Joseba Salbador Goikoetxea

Eroskik bazkideen ekarpena indartuko du Rosa Carabelen eskutik

Distribuzio kooperatibak 600 bazkide berri gehitu zituen 2021ean eta datozen bost urteetan beste 2.000 izatea espero du. Agustin Markaideri lekukoa hartu ondoren, lehendakari berriak bertako produktuen aldeko apustua indartzen ere jarraitu nahi du.

Markaidek maiatzean egindako batzar nagusian eman zion lekukoa Carabeli, Leire Mugerza Kontseilu Errektoreko lehendakariaren aurrean.
Markaidek maiatzean egindako batzar nagusian eman zion lekukoa Carabeli, Leire Mugerza Kontseilu Errektoreko lehendakariaren aurrean. (NAIZ)

Eroski kooperatibak Batzar Nagusia egin zuen maiatzaren 26an Barakaldon; bertara deituak zeuden bazkide langileen eta bazkide kontsumitzaileen kolektiboetako 500 ordezkari. Agustin Markaideren azken batzarra izan zen taldeko lehendakari gisa, hamaika urte lehen exekutibo gisa eta 30 baino gehiago kooperatiban egin ondoren. Kooperatibaren erabaki organo gorenaren bilkuran, Markaidak Rosa Carabeli eman zion lekukoa; uztailaren 1etik aurrera jardungo du kargu berrian azken honek.

Rosa Carabelek (Coruña, 1966) hogei urte baino gehiago daramatza taldean eta zuzendari komertziala izan zen iazko otsailean zuzendari nagusi postura igaro aurretik.

Markaidek (Arrasate, 1957), berriz, erretiroa hartu du hamaika urteko agintaldian hainbat krisi gainditu eta iaz taldea irabazietara itzultzea lortu ondoren, 2007tik izandako emaitzarik onena.

Agustin Markaidek dei egin zien bazkideei «ilusioz ekitera Eroskik bizi duen aro berriari, non aukera gehiago izango den jarduteko eta begirada berritu bat ere bai erronka berriei aurre egiteko». 

Agustin Markaidek eskertu egin zuen «Eroskiko profesionalek egin duten ahalegina une orotan erantzun egokia emateko gizarteak azken urteetan aurrez aurre izan dituen aldaketa ugariei». Era berean, nabarmendu zuen Eroskiren bilakaera ekonomiko eta finantzarioa oso ona izan dela, eta 2021eko emaitza azken 14 urteetako onena izan dela. Eta bereziki dei egin zien bazkideei «ilusioz ekitera Eroskik bizi duen aro berriari, non aukera gehiago izango den jarduteko eta begirada berritu bat ere bai erronka berriei aurre egiteko. Garai berrietan lidergo berriak behar izaten dira. Rosa Carabelenak erabateko bermea du, bere profesionaltasunak eta taldean 25 urtean baino gehiagoan egin duen ibilbideak ematen dutena, gehienak kooperatiba nagusiko bazkide gisa».

Rosa Carabel, bestalde, «harro eta eskertuta» agertu zen Kontseilu Errektoreak berarengan jarritako konfiantzagatik. Horrekin batera, nabarmendu zuen Eroskiren proiektu kooperatiboa «proiektu kolektiboa» dela, guztien ekarpenekin eraikitzen dena. Kolektibo horri 600 bazkide kooperatibista berri gehitu zaizkio 2021ean eta, ondorioz, kooperatibako bazkide langileak 9.058 ziren aurreko ekitaldiaren amaieran.

Ildo horretan, lehendakari berriak iragarri zuenez, Eroskik «jarraitu egingo du bazkideak gehitzen, bost urteren buruan 2.000 bazkide berri izateraino. Gure proiektuaren oinarriak indartzeko eta hura garatzeko bidean sendotasunez aurrera egiteko asmoz ekin dio aro berriari», esan zuen.
Guztira, Eroskik 33.000 bazkide kooperatibista, langile eta frankizia-hartzaile ditu, eta sei milioi bazkide bezero baino gehiago.

Hurbiltasuna eta iraunkortasuna

Negozio ereduari dagokionez, Rosa Carabelek azaldu zuenez, «gizartea eta kontsumitzailea bizkor aldatzen ari dira, eta haien neurriko erantzunak eman behar dizkiegu, iraganetik bestelakoak izango diren erantzunak».

«Azken urteetan, gizarteak eta kontsumitzaileek apustu argia egingo dute elikadura osasungarri eta iraunkorren alde, hurbileko produktuetan oinarrituta. Apustu horrek -gaineratu zuen– bete-betean bat egiten du Eroskik duela bi hamarkada baino gehiago hartu zuen konpromisoarekin».

Testuinguru horretan, Carabelek nekazaritzako elikagaien industriari bultzada emateko Eusko Jaurlaritzarekin sinatutako hitzarmenaren berri eman zuen. Hitzarmen horrek berritu egin du bi erakundeek duela bederatzi urte sinatu zutena. Horren bidez hiru aldiz biderkatuko da Eroskik eta tokiko ekoizleek Euskal Autonomia Erkidegoan elkarrekin duten jarduera komertziala; ia 300 dira tokiko ekoizle horiek eta 2.400 produkturekin baino gehiagorekin hornitzen dute kooperatiba.

Hurbileko produktuekin eta iraunkortasunarekin zerikusia duen beste ekimen bat da Eroski Azoka izenekoa, ekoizleek gune bat izan dezaten tokiko produktuak zuzenean kontsumitzaileei saltzeko. Rosa Carabelen esanetan, «hobetu egin nahi dugu hurbileko produktuak kontsumitzeko esperientzia, balio sozial eta ekonomiko handikoak, kalitate handia dutenak eta bidezko prezioa».

Instalazio berriak

Zentzu horretan, 2021eko lehen erdian, Eroskik Jundizko produktu freskoen plataforma inauguratu zuen Gasteizen, 20 milioi euroko inbertsioa egin ondoren.

Era berean, urtearen amaieran, Gasteizko Lakua-Arriaga auzoan bere sare osoko supermerkatu energetikoki iraunkorrena inauguratu zuen. Proiektu berritzailea da, denda estandar batekin alderatuta energia-kontsumoa %50 murriztea lortu duena, eta jatorri berriztagarria duen energiaren %100 duena. Proiektu hau 2050ean berotegi-efektuko gasen emisio garbiak zero izango dituen enpresa bihurtzeko konpromisoan kokatzen da.

Parte-hartze prozesu zabala

Batzarrerako bidean, aurretik parte-hartze prozesu handi bat egin da Eroskiko bazkide langileekin eta bazkide kontsumitzaileekin, non saio informatiboak eta prestaketa batzarrak egin diren aurrez aurre eta konexio digitalekin; 40 baino gehiago guztira.

Eroskiko Kontseilu Errektoreko lehendakariak, Leire Mugerzak, balioetsi egin nahi izan zuen «kolektibo sozial guztiaren inplikazioa, bai eta haren lana eta dedikazioa ere, aukera eman baitu Eroski eraldatzeko eta aro berri bat irekitzeko. Proiektu kooperatibo honen misioa aurrera eramanez jarrai dezagun, kontsumitzaileen osasunaren alde eta gure inguruaren iraunkortasunaren alde, enpresa egiteko bestelako modu batekin», amaitu zuen.

Leire Mugerzak hamar urte egin ditu Kontseilu Errektoreko lehendakari, eta batzar nagusiak berriz hautatu zuen bertako kide.