NAIZ
Donostia

Presoei etxera bidean laguntzeko abuztuaren 20an Donostiako kaleak hartzera deitu dute

Sarek eta Donostiako Jai Batzordeak, Piratekin batera, abuztuaren 20an hiriko kaleak hartzera dei egin diete herritarrei, manifestazioan errepresaliatuen «etxera bidea egiteko prest gaudela» adierazteko.

Sarek, Jai Batzordeak eta Piratek Donostian egin duten agerraldia.
Sarek, Jai Batzordeak eta Piratek Donostian egin duten agerraldia. (Gorka RUBIO | FOKU)

Abuztuaren 20an Sarek eta Donostialdeko Jai Batzordeak, Piratekin batera, hiriko kaleak betetzera dei egin diete herritarrei euskal presoen eskubideak aldarrikatzeko. 12.30ean Bulebarretik jai giroan abiatuko den manifestazioan «etxera bidea egiteko prest» daudela ohartaraziko dute.

Hala adierazi dute astearte honetan egindako agerraldian. Gogoratu dutenez, «aurtengoan ere, udako hiriburuetako jaien testuinguruan salbuespen legedia salatu eta euskal presoen euskal herriratzea bere osotasunean gauzatu dadin aldarrikatzeko mobilizazioak antolatzen gabiltza Sare herritarra elkartetik. Eta Donostian ere horretarako asmoa dugu».

«Aurten, azken bi urteetan ez bezala, berriro ere jaia eta aldarria uztartzeko aukera izango dugu, bi urteren ostean, kaleak ospakizun gogoz beteko baitira berriz. Guk ere, jai giro hori islatu nahi izan dugu gaur, eta jai giro horren baitan elkartuko gara abuztuaren 20an ere», gaineratu dute, eta hasitako bidea muturrera eramateko «herri aktibazioa eta bultzada ezinbesteko elementuak» direla nabarmendu dute.

Haien esanetan, «azken hilabete luzeetan, behin eta berriro adierazi dugu gure poza, esperantza eta gogoa, salbuespeneko espetxe politikarekin amaitzeko ematen hasiak diren urratsekin. Euskal Herriratzeak, gradu progresioak, isolamenduaren amaiera, hainbat espetxe atzean utzi izana... hasitako bide honek aukera berri bat zabaldu du gure herrian, probestu behar dugun aukera berria».

Baina, beraiek aitortu duten bezala, «aldaketak ematen hasiak diren arren, oraindik ere geldoak eta trabaz josiak izaten ari dira. Honek agerian uzten du oraindik bide luzea dugula egiteko, benetan salbuespen legedia guztiz atzean utzi eta legedi arrunta ezarri dadin».

«Asko dira oraindik, baldintza guztiak bete arren, baimenak eta 3. graduak eskuratzeko oztopoak jasaten ari diren presoak, baita horiek eskuratuta ere, Auzitegi Nazionala baliatuz, atzera bota eta berriro espetxeratuak izaten ari diren presoak ere. Eta euskal herriratzeei dagokionean ere, oraindik %36a Euskal Herritik kanpo espetxeratua dago», salatu dute.

Egoera honi aurre egiteko, Donostiako kaleak hartuko dituzte abuztuaren 20an, «Etxera bidea gertu» lelopean antolatu duten manifestazioan.