NAIZ

Aldaregia-Mujika bikoteak irabazi du Ados pilotak antolatutako lehen San Fermin torneoa

Aldaregi-Mujika bikotea 22-12 emaitzarekin gailendu zaie Arrieta-Mendibururi astearte honetan Labrit pilotaleakuan jokaturiko finalean. ELA gaixotasunaren alde antolatu du Ados pilota elkarteak txapelketa hau eta giro polita bizi izan da Iruñeko pilotalekuan, San Ferminei ongi etorria emanez.

San Fermin Torneoko finalistak podiumean eta ezkerrean, Juan Carlos Unzue.
San Fermin Torneoko finalistak podiumean eta ezkerrean, Juan Carlos Unzue. (ADOS PILOTA)

Giro paregabea bizi izan da astearte arratsalde honetan Labrit pilotalekuan. Gainezka egin du frontoiak San Ferminak hasi aurretik jokatu den lehendabiziko final handia ikusteko eta pilotariek ere eskaini dute ikuskizuna. Ados pilotak ELAren alde antolatu duen jaialdiari amaiera ezin hobea eman diote San Fermin Torneora iritsi diren bi bikoteek.

Azkenean, balantza Aldaregi-Mujika bikotearen alde jausi da. 22-12 irabazi die Arrieta eta Mendibururi. Epaile lanetan Juan Martinez de Irujo eta Ruben Beloki pilotari ohiak aritu dira.

Pilotariek urduri ekin diote partiduari, tentsio handia nabaria zen eta partidan hobeto sartu dira hasieran Arrieta eta Mendiburu. Lehen tantoetan jokoaren ekimena haiena izan da eta horrek markagailuan aurretik jartzea ahalbidetu die.

Urdinak, baina, gutxika-gutxika partidan sartzen joan dira eta batez ere defentsa ona erakutsiz lehia berdintzea lortu dute. Partidu erditik aurrera Ane Mendiburu urduri jartzen hasi da eta normalean egiten ez dituen akatsak medio, urdinek zuloa ireki dute markagailuan. Hortik aurrera Andrea Aldaregia eta Maite Mujika erraz eraman dute partidua eta uste baino lehen hautsi da finala.

Astearte honetako finalean nabaritu da urdinek esperientzia gehiago daukatela horrelako partidak jokatzerako orduan eta horrek erabaki du San Ferminetako lehen txapela. 

Txapela janzterako unean, momentu hunkigarria bizitu dute Labritera gerturatu direnek. Asteazkenean txupinazoa botako duen Juan Carlos Unzuek jarri baitie txapela txapeldunei. ELA gaixotasuna dauka entrenatzaile ohiak eta txapelketa gaixotasun horren ikerketa sustatu asmoz antolatua izanda, ordezkari bikaina izan da Unzue. Amaiera gogoangarria eman zaio beraz Ados pilotak lehen aldiz antolatu duen San Ferrmin txapelketari.