta FIFA nazioarteko futbol erakundeetan. 

Hauen lehendabiziko erantzuna ezezkoa izan zen eta zuzendaritza berriak, Javier Landeta presidente moduan, helegiterik ez jartzea erabaki zuen. Honen inguruan, hain zuzen ere, komunikatu bat azaleratu dute ostegun honetan Federazioko hiru kidek –Joxe Mari Artolak, Mikel Azkunek eta Beñat Larrañagak– eta zuzendaritza taldearekin dituzten desadostasunak azaleratu dituzte.

Landetak Gasteizko Legebiltzarren eginiko agerraldian adierazi zuen helegitea ez aurkezteko erabakia «birritan aho batez» onartua izan zela eta hiru kide hauek, aipatu komunikatuan, gezurtatu egin dute presidenteak esandakoa.

Modu honetan, ohiko batzar nagusiaren deialdia aitzaki hartuz –hedabide ezberdinetako kazetari grafikoei bilerarako sarbidea ukatu zaie– eta bilerako gai zerrendan auzi hau agertzen ez denez, elkarretaratzea egin dute Landako Gunearen kanpoan euskal selekzioaren aldeko eragile den "Gu ere bai" dinamikak deituta,. «Federazioko hiru kidek azaleratuko ez balute auzi hau, ezerezean geratuko litzateke», ohartarazi du Gaztelumendik.

Bere ustetan, ofizialtasunera bidean «bide orri garden bat» zehaztea funtsezkoa izan beharko luke. Are gehiago, klub, jokalari, eragile, erakunde eta Federazioa barnebilduko zukeen mahai bat sortzea ere beharrezko ikusten du. «Kirola Arbitratzeko Epaitegian helegitea ez aurkeztea oso larria deritzogu», nabarmendu du, «auzitegi horretan aldeko erabakiak hartu direla badakigulako».

«Denbora irabazi nahi dute galdutako aukera ahaztu nahian», iritzi du eta UEFA eta FIFAra eginiko eskabidearekin ireki zen bidea ez jarraitzeagatik kezkatuta agertu da Gaztelumendi. «Bagenekien zaila izango zela baina ondo dakigu partidak ez direla irabazten jokatu gabe, baizik eta jokatu egin behar dela irabazteko», hausnartu du.